Finalistak eta epaimahaikideak, NUPen. Ezkerretik eskuinera: Gonzalo Mateo Bescós (finalista), Borja Ororbia Payán (bigarren saria), José Antonio Moler Cuiral (epaimahaikidea), David Lumbreras Magallón (epaimahaikidea), Alberto Berrueta Irigoyen (epaimahaikidea), Ana Ruiz Ilundáin (finalista), Jaione Berro Bariáin (finalista) eta Amaya Merino Vicente (lehen saria).
Amaya Merino Vicente Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Industria Teknologietako Ingeniaritzan gradudun eta Industria Ingeniaritzan masterdunak irabazi du energia berriztagarrien lanei buruzko IV. poster lehiaketa. Antolatzailea APERNA izan da, Nafarroan Energia Berriztagarriak Sustatzeko Elkartea, lotura estua baitauka erakunde akademikoaren Energia Berriztagarrien Katedrarekin. Irabazleak hozte-sistema bat optimizatzeko ikerketa bat aurkeztu zuen, eta horri esker 300 euro jaso ditu. Bestalde, Borja Ororbia Payán Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko graduduna bigarren gelditu da instalazio fotovoltaiko baten diseinuari eta muntaiari esker, eta 150 euro irabazi ditu.
Irabazlearen master amaierako lana Patricia Aranguren Garacochea eta David Astrain Ulibarrena NUPeko Smart Cities Institutuko ikertzaile (ISC) eta Ingeniaritza Saileko irakasleek gidatu zuten. Proiektu horren abiapuntua karbono dioxidoa jariakin hoztaile gisa erabiltzea zen; izan ere, gas hori gero eta garrantzitsuagoa bilakatzen ari da hozteko instalazio komertzialetan, berotegi-efektua eragiteko arrisku txikia daukan substantzia natural bat baita. Hala ere, klima epeletan, hozteko efizientzia txikia izan ohi du. Horregatik, karbono dioxidoa darabilen hozteko sistema baten prestazio energetikoak areagotu zituen egileak, modulu termoelektrikoak baliatuz, horiek oso egokiak baitira potentzia txiki edo ertainentzat, beren sinpletasuna, prezio baxua eta erabiltzeko erraztasuna dela eta.
Borja Ororbiaren kasuan, Ernesto Luis Barrios Rípodas eta Andoni Urtasun Erburu Smart Cities Institutuko ikertzaile (ISC) eta Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasleak izan zituen lanaren zuzendari. Egilearen aztergaia instalazio fotovoltaiko bat izan zen, eguzki-erradiazioaren bidez elektrizitatea sortzen duena autokontsumo ez-isolaturako; hau da, sortutako energia jabearen energia-eskariak asetzera bideratzen da, eta, soberakinik izanez gero, sare elektrikora eramaten da. Bere diseinuan, instalazio horren zenbait bihurgailu fusionatu zituen, eta horrek bidea eman zuen panel fotovoltaikoetan sortutako korronte zuzena korronte alterno bihurtzeko, etxebizitzan erabiltzen diren hargailu eta etxetresna elektrikoek erabili ahal izan dezaten. Bihurgailu guztiak bakar batean fusionatzeari esker, gailua gai da instalazioan zenbait eginkizun gauzatzeko, nahieran.
Lehiaketaren finalistak
Bi irabazleez gain, hauek izan ziren finalistak: Jaione Berro Bariáin, Gonzalo Mateo Bescós eta Ana Ruiz Ilundáin. Bestalde, epaimahaikideak hauek izan ziren: ISCko bi ikertzaile, hots, José Antonio Moler Cuiral Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakaslea eta Alberto Berrueta Irigoyen Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakaslea; eta David Lumbreras Magallón doktoretzako ikasle eta APERNAren Zuzendaritza Batzordeko kidea.
Lehiaketaren helburua ikasleen sintesi-ahalmena piztea zen, beren gradu amaierako edo master amaierako lanen laburpena den poster bat prestatzearen bidez. Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako Errektoreordetzak lagundu dio diruz jarduera honi.
APERNA elkartearen helburua energia garbien erabilera sustatzea eta zabaltzea da, eta, horretarako, Unibertsitateko Energia Berriztagarrien Katedrarekin egiten du lan, ikasleen parte-hartzea edukiko duten jarduerak antolatzeko.