Jesús Murillo Martínez Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) katedraduna Espainiako Fitopatologia Elkarteko ohorezko bazkide izendatu dute. Elkarte horrek landareen gaixotasunen azterketan espezializatutako bostehun profesional elkartzen ditu. Erakunde horrek nafar erakundeko irakaslearen ikerketa eta irakaskuntza ibilbidea aitortu ditu aipamen horren bidez.
Jesús Murillo NUPeko Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikita dago, eta Espainiako Fitopatologia Elkartearen jarduneko ohorezko bazkide bakanetakoa da. Erakunde hori 1981ean sortu zen, eta landare patologiaren esparruan ikerketa indartuko duten eta irakaskuntza hobetuko duten jarduerak sustatu nahi ditu eta diziplina horretako alderdiei buruzko lanak zabaldu. Espainiako Fitopatologia Elkarteak duela gutxi Toledon egindako XIX. Biltzarrean jakinarazi zuten Jesús Murilloren izendapena “bere lanagatik eta gizarteari egindako ekarpen baliotsuengatik”.
Curriculum laburra
Jesús Murillo Biologian lizentziatu zen Sevillako Unibertsitatean 1985ean, eta bost urte geroago lortu zuen doktoretza titulua Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko Bioteknologia Sailean. Jarraian, doktoretza ondoko ia hiru urteko egonaldian egin zuen Kaliforniako Unibertsitateko Fitopatologia Sailean Riversiden (Estatu Batuak)
1993an, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan hasi zen (NIGMET). Bere irakaskuntza-jarduera laboreen babesari buruzko irakasgaietan egin du unibertsitateko ikastegi horretan ematen diren titulazioetan, bai eta patogenesiari eta bioinformatikari buruzko oinarri molekularren gaineko master-irakasgaietan ere. Horretaz gainera, zotzi doktoretza-tesi eta master amaierako hamar lan zuzendu ditu.
Ikertzaile gisa, Landare Patologia eta Fitobakteriologia arloaren burua da Laboreen Babeseko ikerketa taldearen barruan. Primitivo Caballero Murillo katedradunak zuzentzen du talde hori. Biologian, genomikan eta ‘Pseudomonas syringae’ bakterioaren bilakaeran espezializatuta dago. Landare patogeno ohikoenetako bat eta interes zientifiko handiena sortzen dutenetakoa da bakterio hori, ulertzeko nolakoak diren ostalarien eta mikroorganismoen arteko interakzioak, zein den bakterioen birulentzia eta nola egokitzen zaizkion patogenoak ostalariari.
Bere ibilbidean, proiektu hauen ikertzaile nagusia izan da: hamaika proiektu nazional lehiakorrena, hiru proiektu autonomikorena eta nazioarteko bitariko lau proiekturena. Horretaz gainera, zenbait kontraturen arduraduna izan da sektoreko zenbait enpresarekin. “Protección de cultivos. Conceptos actuales y fuentes de información” liburua idatzi du Primitivo Caballerorekin lankidetzan, eta Springer, Kluwer eta Caister Academic nazioarteko argitaletxeek argitaratutako hiru libururen editorea eta SEFek argitaratutako bakterio fitopatogenoei buruzko liburu baten editorea izan da, eta liburuko 25 kapitulu baino gehiagoren egilea da. Horretaz gainera, 80tik gora artikulu argitaratu ditu nazioko eta nazioarteko aldizkarietan. 2000. urtean BBVA-Unibertsitatea Gazteen Ikerketa Saria lortu zuen.
Kudeaketa akademikoari dagokionez, aipatzekoa da aditu gisa parte hartu duela irakasleen akreditazio batzordeetan (ANECA, Espainian), ikerlana ebaluatzeko batzordeetan (CNEAI seiurtekoak, Espainian, eta VQR-ANVUR, Italian), programa nazionaletako proiektuak aukeratzeko batzordeetan eta Ramón y Cajal programa ebaluatzeko batzordeetan, beste zenbait arduraren artean. Horretaz gainera, nazioko eta nazioarteko zenbait ebaluazio agentziatako eta aldizkari zientifikotako “ad hoc” ebaluatzailea da, bai eta JCRn (Journal Citations Reports) indexatutako nazioarteko bi aldizkaritako editorea ere: “Phytopathologia Mediterranea” (1999az geroztik) eta “PloS ONE” (2012tik 2014ra). Horregatik guztiagatik, ikerketan sei seiurteko eta irakaskuntzan bosturteko ditu aitortuak.
Halaber, Jesús Murillo hautetsia izan da Espainiako Mikrobiologia Elkarteko eta Espainiako Fitopatologia Elkarteko zuzendaritza batzordeetan. Espainiako Fitopatologia Elkarteko zuzendaria izan zen 2013tik 2016ra. NUPeko Nekazaritzako Ekoizpeneko Saileko zuzendaria ere izan da 2010etik 2016ra.