Joan eduki nagusira

zoom Proiektuan parte hartzen duten NUPeko ikertzaileak. Julio Muro (ezk.) eta Inazio Irigoien.

Proiektuan parte hartzen duten NUPeko ikertzaileak. Julio Muro (ezk.) eta Inazio Irigoien.

Landa Garapeneko Europako Sareak hondakin organikoak kudeatzeko eta berrerabiltzeko Irunberriko proiektu berritzaile bat aukeratu du jardunbide onen adibide gisa. Josenea Bio integrazio soziolaboraleko enpresak gauzatu du proiektua Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin (NUP) lankidetzan, eta hondakin organikoak jasotzetik hasi, konposta egiteko tratatu, eta hala lortutako ongarria aplikatu arteko ziklo osoa hartzen du bere baitan. Proiektuaren alderdi eredugarriak dira, batetik, hondakinen berrerabiltze zirkularrak kostuak murriztu eta berotegi-efektuko gasen emisioa minimizatzen duela, eta, bestetik, politika sozialak integratzen dituenez, lagungarria dela Zangozaren garapen ekonomikorako. Europako Batasunaren 197.962 €-ko diru-laguntza jaso du proiektuak, eta, aurreikuspenen arabera, hiru lanpostu sortuko ditu lehenengo fase pilotuan.

Maestro Compostador eta LUAR Ingurumena aholkularitza-enpresek ere laguntzen dute ekimena. Proiektuaren bidez, hondakin biologikoak biltzeko eta garraiatzeko sistema bat sortuko dute Irunberrin, eta hondakin horiek biologikoki tratatzeko instalazio txiki bat jarriko dute martxan. Gainera, ikerketa bat egingo da hondakin organikoak biltzeko prozesuak eta haien tratamendua optimizatzeko, eta modu horretan egindako konposta erabili egingo dela ziurtatzeko. Proiektuaren baitan, bestalde, prestakuntza-ikastaroak ematen ari dira jendeak ikas dezan hondakinak tokian kudeatzeko eredu hori garatzen. Horren ondorioz, beste kategoria profesional bat sortuko da: maisu konpost-egilea eta hondakin-kudeatzailea.

Zangozako eskualderako pentsatuta dago ekimena; izan ere, hor dauka Bordatzuri finka Josenea Bio enpresak, non landare urrintsuak eta medizinalak hazten baitituzte gero infusioetan, kosmetikan eta fitoterapian erabiltzeko. Gizartetik baztertzeko arriskuan daudenak egiten dute lan enpresan, eta lan-munduan hasteko prestatzen dira hala. Proiektua martxan jartzeko, Joseneak Nafarroako Unibertsitate Publikoa du bazkide, zeina hasia baita konposta egiteko prozesua eta konpostaren erabilerak ikertzen. Proba pilotu horretatik ateratako ondorioek Zangozako eredua Nafarroako eta Espainiako beste udal eta eskualde batzuetara esporta dadin balioko dute.

Herritarrentzako onurak

Proiektuan dihardute Inazio Irigoien Iriartek eta Julio Muro Erreguerenak, NUPeko Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko irakasle eta ikertzaileek. “2018ko maiatzean, Europako Batasunak ekonomia zirkularraren inguruko zenbait lege onetsi zituen, zeinek etxeetan sortzen diren hondakin organikoak eta biohondakinak ‘in situ’ biltzera eta kudeatzera behartzen baitituzte estatuak —esan du ekimenaren NUPeko arduraduna den Inazio Irigoienek—. Proiektu pilotu honekin, hondakin organikoak sortzen diren lekuan bertan kudeatzeko eredu bat garatzen eta optimizatzen ari gara, eta, hala, hondakinak sortu dituzten herritarrek zuzenean eta modu gardenean jasoko dituzte biohondakinak behar bezala kudeatzearen onurak”.

“Baliabide ahaltsua da jendeak hondakinak bereiz ditzan eta aurrerapauso bat eman eta etxean nahas ez ditzan hondakin organikoak eta plastikoak, beira eta papera. Horretaz gainera, Irunberri erakustoki bihurtu nahi dugu eredu deszentralizatu hori beste autonomia-erkidego batzuetako jendeari erakusteko eta nonahi zabaltzeko”, erantsi du ikertzaileak.

Aurreztea eta lanpostuak sortzea

“Esperientzia handia dugu landare urrintsuak eta medizinalak ekologikoki hazten, eta horrek ziurtasun handia eman eta ilusioa pizten digu proiektuari aurre egiteko —dio Jesús Cía Asensio Josenea lan-elkarteko zuzendariak—. Ekimenari esker, A motako konposta egingo dugu, kalitate onenekoa, kimikorik eta metal astunik gabea, eta, beraz, aurreztu egingo dugu. Horretaz gainera, guretzat garrantzitsuena da bestelako garapen ekonomikoa bultzatuko duela Zangozako eskualdean, eta lanpostu berriak sortuko dituela gizartetik baztertzeko arriskuan egonik Josenean lan egiten dutenentzat”.

Proiektua saritu duen erakundea, Landa Garapeneko Europako Sarea (ENRD), plataforma bat da, non informazioa trukatzen baita landa-eremua garatzeko politikak, programak, proiektuak eta ekimenak praktikan gauzatzen diren moduari buruz eta emaitza hobeak izan ditzaten halakoak hobetzeko moduari buruz. 2008an sortu zuen Europako Batzordeak.

Josenea integrazio soziolaboraleko elkarte bat da, irabazi-asmorik gabea, eta Irunberrin du egoitza. Gizartetik baztertzeko arriskuan daudenak lan-munduan sar daitezen bultzatzea du helburu nagusia, eta, horretarako, Josenea Bio enpresa eta Bordatzuri finka baliatzen ditu; izan ere, hor, sendabelarren laurogei barietate hazten dituzte organikoki eta ingurune autohornituan eta hor dago baita ere Irati Harmonizazio Zentroa. Aipatzekoa da bisita gidatuak egin daitezkeela Bordazurira. Josenea 2003an homologatu zuen NNPEK Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak, eta 135 laguni eman dio prestakuntza eta lana duela hamasei urte sortu zenetik. Horien % 73k, gainera, modu egonkor eta iraunkorrean birbideratu dute lan-bizitza (zenbaitek Josenean bertan lan eginez).