Joan eduki nagusira

zoom Ikertzaile bat, NUPeko Kimika Ez-organikoko Laborategi batean.

Ikertzaile bat, NUPeko Kimika Ez-organikoko Laborategi batean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gobernu Kontseiluak 2018. urteko Ikerketa Taldeen Katalogoa onetsi du. Katalogoan, gaur egungo 103 ikerketa taldeen osaera, ikerketa lerro oinarrizkoak eta harremanetarako datuak zehazten dira. 1.075 ikertzaile ari dira lanean talde horietan. Unibertsitatean ikerketa ardazten eta antolatzen duten oinarrizko unitateak lau arlo handiren inguruan egituratzen dira: Oinarrizko Zientziak eta Osasun Zientziak (33 talde), Ingeniaritza eta Teknologia (26 talde), Giza eta Gizarte Zientziak (23 talde) eta Zientzia Ekonomikoak eta Juridikoak (21 talde).

Lan-ildo komunen inguruan modu boluntarioan elkartzen diren ikertzaileek osatzen dituzte ikerketa taldeak eta arduradun bat dute buru. Ikerketa talde horiek beren proiektuak ikerketarako laguntza-deialdi publikoetara (Europar Batasuna, Espainiako eta Nafarroako Gobernuak...) eta pribatuetara aurkezten dituzte. Haien kalitatea, ibilbidea, bikaintasuna eta ikerketa profila erabakigarriak dira finantzaketa lortzeko.

Ikerketa taldeek denboran zehar izandako bilakaerari dagokionez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 74 talde zituen erregistratuak 1999an; 88, 2002an; 98, 2005ean; 105, 2010ean; eta 111, 2012an (kopururik handiena). Halaber, ikertzaile kopurua aldatu egin da azken hamarkadan: 2006an, 827 ikertzaile zeuden erroldatuta; gaur egun, berriz, 1.075. 2016an, Ikerketa Batzordeak ofizioz hartu zituen tesia egiten ari diren doktoretzako ikasleak.

Urteko katalogoa

Ikerketa Batzordeak urtero egiten dituen datu baseen bidez eguneratzen da katalogoa. Onetsi ondoren, argitaratu egiten da katalogoa, Unibertsitateko ikertzaile izan daitezkeenentzat gida gisa balio dezan lehen hurbilketa egiteko.

Azken hamabost urteetan, NUPeko ikerketako barne-politikak ikerketa-taldeak sendotzea izan du helburu, eta hobekuntza jarraitua sustatu du, bai oinarrizko ikerketan, bai bideratuan, eta jakintza sektore produktibora eta gizartera transferitzen. Baina egia da azken bost urteetan apustua egin dela ikerketa institutuak erakundeko ikerketaren muin gisa garatzeko eta sendotzeko.

Aipatu taldeen produktibitatearen barneko eta kanpoko ebaluazio eta balorazio jarraitua egiten da, eta ebaluazio eta balorazio horren emaitzen araberakoa da haien barne finantzaketa.

Ekimen hori Sustapen Planaren (urteko barne-ebaluazioa) eta Lehiakortasun Planaren bidez garatzen da. Bi plan horiek 2005ean hasi ziren. Unibertsitatea aitzindaria izan da Espainian, taldeak egonkortzeko estrategia horretan eta kanpo ebaluazioan.