Joan eduki nagusira

zoom "Zientzia zaletasuna" topaketaren lehen edizioko argazki bat, iaz Iruñeko Planetarioan aterea

"Zientzia zaletasuna" topaketaren lehen edizioko argazki bat, iaz Iruñeko Planetarioan aterea

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) “Zientzia zaletasuna” topaketa antolatu du azaroaren 17rako (larunbata). Egun horretan, zientziaren eta teknologiaren zenbait arlotako zaleen hamar elkartek beren materialak, makinak eta tresnak jarriko dituzte ikusgai adin guztietako jendearentzat. Erakusketako elementuak arlo hauetan erabili ohi dira: espazioa, ingurumena, energia berriztagarriak, meteorologia, akuarismoa, aeromodelismoa, ornitologia, irrati-komunikazioak eta ontzigintzako modelismoa. Iruñeko Planetarioan egingo da topaketa, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara (Sancho Ramirez kalea, z.g.), eta doakoa da.

Bigarren edizioa izango da aurtengoa, eta NUPek antolatu du Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren XVIII. Astearen barnean. Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) – Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak finantzatu du, eta Iruñeko Udalak lagundu.

Erakusketaren edukia

Nafarroako Unibertsitate Publikoak elkarte hauek bildu ditu: Espainiako Meteorologia Agentziako boluntarioak (AEMET), Nafarroako Akuaristen Elkartea, Aeromodelismoaren Nafarroako Elkarte Kluba, Alnus Naturaren Aldeko Martzillako Elkartea, Ontzigintzako Modelismoaren Nafarroako Elkartea, Iruñeko Ornitologia Elkartea (CORNIP), Nafarroan Energia Berriztagarriak Bultzatzeko Elkartea (APERNA), Panspermia meteorito-ehiztarien elkartea, Red Astronavarra Sarea eta Iruñeko Irrati-amateurren Batasuna-Iruñeko Irrati Kluba.

Erakusketan, elementu hauek ikusten ahalko dira, besteak beste: irrati-komunikazioetarako ekipoak, energia berriztagarria sortzeko materialak (esaterako, zaborrontziekin egindako haize-sorgailu bat, eguzki-labe bat, kargagailu termoelektriko bat kandela baten beroaz mugikorra kargatzen duena, eta hidrogenoa darabilten jostailuzko autoak), ingurumenarekin zerikusia duten elementuak (saguzarrentzako kutxa habiak, tranpa-argazkien laginak, ornitologiako eta akuarismoko materialak eta estazio meteorologikoetako lanabesak), espazioarekin zerikusia dutenak (meteoritoak eta teleskopioak), aeromodelismoa egitekoak (hegazkinen erreplikak, tripulaziorik gabe hegan egiten dutenak) eta ontzigintzako modelismoa egitekoak (itsasontzi eta urpeko ontzi historikoen erreprodukzioak).

NUPek Zientziaren Asterako antolatu dituen jardueren programa osoa NUPeko Kultura Zientifikoaren Unitatearen webgunean dago kontsultatzeko.