Joan eduki nagusira

zoom Ikasleak eta agintariak argazkia ateratzeko jarrita, NUPeko Sario eraikinean egindako ekitaldiaren ondoren.

Ikasleak eta agintariak argazkia ateratzeko jarrita, NUPeko Sario eraikinean egindako ekitaldiaren ondoren.

Alfonso Carlosena Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) errektorea buru izan da 375 ikasleri harrera egiteko ekitaldian, gaur, osteguna, abenduak 27. Ikasle horiek 2018-2019 ikasturtean parte hartzen ari dira nazioarteko mugikortasun programetan, 37 herrialdetan. Ikasle gehienak (252) Erasmus programakoak dira; 82, Palafoxekoak; 18, Martín de Radakoak; 12, aldebiko hitzarmenetakoak; 7, ISEP USAkoak; eta 4, ISEP Nazioartekoa izeneko programakoak. Ekitaldian zehar, gazteek Rural Kutxak unibertsitateen arteko trukerako ematen dituen bekak jaso dituzte, eta gazteen senitarteko eta adiskideak ere bertan izan dira.

Ekitaldia Iruñeko campuseko Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan egin da, eta Hugo López López Nazioartekotze errektoreordearen hitz batzuek eman diote hasiera. Ondotik, Nafarroako Rural Kutxako buru Ignacio Terés Los Arcos mintzatu da, eta bekak eman dizkie ikasleei. Beken diru-kopurua aldatu egiten da ikasleek atzerrian ikasturte oso-osoa egin edo seihileko bat egin. 54 ikaslek dute ikasturte osoko egonaldia; 204k pasatuko dute lehen seihilekoa eta 117k bigarrena. Ekitaldia bukatzeko, Alfonso Carlosena errektoreak azken agurra eginik, talde osoaren argazkia egin da.

zoom Ezkerretik eskuinera, Ignacio Terés, Alfonso Carlosena eta Hugo López, ekitaldian.

Ezkerretik eskuinera, Ignacio Terés, Alfonso Carlosena eta Hugo López, ekitaldian.

Ikasleak (219 emakume eta 156 gizon) 36 herrialdetako unibertsitateetan ikasten ari dira. Hauek dira, ordenan, ikasle gehien jasotzen dituzten herrialdeak: Italia, Alemania, Txile, Frantzia, Mexiko, Polonia, Portugal, Belgika, Estatu Batuak, Txina, Argentina eta Peru.

Eta hauek dira NUPeko ikasleren bat jasotzen duten beste herrialdeak: Australia, Austria, Brasil, Bulgaria, Danimarka, Erresuma Batua, Eslovenia, Finlandia, Grezia, Hego Korea, Herbehereak, Hungaria, Irlanda, Islandia, Japonia, Kanada, Letonia, Lituania, Norvegia, Suedia, Suitza, Taiwan, Turkia eta Txekiar Errepublika.

Hainbat mugikortasun programa

Ikasketak atzerrian egiten ari diren Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle gehienek, aipatu den bezala, Erasmus programan parte hartzen dute (Europar Batasunaren prestakuntza programa, goi mailako hezkuntzaren esparruan lankidetza bultzatzekoa).

zoom Ikasle bat bere beka jasotzen.

Ikasle bat bere beka jasotzen.

Garrantziari erreparatuta, Palafox da bigarren programa, Nafarroako Unibertsitate Publikoak berak sortua Latinoamerikako unibertsitateekin ikasleak trukatzeko. Programa horren bitartez, ikasketen parte bat Iberoamerikako unibertsitate batean egin daiteke, ikasleek bermea izanik, betiere, aldi horretan erdietsitako kredituak onartuko zaizkiela itzultzen direnean.

NUPen nazioarteko beste programa bat Martín de Rada izenekoa da, bere baitan Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Asiako zenbait unibertsitateren arteko aldebiko hitzarmenak biltzen dituena. Programa horietaz gainera, Estatu Batuetako, Australiako, Erresuma Batuko edo Kanadako unibertsitate batzuekin izenpetutako aldebiko hitzarmenak ditugu. Eta, azkenik, ISEP USA dugu, Estatu Batuetako unibertsitateekin ikasleak trukatzeko aukera eskaintzen duena, eta ISEP Nazioartekoa.