Joan eduki nagusira

zoom Iñigo García Gimeno, NUPeko Ikasleen Kontseiluko buru berria

Iñigo García Gimeno, NUPeko Ikasleen Kontseiluko buru berria

Iñigo García Gimeno (Tutera, Nafarroa, 1998) Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritzako Graduko hirugarren ikasmailako ikaslea da Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ikasleen Kontseiluko buru berria. Ikasleen Kontseilua ikasleen eztabaidarako, kontsultarako eta ordezkaritzarako organoa da, eta gradu, graduondo eta doktoretza titulazioetako talde-ordezkariek eta talde horretako klaustrokideek osatzen dute.

Iñigo García Gimenok Ana Munárriz Iriarte ordeztuko du, zeina 2017ko azaroan hautatu baitzuten. Buru berriak Tuterako San Francisco Javier-Jesuitas ikastetxean egin zituen unibertsitate aurreko ikasketak, eta bigarren urtez ari da beheragoko ikasmailetako ikasleen mentore NUPeko Mentoretza Programaren barruan, eta Telekomunikazioko Ikasleen Estatuko Kontseiluko (CEET) kidea izan da.

Kontseiluko buru berria Ikasleen Kontseiluaren osoko bilkuran hautatu zuten. Horretaz gainera, Batzorde Iraunkorreko mahaikideak berritu eta saileko kontseiluetako, ikastegiko batzordeetako (fakultateak eta ikastegiak) eta zentroetako kalitatea bermatzeko batzordeetako ordezkariak hautatu zituzten. Bilera Arrosadiko Campuseko Ikasgelategian egin zen, eta ikasleen komunitateko ehun kide baino gehiago izan ziren bertan, Tuterakoak barne (azken horiek bide telematikoaren bidez).

Iñigo García Gimenok Pablo Urdánoz Pérez Informatika Ingeniaritzako Graduko ikaslea aukeratu du idazkari posturako, eta Javier Lasheras Navas Informatika Ingeniaritzako Graduko ikaslea koordinatzaile posturako. Halaber, Ikasleen Kontseiluaren osoko bilkuran Batzorde Iraunkorreko mahaikideak hautatu zituzten. Hauek dira, alfabetoaren hurrenkeran: Christian Artola de Almeida (Zientzia Juridikoen Fakultatea), Luar Biurrun-Lorda (Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa), Livia Di Pietro (Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea), Diego López Torres (Doktoretza), Javier Maestre Bello (Osasun Zientzien Fakultatea), Marina Pérez Díaz (Tuterako campusa), Miguel Preciados Horcada (Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa) eta Alba del Rocío Suárez Quintero (Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea).

Karguak berritzearekin batera, Ikasleen Kontseiluak bere logotipoa eguneratu du “irudi berritua eta Unibertsitatearen irudi berrira egokitua erakusteko”, Iñigo Garcíaren arabera.

Ikasleen Kontseiluaren eginkizunak

zoom Ikasleen Kontseilu berria. Ezkerretik eskuinera: Alba del Rocío Suárez Quintero (mahaikidea), Luar Biurrun-Lorda (mahaikidea), Pablo Urdánoz Pérez (idazkaria), Iñigo García Gimeno (kontseiluburua), Javier Lasheras Navas (koordinatzailea), Christian Artola de Almeida (mahaikidea), Livia Di Pietro (mahaikidea) eta Miguel Preciados Horcada (mahaikidea)

Ikasleen Kontseilu berria. Ezkerretik eskuinera: Alba del Rocío Suárez Quintero (mahaikidea), Luar Biurrun-Lorda (mahaikidea), Pablo Urdánoz Pérez (idazkaria), Iñigo García Gimeno (kontseiluburua), Javier Lasheras Navas (koordinatzailea), Christian Artola de Almeida (mahaikidea), Livia Di Pietro (mahaikidea) eta Miguel Preciados Horcada (mahaikidea)

Ikasleen Kontseilua ikasleen eztabaida, kontsulta eta ordezkaritza organo gorena da, eta Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako Errektoreordetzaren mendekoa da. Bere eskumenen artean daude, besteak beste, ikasleen ekimenak bideratu, eztabaidatu eta proposatzea; Unibertsitateko komunitateari buruzko informazioa biltzea ikasleei helarazteko; Unibertsitateko zerbitzuen ebaluazio prozesuetan parte hartzea; eta Kalitate Batzordean dituen ordezkariak eta ikastegietako batzordeetako eta sailetako kontseiluetako kide izango diren ordezkariak hautatzea.

Horretaz gainera, ordezkaritza-lanak egiten ditu, maila nazionalean, hainbat organotan, esaterako Estatuko Unibertsitateko Ikasleen Kontseiluan (CEUNE) eta unibertsitateetako ikasleen kontseiluak biltzen dituzten hainbat elkartetan.

Ikasleen Kontseiluaren organoak hauek dira: osoko bilkura, zeina gutxienez urtean behin bildu behar baita irakaskuntza-aldian, eta Batzorde Iraunkorra, batzordeburuak, idazkariak eta zortzi mahaikidek osatua (sei, ikastegi bakoitzeko, doktoretzako ikasleen zazpigarren ordezkari bat eta beste bat Tuterako campusekoa).