Joan eduki nagusira

zoom Elkarretaratzearen irudia.

Elkarretaratzearen irudia.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bat egin du Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Ospakizuna azaroaren 25ean egingo da, igandea, Nazio Batuen Erakundeak data hori ezarri baitzuen.  Horretarako, Unibertsitateak adierazpen bat egin du “inpunitatea, isiltasuna eta estigma direla-eta emakumeen aurkako indarkeria neurrigabe areagotu dela” salatzeko, eta emakumeak jakintzaren esparru guztietan egotearen garrantzia nabarmentzen da, bai eta bere konpromisoa adierazi ere.

Horretaz gainera, indarkeria matxista gaitzesteko, gaur, azaroak 22, elkarretaratzea egin da ikasleen talde feministek deituta, eta unibertsitateko komunitateko gainerako kideek bat egin dute elkarretaratzearekin (administrazioko eta zerbitzuetako langileak eta irakasle-ikertzaileak). Lehenago, ikasleek "performance" erreibindikatibo bat egin dute, Errektoretzako eraikinetik ikasgelategiaren eta liburutegiaren arteko zabalgunera, eta Rozalénen “La puerta violeta” abestia abestu dute.

Testu instituzionalean agerian ipintzen da NUPek indarkeria matxistari aurrea hartu nahi diola honela: “Unibertsitatearen eginkizuna ikasleak prestatzea, ikertzea eta jakintza transferitzea denez, erantzukizun handia dugu hezkuntzaren bidez eta balio jakin batzuk bultzatuz indarkeriari aurrea hartzeko, berdintasuna etengabe sustatzeko, emakumezkoen kontrako indarkeria fisikoa nahiz psikologikoa detektatzeko ahalegina egiteko, eta gaitz hori behin betiko desagerrarazteko antolatzen diren ekimenetan parte hartzeko”.

Horretaz gainera, Unibertsitatetik oroitarazten dizuegu “gure inguruan eta gizartean ere sufritzen dituztela emakumeek eta neskek tratu txarrak eta indarkeria mota bat baino gehiago”. Erakundeak gogora ekarri nahi ditu, halaber, “indarkeriaren biktima diren hainbat eta hainbat emakumezko, eta halako egoerak irmo salatu nahi ditu, gizarte osoarekin bat eginez, bai agerikoenak baita hain nabarmenak ez direnak ere”.

Berdintasunaren alde NUPen izan diren beste ekintza batzuk

zoom Unibertsitateko komunitateko kideek indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea egin dute.

Unibertsitateko komunitateko kideek indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea egin dute.

Bestalde, gogora dezagun NUPek bere Berdintasuneko eta Gizarte Ekintzako Unitateen bidez genero berdintasunarekin lotutako zenbait ekintzatan parte hartu duela edo ekintza horiek koordinatu dituela egun hauetan (autodefentsa feministarako lantegi bat, genero indarkeriari eta GIBari buruzko jardunaldiak, Sare elkartearekin batera antolatuak edo “Sexua eta maitasuna gizarte patriarkalean” hitzaldia besteak beste). Horretaz gainera, datorren asteartean, hilaren 27an, sexu eta ugalketa eskubideei buruzko informazio gune bat jarriko da Ikasgelategiko kafetegian. 

Unibertsitateko Berdintasun Unitateak, urte osoan zehar, genero berdintasunean prestatzeko eta emakumeen aurkako indarkeriari aurrea hartzeko ekintzak garatzen ditu. Jarduera horiek ezagutu edo haietan parte hartzeko, deitu Berdintasun Atalera 948166299 telefono zenbakira, edo idatzi unidadigualdad@unavarra.es helbide elektronikora.