Joan eduki nagusira

zoom Hitzarmenaren sinatzaileak. Ezkerretik eskuinera: Juan Francisco Corona (Familia Enpresaren Institutuko lehendakaria), Alfonso Carlosena (NUPeko errektorea), Francisco Esparza (ADEFANeko lehendakaria) eta Juan María Ayechu (Nafarroako Rural Kutxako enpresen arloko zuzendaria).

Hitzarmenaren sinatzaileak. Ezkerretik eskuinera: Juan Francisco Corona (Familia Enpresaren Institutuko lehendakaria), Alfonso Carlosena (NUPeko errektorea), Francisco Esparza (ADEFANeko lehendakaria) eta Juan María Ayechu (Nafarroako Rural Kutxako enpresen arloko zuzendaria).

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Familia Enpresaren Institutuak (IEF), Familia Enpresaren Garapenerako Nafarroako Elkarteak (ADEFAN) eta Nafarroako Rural Kutxak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Familia Enpresaren Katedra eratzearren, arlo horren inguruko ezagutza teorikoa eta praktikoa sortzeko eta aipatu erakundeen arteko sinergiak ahalbidetzeko xedez.

Katedraren helburua, hain zuzen, familia-enpresek izaten dituzten zenbait arazori irtenbidea ematen lagunduko duten ikerketak sustatzea da, enpresa horiek, sinatutako testuan aipatzen den moduan, “funtsezko tresnak baitira gizartearen garapen eta ongizate ekonomikorako”. Gainera, katedra berria akademiko, enpresari, profesional eta ikasleen arteko topagune bilakatzea espero da, alor horretako ezagutzak, esperientziak eta interesak trukatzeko eta batetik bestera joanarazteko xedez. Horrela, posible izango da enpresaren mundua eta mundu akademikoa elkarrengana hurbiltzea, elkarrentzako onurak eta trukeak eraginez.

Hitzarmena Unibertsitatean izenpetu da gaur, abenduak 11, asteartearekin, eta bertan izan dira Alfonso Carlosena errektorea, Juan Francisco Corona IEFeko zuzendari nagusia, Francisco Esparza ADEFANeko lehendakaria eta Juan María Ayechu Nafarroako Rural Kutxako enpresen arloko zuzendaria.

Katedraren jarduerak

zoom Ezkerretik eskuinera: Joaquín Ansa (NUPeko Gizarte Kontseiluko burua), Javier Lázaro (ADEFANeko lehen lehendakariordea), José Pérez de Albéniz (ARPA Abogados), Marisa Sainz (ADEFANeko zuzendaria), Juan Francisco Corona (Familia Enpresaren Institutuko lehendakaria), Francisco Esparza (ADEFANeko lehendakaria), Alfonso Carlosena (NUPeko errektorea), Yolanda Garbayo (ADEFANeko Zuzendaritza Batzordeko kidea), Juan María Ayechu (Nafarroako Rural Kutxako enpresen arloko zuzendaria), Beatriz Rodríguez (NUPeko irakaslea), José Antonio Arrieta (ARPA Abogados) eta Ricardo Goñi (Nafarroako Rural Kutxako harreman instituzionalen arduraduna).

Ezkerretik eskuinera: Joaquín Ansa (NUPeko Gizarte Kontseiluko burua), Javier Lázaro (ADEFANeko lehen lehendakariordea), José Pérez de Albéniz (ARPA Abogados), Marisa Sainz (ADEFANeko zuzendaria), Juan Francisco Corona (Familia Enpresaren Institutuko lehendakaria), Francisco Esparza (ADEFANeko lehendakaria), Alfonso Carlosena (NUPeko errektorea), Yolanda Garbayo (ADEFANeko Zuzendaritza Batzordeko kidea), Juan María Ayechu (Nafarroako Rural Kutxako enpresen arloko zuzendaria), Beatriz Rodríguez (NUPeko irakaslea), José Antonio Arrieta (ARPA Abogados) eta Ricardo Goñi (Nafarroako Rural Kutxako harreman instituzionalen arduraduna).

Katedran aukera egongo da familia-enpresaren mundurako interes teorikoa eta praktikoa izan dezaketen txostenak eta ikerketa oinarrizkoak eta orokorrak egiteko (familia-enpresen egoeraren analisia eta azterketa, hobetzeko proposamenak, enpresa horiek bultzatzearekin lotutako politika publikoak, jardunbide hoberenak, ekintzailetza eta familia-enpresa), batez ere Foru Komunitatearen esparruan.

Halaber, akademiko, enpresari, profesional eta ikasleen arteko topaguneak sortu nahi dira, enpresa-familien inguruko ezagutzak, esperientziak eta interesak trukatu ahal izateko, baita ikasleentzako esperientziazko hitzaldiak antolatu ere, enpresaria izatea benetan zer den eta horrek eta familia-enpresak gizartean zer balio duten ikus dezaten. Era berean, katedraren ildoko doktoretza-tesiak eta gradu amaierako lanak egiten dituztenei laguntza emateko asmoa dago, baita ikasleak familia-enpresetan praktikak egin ditzatela sustatzekoa ere.

Testuan, bestalde, hitzarmenaren jarraipena egingo duen batzorde misto bat ezarri beharra aipatzen da, urtean bitan bilduko dena. Batzorde hori NUPeko bi ordezkarik, Rural Kutxako bik, ADEFANeko ordezkari batek eta IEFeko beste batek osatuko dute, eta entitate bakoitzak izendatuko ditu. Batzordearen eginkizunak, besteak beste, honako hauek izango dira: jardueren programa eta dagokion aurrekontua prestatzea, betetzearen urteko oroitidazkia egitea eta lankidetza-hitzarmen posibleen onespena proposatzea.