Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bi ikerketa-institutu berri abian jartzea onetsi du berriki: I-Communitas (Institute for Advanced Social Research - Gizarte Ikerketa Aurreraturako Institutua) eta IMAB (Institute for Multidisciplinary Applied Biology - Diziplina Anitzeko Biologia Aplikaturako Institutua). Lehenbizikoaren zuzendaria Juan María Sánchez Prieto da, Unibertsitateko Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakaslea; bigarrenaren arduraduna, berriz, Gerardo Pisabarro de Lucas, Osasun Zientzien Saileko katedraduna.
I-Communitas institutuak Giza eta Gizarte Zientzietako kalitatezko ikerketa eta errealitate historiko, sozial eta politikoaren analisia bultzatzen ditu, NUPek arlo horretan egiten duen bikaintasunezko lanari ikusgarritasuna emateko, talentu berriak trebatzeko, doktoretzako ikasketak sustatzeko eta, azken batean, gizakien eta gizartearen garapena ahalbidetu eta gizarte zibila sendotzeko. Diziplina anitzeko institutu bat da, zeharkakoa, eta Unibertsitatearen eta instituzioen arteko harremanak estutzea du xede, baita bere lana zabaltzea eta jakitera ematea ere.
IMABen eginkizuna, bestalde, agronomian, ingurumenean eta osasunean aplikatutako biologiaren inguruko gaietan ikerketa koordinatzea eta bultzatzea eta ikertzaileak trebatzea izango da, gai horien arteko lotune edukita, hain zuzen, zeluletan, organismoetan eta komunitateetan oinarritutako diziplina anitzeko prozesu eta sistemen azterketa eta aplikazioa. Institutu horren proposamen estrategikoa prozesu horietako ikerketan parte hartzen duten eragile guztien baterako partaidetza sustatzea da, soluzio integratuak lortze aldera.
Institutu berrien ikerketa-ildoak
Hauek dira I-Communitasen ikerketa-ildo nagusiak: gizarte-, lurralde- eta kultura-ikerketak; memoria, politika eta identitatea; giza eskubideak; eta, azkenik, komunikazio publikoa, garapena eta esku-hartze soziala. Ildo nagusi horiei zeharkako beste bat gehitu behar zaie: teoria soziala eta ikerketaren metodologia.
IMABen ikerlerroak, bestalde, hiru ildo nagusi izango ditu: bioteknologia, ingurumen-agrobiologia eta, azkenik, biologia molekularra eta zelularra.
Sortu berri diren institutu horiek NUPek dagoeneko dauzkan laurei gehitu zaizkie: InaMat (Material Aurreratuen Institutua), IS-FOOD (Nekazaritza eta Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Iraunkortasun Ikerketarako Institutua), ISC (Smart Cities Institutua) eta INARBE (Enpresari eta Ekonomiari buruzko Ikerketa Aurreraturako Institutua). Bai institutu bakoitzaren osaera, bai laneko ildo estrategikoak bai eta ezagutza transferitzeko ekintza nagusiak ere Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko.