Joan eduki nagusira

zoom Ikasketa juridikoei buruzko NUPeko jardunaldien irudi bat.

Ikasketa juridikoei buruzko NUPeko jardunaldien irudi bat.

Haurduntza subrogatuaz mintzatuko dira (“ordezko haurdunaldi” eta “sabel alokatu” ere esaten zaio) Ikasketa Juridikoei buruzko XVII. Jardunaldietan. Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zientzia Juridikoen Fakultateak antolatu ditu, eta azaroaren 20an egingo dira, asteartea, Ada Byron aretoan (Iruñeko Arrosadiko campuseko Arteak eraikinaren sotoan).

Unibertsitatearen webgunean eman behar da izena, doan. Jardunaldiak 18:00etan hasiko dira, eta azken mahai-inguruaren ondoren bukatu (azken mahai-ingurua 19:30ean hasiko da). Aurtengo gaia “Haurduntza subrogatua: errealitatea eta erronkak” da, eta sektore publikoko eta pribatuko profesionalentzat eta gaian interesa duen edonorentzat dira.

Jardunaldien zuzendaria Natividad Goñi Urriza Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanordea da, Zuzenbide Sailekoa. Haurduntza subrogatuaren fenomenoak dituen alderdi nagusiak eta gaurkotasun handikoak azalduko dituzte zenbait adituk, baita ikuspegi juridikotik eta bioetikotik planteatzen diren zenbait auzi ere. Hona hemen jardunaldietan hizpide izango dituzten zenbait galdera: Ba ote da ama edo aita izateko eskubidea? Bada modurik atzerrian eta beste norbaiten sabelean hazi den haur bat Espainiako Erregistro Zibilean erregistratzeko? Adingabearen interes gorena lehenesteak berekin al dakar Espainian adingabearen legezko filiazioa aitortu beharra? Espainiako oraingo legeria aldatu behar da? (haurduntza subrogatua debekatu egiten du). Hitzaldiei eta hizlariei buruzko programa osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.

Hizlariak

Natividad Goñiren aurkezpenaren ondoren, Aurora Hernández Rodríguez Kantabriako Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko irakasle titularrak emango du hasierako hitzaldia, eta ordezko haurdunaldiak Espainiako zuzenbidean daukan eragina aztertuko du. Hitz egiten hurrena Federico de Montalvo Jääskeläinen izango da, Comillaseko Unibertsitateko Konstituzio Zuzenbideko irakasle eta Espainiako Bioetika Batzordeko burua, jardunbide hori arautzearen arriskuei buruz mintzatuko dena.

Atsedenaldi txiki bat egin eta gero, mahai-inguru bat izango da. María Luisa Arcos Vieira NUPeko Zuzenbide Zibileko irakaslea izango da moderatzailea, eta honako hauek izango ditu hizlari: Ángeles Egusquiza Balmaseda NUPeko Zuzenbide Zibileko katedraduna, Maite Goyén Urutia NUPeko irakasle elkartua eta Belén Andreu Martínez Murtziako Unibertsitateko Zuzenbide Zibileko irakaslea.