Joan eduki nagusira

zoom NUPeko ikasleak, Arrosadiko campuseko liburutegian, Iruñean

NUPeko ikasleak, Arrosadiko campuseko liburutegian, Iruñean

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gobernu Kontseiluak azken bileran erabaki du Medikuntzako gradu berriaren memoria eta ikasketa plana Unibertsitateen Kontseiluari bidaltzea, titulazioa egiazta dezan ANECAren protokoloen arabera (Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionala). ANECAk ohiko epeetan ematen badu egiaztapena, litekeena da 2019-2020 ikasturtean hastea gradu berriko eskolak.

Memoria onetsita, NUPek bukatuak ditu gradu berria ezartzeko egin beharreko barne tramite guztiak. Orain, beste instantzia batzuen balorazioa falta da (ANECArena, Unibertsitateen Kontseiluarena eta Gizarte Kontseiluarena), eta, azkenik, Nafarroako Gobernuak eman behar du baimena titulazioa irakasten hasteko.

Sei ikasmaila

Ikasketa planaren arabera, 360 ECTS kreditu izango ditu Medikuntzako graduak, hau da, sei ikasmaila, eta NUPeko Osasun Zientzien Fakultateak eskainiko du. Zehatz-mehatz, nahitaezko irakasgaien 219 kreditu izango ditu; 72, oinarrizko prestakuntzakoak; 51, kanpoko praktikei dagozkienak; 12, gradu amaierako lanarenak; eta 6 aukerako irakasgaienak. ECTS kreditu bakoitzari 25 ikastordu dagozkio. Aurreikuspenen arabera, lehen ikasmailan, sarbide berriko 60 ikaspostu eskainiko dira.

Medikuntzako Lantaldeak prestatu du gradu berriaren memoria. Lantaldea hogeita sei lagunek osatzen dute: hamabi, NUPeko profesionalak dira –eta horietako batzuk Osasunbidean ere ari dira mediku-lanetan–, eta beste hamalauak medikuak, ikertzaileak eta osasun-arloko kudeatzaileak dira Nafarroako Ospitalegunean, Navarrabiomeden (Nafarroako Gobernuaren eta NUPen Ikerketa Biomedikoko Zentroan), Medikuen Elkargoan edo Nafarroako Gobernuan.

“Esker ona adierazi nahi diet memoria prestatu duen lantaldeko kideei batez ere, lan ederra egin baitute, konpromiso irmoz eta gogo handiz”, esan du Carmen Jarén Ceballos NUPeko Irakaskuntzako errektoreorde eta Medikuntzako Lantaldearen arduradunak.

Gradu berri horretaz aparte, beste bi ezartzeko asmoa du NUPek: Psikologia (dagoeneko egiaztatu du Unibertsitateen Kontseiluak) eta Historia eta Ondarea (memoria bidali zaio ANECAri). Horrenbestez, NUPen ikasketa eskaintza dezente ugarituko da urte gutxi batzuetan, sortu zenetik urteotan ezarri baitira gradu berri gehien; esaterako, 2018-2019 ikasturtean, lau gradu berri hasi dira irakasten: Bioteknologia, Datuen Zientzia, Zientziak eta Ingeniaritza Biomedikoa