Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) graduko hiru titulaziotako hogei ikasle irakasgai berritzaile bat ari dira egiten elkarrekin seihileko honetan. Erizaintzako, Fisioterapiako eta Gizarte Laneko ikasleak dira Iruñeko edo Tuterako campusetan, eta bi paziente dituzte trebatzaile. Diziplinarteko ekimen horren helburua da sistema soziosanitarioko pazienteek erabiltzaile aktibo gisa duten eginkizuna eta ikuspegia ulertzea; izan ere, ildo hori hartu dute Ipar Amerikako unibertsitateek, aitzindariak baitira unibertsitateko prestakuntzan pazienteak sartzen.
“Ekimenaren alderdi berritzaile nagusia da pazientea dela ‘trebatzailea’, eta, gainera, arlo soziosanitarioko hiru titulaziotako ikasleak elkartzen direla irakasgai bakar batean —dio Leticia San Martín Rodríguezek, NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakasleak eta irakasgaiaren arduradunak—. Hala, elkarrekin ikasten ari dira talde-lanean arituko diren profesionalak, eta are garrantzitsuagoa den beste alderdi bat: pazientea dago tartean, ikasleek haren ikuspegia ezagutu eta baloratu dezaten. Modu horretan, unibertsitateko hezkuntza-sistemak osasun-laguntza emateko filosofia eta eredua eraldatu beharrari erantzun nahi dio, hau da, ‘pazientea zaintzen duen’ eredutik ‘pazientearekin elkarlanean hura zaintzen duen” eredura pasatu nahi da.
“Pazientearen ikuspegia diziplina anitzeko laguntzan integratzea” du izena irakasgaiak, eta hezkuntza-berrikuntzako proiektu baten barruan dago. Osasun Zientzien Fakultateko Erizaintza Arloa da proiektuaren liderra, eta Fisioterapiako eta Gizarte Laneko graduetako irakasleek ere parte hartzen dute. Zehatz-mehatz, hauek dira Osasun Zientzien Saileko zazpi profesionalak: Ana Aríztegui Echenique, Paula Escalada Hernández, M.ª José Galán Espinilla, Charo Orzanco Garralda, Leticia San Martín eta Nelia Soto Ruiz (Erizaintzakoak) eta María Ortega Moneo (Fisioterapiakoak). Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakaslea, berriz, Juan Jesús Viscarret Garro da.
Proiektuan diharduten pazienteak Manuel Arellano Armisén eta Vicente Pellicer Aznar dira: lehenak giltzurruneko bi transplante izan ditu, eta Nafarroako ALCER elkarteko presidentea da (Giltzurruneko Gaixotasunen Aurka Borrokatzeko Elkartea); bigarrenak, aldiz, giltzurruneko eta gibeleko transplante bana izan ditu, erretinosi pigmentarioa du, eta ezaguna da organoak eman beharra ikusarazteko hainbat erronkari heldu diolako.
Kasu praktiko bat pazienteekin tratatzea
“Diziplinarteko talde txikitan lan egiten dute ikasleek, paziente batekin batera, laguntza soziosanitarioko kasu praktiko bat tratatzeko —dio Leticia San Martínek—. Pazientearen zeregina da ikasleei bere ikuspegia azaltzea kontuan har dezaten kasu praktikoa tratatzean”. Irakasgaiko hogei ikasleetatik, hamabi Iruñeko campusean ari dira ikasten (zortzi Erizaintzan eta lau Gizarte Lanean) eta beste zortzi Tuterakoan (Fisioterapian).
Ipar Amerikako unibertsitateak “aitzindariak dira unibertsitateko diziplinarteko trebakuntzan pazienteak sartzen, probetxu ateratzen baitiote pazienteen esperientzian oinarritutako jakintzari”. “NUPen martxan jarri den proiektu pilotu hau, izan ere, Montrealgo Unibertsitatearekin (Kanada) hasitako lankidetzari esker sortu da. Hezkuntza erakunde hori liderra da Osasun Zientzietan eta unibertsitateko ikasleen prestakuntzan pazienteak sartzen”, esan du Leticia San Martínek.
NUPen ekimenak Unibertsitateko Irakaskuntza Hobetzeko Irakaskuntza Berrikuntzako Proiektuetarako finantzabidea eskuratu du lehen deialdian, hots, Erizaintzako Dekanoen Espainiako Konferentziak sustatuko proiektuetarako finantzabidea.