

Carlos Matillak europar “start-up” hoberenaren saria jaso du Mariya Gabriel europar komisarioaren eskutik.
FuVeX “start-up”-a gorantz doan enpresa bat da, Tuteran eratua Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaile eta egresatu batzuek. Enpresak Europako “start-up” hoberenaren aitorpena jaso du espazioaren kategorian StartUp Europe Awards sarietan (SEUA). Europako Batzordeak eta Finnova Fundazioak Startup Europe-rekin lankidetzan abiarazitako sariak dira. Nafar enpresak hegazkin/multierrotore drone hibrido bat diseinatu du, Correosek dagoeneko probatua duena distantzia luzeko banaketak egiteko. Espainia aipatu lehiaketako kategoria horretan ordezkatzeko hautatua izan zen enpresa, eta sari banaketa Sofian (Bulgaria) egin zen Startup Europe Summit delakoan (“Start-ups”-en europar gailurra). Mariya Gabriel Gizarte eta Ekonomia Digitaleko europar komisario izan zen topaketa horren burua, eta Europako lehendakari eta ministro batzuk izan ziren topaketan.
Gabriel komisarioak FuVeX eta Europako gainerako irabazleak zoriondu zituen, eta lanean jarraitzera animatu. “Zuena bezala goraka doazen enpresa gehiago behar ditu Europak. Zuen grina, ardura, talentua eta energia —aipatu zuen—. Zuen ametsetan sinesten dugu. Jada frogatu duzue aurrerapena pauso txikiak eginez lortzen dela, eta, arrakasta izateko, gau luzeak eta hausnarketa sakonak igaro behar direla erronka handienei nola aurre egin aztertzeko. Zuek frogatu duzue Europako edozein lekutatik etor daitekeela arrakasta. Eta frogatu duzue arrakasta izateko ausarta izan behar dela”.
Distantzia luzeak egiteko hegaldiak


FuVeX enpresak diseinatutako dronea, helikoptero bat bezala aireratu eta lur hartzen duena eta hegazkin batek bezala hegan egiten duena.
Bestalde, Carlos Matilla Codesal FuVeX enpresako lehen exekutiboak tripulatu gabeko aireontziek eskaintzen dituzten aukerak aipatu zituen. "Basoko suteak, Mediterraneoko naufragioak edo itsas kutsadura. Droneak lagungarri izan daitezke gizartearentzat arazo garrantzitsu hauek konpontzeko. Nolanahi ere, egungo droneak ez dira gai hori egiteko, legearen arabera ez baita zilegi droneek distantzia luzeak egitea. Gu hegaldi mota horiek ahalbidetu ditugu bizitzen ari garen eta orain mende bat bizi izan genuenaren antzekoa den iraultza aeronautikoaren buru izateko gure ametsean. Jada lortu dugu distantzia luzeko hegaldi logistikoen lehen probak egitea Espainian Correosekin batera eta, erronka handia bada ere, jasotako aitorpenak gure helburua lortzeko gogor lan egiten laguntzen digu”, esan zuen.
Horretaz gainera, Carlos Matillak azpimarratu zuen berak zuzentzen duen enpresak europar proiektu batean parte hartzen duela droneak aireko espazioan integratzeko eta arauketa garatzen laguntzeko, “ inbertsio multzo bat prestatuz eta bazkide estrategikoekin hitzarmenak sinatuz”. “Gure sektorean, irabazteko modu bakarra dago: Europa jokaleku gisa hartzea. Batasunaren barruan aitorpen handiagoa izateko lagungarri da saria”, erantsi zuen.
FuVeX enpresak eta StartUp Europe Awards sarietako Europako gainerako irabazleek ikusgarritasun handiagoa izango dute Media Partner Alliance-ri esker. Europako zenbait herrialdetako 25 kidek osatzen dute aliantza. “Start-ups”ek mentoretza programa batean parte hartzeko aukera ere izango dute (nazioartekotzean, europar funtsetan edo nazioarteko komunikazioan), Finnova Fundazioaren StartUp Europe Accelerator delakoaren bidez, eta horri esker beren proiektuak sendotzeko eta mundu mailan bideragarriago egiteko aukera izango dute.
FuVeX enpresaz gainera, Uncovercity (gastronomiaren kategorian), Eyesynth (kategoria sozialean) eta Plactherm (energiarenean) beste espainiar “start-ups”-ek jaso zuten europar aitorpena hamasei herrialdetako 134 “start-ups” finalisten artean.
Enpresaren historia
Tuteran NUPi lotuta sortu ondoren Sodenaren (Nafarroako Garapen Elkartea) Orizont azeleratzailearen eskutik nazioartean bere lekua aurkitu du FuVeX enpresak tripulatu gabeko aireontzien ingeniaritzaren esparruan, tripulatutako helikopteroak distantzia handiko droneen bidez ordezteko helburua erdiesteko.


FuVeX enpresako kideak, probatzen ari diren droneetako batekin argazkia ateratzen. Ezkerretik eskuinera: José Javier Astráin, Ion Goizueta, Carlos Matilla, Carlos Castellano, Jesús Villadangos eta Mael Taleb.
Helburu hori erdiesteko, FuVeX-ek hegazkin/multierrotore aireontzi hibrido bat garatu du, diseinu patentatua duena, erabilerraza dena edozein gainazal lautan bertikalean aireratu eta lur hartzeko aukera ematen baitu, eta hegazkinek bezalako gurutzaldi modua duena, halako eran non helikopteroek eta multierrotoreek duten irismenaren halako bost baititu. Horretaz gainera, irismen handiko droneek legalki hegan egiteko beharrezkoak dituzten eragile giltzarrien ekosistema sortu du FuVeX enpresak, eta erregulatzaileak, bazkide teknologikoak eta Cuatrecasas Acelera abokatu bulegoa ditu (“start-ups”en azelerazio programaren bidez).
NUPekin lotura duten zenbait teknologok osatzen dute FuVeX enpresa: José Javier Astráin Escola eta Jesús Villadangos Alonso, Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasleak eta Smart Cities Institutuko ikertzaileak (ISC); Carlos Castellano Aldave, Unibertsitateko Jerónimo de Ayanz Zentroko sustatzaile ohia; eta Alberto Estella Ruiz (Ingeniaria Diseinu Mekanikoan), Gonzalo Iranzu Balbuena (Ingeniaria Diseinu Mekanikoan), Pablo Medrano Fernández (Telekomunikazio Ingeniaria eta doktoretzako ikaslea), eta ikertzailea ISCn; Ion Goizueta Crespo (Industria Ingeniaria), eta Mael Taleb (Informatika Ingeniaria). Azken biak ikertzaile lanetan aritzen dira FuVeX enpresan. Haiekin batera lan egiten du Carlos Matillak (enpresaren lehen exekutiboa, ingeniari aeronautikoa eta Enpresen Kudeaketako Masterra (MBA)).
FuVeX enpresak zenbait sari lortu ditu. Esaterako: Europar Batasuneko enpresa berritzaileenetako baten aitorpena eman zion Europako Batzordeak 2017an Horizonte 2020-ren bidez ETE Tresna azpiprogramaren bitartez; eta Start-Up Europe Awards sarietako garaile nazionala eta Blue Invest ekitaldiko garailea izan da. Karmenu Vella maltarra Ingurumeneko, Itsas Arazoetako eta Arrantzako europar komisarioa izan zen Blue Invest ekitaldiaren burua.