Joan eduki nagusira

zoom Marina Arraiza.

Marina Arraiza.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbideko bi graduatuk irabazi dute aurten, “ex aequo”, Giza Eskubideen babeserako eta Garapenerako Lankidetzarako Jaime Brunet Unibertsitateko Saria. Izen bereko fundazioak emandako sariaren irabazleak Marina Arraiza Shakirova (San Petersburgo, 1996) eta Lucía Zoe González Inchausti (Huesca, 1993) dira. Saria 2.000 eurokoa da (kasu honetan, bien artean banatzeko), gehi egiaztagiri bat, eta gizabanakoen eskubideen defentsa eta babesa eta garapenerako lankidetzako gaietan hobekuntza eta proposamenak ardatz dituzten Gradu eta Master Amaierako Lanak saritzea du xede.

Marina Arraiza gaur egun Europar Zuzenbideko eta Merkatuen Integrazioko masterra egiten ari da Maastrichteko unibertsitatean (Herbehereak), eta hauxe du lana: “The stateless rohingya from Myanmar: a legal analysis” (“Myanmarreko rohingya aberrigabek: lege-azterketa bat”). Egileak, bertan, Myanmarreko rohingya gutxiengo etnikoaren egoera salatzen du, nazionalitatea ukatzen baitiete agintari birmaniarrek. “Ukazio hori -azaltzen duenez-, giza eskubideen urraketa iraunkorra da, gatazka-iturri”. Arraizaren esanetan, eskubide-urraketa horrek ondorio ezin larriagoak ditu: emigratu beharra, jazarpen erlijiosoa, lurren lapurreta eta emakume eta neskatoen kontrako eraso sexualak. Horri guztiari, beste bi problema gehitzen zaizkio: Myanmarreko gobernuaren jarrera -gezurtatu egiten du egoera hala dela-, eta nazioartearen pasibotasuna, Arraizak ongi azaltzen duenez: “Jokoan diren interesak traba dira konponbiderako mekanismoak bilatzeko, giza eskubideak ez baitira izaten lehentasuna”.

zoom Lucía González.

Lucía González.

Lucía Gonzálezen lanak “Herri indigenen eskubideen babesa: ayoreo totobiegosode etniaren kasua eta bere bakartze-taldea Paraguain” du izenburua, eta Prestakuntza Solidarioko Programaren barrenean dago (NUPek sustaturik). Lucía González, gaur egun, ikaslea da European Master's Programme in Human Rights and Democratisation izenekoan (Giza Eskubideei eta Demokratizazioari buruzko Masterrean). Egileak, bere lanean, herri indigenen eskubideak babesteko baliabideen lege-tresnen berrikusketa egin du, bai nazioarteko sistemarena (Nazio Batuak) bai kontinentekoa (Ameriketakoa). Ondotik, xehetasunez aztertzen du aipatutako komunitate indigenaren kasua (Paraguaiko iparraldean dago), Lucía Gonzálezek bost hilabeteko egonaldia egin baitzuen bertan. “Pertsona haiei ahotsa ematea zen nire helburu nagusia, sistematikoki ukatu egin baitzaie”, azaltzen du.

Jaime Brunet Unibertsitateko Sariaren epaimahaia

NUPeko hiru irakasle izan dira Jaime Brunet Unibertsitateko Sariaren epaimahaiko kide: Antonio Gorri Goñi eta José María Rifá Soler katedradunak (Gizarte Laneko Sailekoa eta Zuzenbide Publikoko Sailekoa) eta Francisco Javier Blázquez Ruiz unibertsitateko irakasle titularra (Zuzenbide Publikoko Saila).

2014. urtetik Jaime Brunet Fundazioak ematen du Jaime Brunet Unibertsitateko Saria. Giza Eskubideak Sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria ere ematen du Fundazioak 1998tik, giza eskubideak defendatzen dituzten gizabanakoen eta erakundeen ibilbide aparta nabarmendu eta aupatzeko. Hala ere, Jaime Brunetek berak gisa horretako ikerketa lanak nabarmentzea nahi zuenez, sari bat antolatzea erabaki zen, urtero-urtero unibertsitateko ikasle baten lana saritzeko.

Jaime Brunet fundazioa kultur fundazio pribatua da, gizarte interesa eta izaera iraunkorra dituena, eta hauek ditu helburuak: giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik desagerraraztea. Fundazioak helburu horietara bideraturiko jarduerak eta balio horien errespetuarekin loturiko azterketak sustatzen ditu.

Jaime Brunet Romerok (Baiona, Frantzia, 1926 - Donostia, 1992) eman dio izena Fundazioari. Brunet Zuzenbidean lizentziatu zen Valladolideko Unibertsitatean. Seme-alabarik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurkako sentimenduek bultzatuta, bere ondarea oinordetzan uztea erabaki zuen, bi helbururekin: batetik, hiltzean bere izena izanen zuen fundazio bat sortzeko, eta, bestetik, giza eskubideen alde egindako lanagatik aintzatespena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Horrela, Jaime Brunet Romero fundazioa sortu zen, egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoan duela, hark testamentuan adierazitako nahiari jarraikiz.