Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) graduko eta masterreko ordezkariei ongietorria egiteko ekitaldia egin du ikasturte honetan, eta, aldi berean, joan den ikasturtean lan hori egin zuten ikasleen lanaren aitortza. Unibertsitateko eskola edo fakultate guztietako berrogeita hamar ikasle baino gehiago egon ziren ekitaldian, eta, agintari akademikoen aldetik, honako hauek: Alfonso Carlosena errektorea, Cristina Bayona Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea eta Roldán Jimeno Ikasleen Arloko zuzendaria.
Ekitaldian, ikaskideen ordezkaritza egitea zer garrantzizkoa den azaldu zitzaien ikasleei, baita zer nolako erantzukizuna dakarren ere. Halaber, eskerrak eman zitzaizkien lan hori eskuzabaltasun osoz egiteagatik.
Ordezkariak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikasleen Kontseiluko kideak dira. Organo hori ikasleen eztabaida-, kontsulta- eta ordezkaritza-organoa da, Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako Errektoreordetzaren mendekoa. Ordezkariez gain, ikasleek Klaustrorako aukeratu dituzten kideek ere osatzen dute Kontseilua.
Ordezkarien lana Unibertsitateko bizitzan
Ordezkariek oso lan garrantzizkoa egiten dute Unibertsitatearen barruan, ikasleek horien bidez hartzen baitute parte sailetako eta ikastegietako eguneroko bizitza akademikoan. Horretaz gain, laguntza ematen dute ikasleen eta irakasleen zein Unibertsitateko beste organo batzuen arteko harremanak hobeak izan daitezen.
Beren lana talde bakoitzeko ikasleak irakasleen, sailen eta ikastegien aurrean ordezkatzea da. Horretarako, proposamenak, eskaerak eta kexak aurkezten dituzte, halakorik badago. Gainera, horretarako arrazoiak daudenean, ikasleek Unibertsitateko gobernu organoetan dauzkaten ordezkariei jakinarazten dizkiete kexak. Horretaz gain, ikasleen eta NUPeko organoen arteko harremana egokia izateko beharrezkoak diren komunikazioak jakinarazteko ardura dute. Asmo horrekin, ikaskideei deialdiak egiten dizkiete informazio bileretara joateko.
Egitekoen artean, beste hauek ere badaude: Unibertsitatearen helburuen garapena eta kalitatea lortzen laguntzea, beren karguari dagozkion egitekoak betetzen laguntzeko egiten diren bileretara joatea, eta ordezkaritza-lana egoki betetzeko beharrezkoak diren gainerako lan guztiak egitea. Ordezkariak sufragio libre, pertsonal, berdin eta isilpekoaren bidez aukeratzen dira, eta ikasle bakoitzak ikasmaila bakarrean eman dezake botoa; matrikulatutako irakasgai gehien daukan horretan, hain zuzen. Ordezkaritza-kargu horien hautaketa NUPen arauetan dago jasota.