Joan eduki nagusira

zoom Diana Marín Ederra doktoretzako ikaslea, NUPeko Olibondoak eraikinean.

Diana Marín Ederra doktoretzako ikaslea, NUPeko Olibondoak eraikinean.

Diana Marín Ederra (Iruñea, 1990) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Bioteknologiako doktoretza-programako ikaslea frantziar laborategi batean ikertzen aritzeko hautatu du Frantziako Gobernuak, “Make our planet great again” ekimenaren barnean (“Egin gure planeta handi berriro”). Programa hori Emmanuel Macron lehendakariak abiarazi zuen 2017an, Estatu Batuek Klima Aldaketari buruzko Parisko Hitzarmenari bizkarra ematea erabaki ondoren, eta Frantzia berotze globalaren aurkako borrokaren lider bilakatzea du xede. Horretarako, planeta babestearekin lotuta dauden proiektuetan parte hartu nahi dutenak mobilizatzen ditu: ikertzaileak, ekintzaileak, ikasleak eta GKEak.

Programaren ildoetako bat ikertzaileei laguntzak ematea da, Frantziako laborategietan egonaldi laburrak egin ditzaten (hamalau egun eta bost hilabete bitartekoak). Oraingo honetan, 68 ikaslek jaso dute beka. Horietatik hamar espainiarrak dira, eta Diana Marín da hautaturiko nafar bakarra. Hala, ikasle horrek “Laboratoire de Physique et Physiologie Intégratives de l'Arbre en Environnement Fluctuant (UMR PIAF)” delakoa izanen du lantoki azaroan. Laborategi hori Frantziako Ikerkuntza Agronomikorako Institutuaren parte da (INRA, frantsesez), eta Clermont-Auvergne Unibertsitatean dago, Clermont-Ferrand hirian (Frantziako erdialdean). “Fruta-arboletan eta baso-zuhaitzetan gertatzen diren erlazio hidraulikoen azterketak eman dio ospea laborategi horri, eta mundu mailako zenbait aditu aritzen dira bertan, Hervé Cochard kasu”, adierazi du ikertzaileak, zeinak Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Gradua eta Ingurumen Agrobiologiako Masterra egin baititu NUPen.

Mahatsondo-txertakak

Frantzian egon bitartean, Diana Marínek eginkizun nagusi bat izanen du: mahatsondoen (‘Vitis vinifera’ L.) txertoen eta txertaken konbinazio ezberdinetan barietatearen eta txertakaren artean garatzen diren propietate hidraulikoak eta konexio baskularrak ebaluatuko ditu. Egonaldiak osagarri gisa balio izanen dio bere doktoretza-tesian egiten ari den ikerketetarako, Gonzaga Santesteban García irakaslearen gidaritzapean (Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko irakasle eta Frutagintza eta Mahastizaintza Aurreratuak ikerketa-taldearen arduraduna). Doktoretza-tesi horren gaia mahatsondoaren txerto-landareen kalitateari eragiten dioten faktoreen karakterizazioa da (agronomikoak eta fisiologikoak), baita kalitate hori ebaluatzeko metodo objektibo baten garapena ere.

“Ardogintzaren sektoreak garrantzi handia du mundu mailan, ez bakarrik sortzen duen balio ekonomikoarengatik, baita gizartean eta ingurumenean sortzen duen balioarengatik ere —esan du Diana Marínek—. Hala ere, bizi dugun klima-aldaketaren ondorioz, urteko batez besteko tenperaturaren gorakada eta prezipitazio-erregimenaren aldaketa eragin handia izaten ari dira ardo-ekoizpenean, bai errendimenduari bai kalitateari erasanez. Alde horretatik, material begetalak garrantzi handiko eginkizuna izaten ahal du egokitzapen-prozesuan”.

Mahastizaintzan, iruindar ikaslearen arabera, “landatzeko materiala mintegietan lortzen da, barietatea (‘Vitis vinifera’ L.) txertaka baten gainean txertatuz —oro har, ‘Vitis sp’ motaren hibrido bat, ez vinifera—”. “Kasu gehien-gehienetan, barietatea txertatzeko zotzaren forma kontuan izanik, lotura hori omega erako txerto baten bidez egiten da —azaldu du Diana Marínek—. Gaur egun, mintegi batzuk lanean ari dira jada klima-aldaketara hobeki egokitutako material begetala eskaintzeko, bereziki ‘V. vinifera’ horren barietate berrien edo klonen hautaketari dagokionez. Nolanahi ere, lan gutxik aztertzen dute txertaka berrien hautaketa edo omega erakoak ez diren txerto moten erabilera, nahiz eta horiei esker posible izan barietatearen eta txertakaren arteko lotura baskular hobeak lortzea eta, hortaz, kalitate handiagoko landareak eskuratzea, lehorteak eta mahatsondoaren egurreko onddoak hobeki jasaten dituztenak, egungo mahastizaintzaren arazo handienetakoak baitira”.

Lankidetza Nafarroako enpresa batekin

Testuinguru horretan, Diana Marínen doktoretza-tesia NUPeko Frutagintza eta Mahastizaintza Aurreratuak ikerketa-taldeak Vitis Navarra enpresarekin gauzatzen duen lankidetza zientifikoaren parte da. Vitis Navarra, 1906an Larragan sortua (Nafarroa), lider da bere sektorean. “Enpresa horrek mende bat baino gehiago darama kalitatezko mahatsondoak ekoizten, eta hamar urtetik gora hobekuntza genetikoko eta osasun begetaleko I+G proiektu handiak bultzatzen —baieztatu du ikertzaileak—. Gaur egun, mahatsondoaren txertaka berriak garatzen dihardu, merkatuan dauden txertaken prestazioak hobetzeko xedez, eta prozedura objektibo bat garatzen ari da txerto-landareen kalitatea karakterizatzeko. Nire tesia baliagarria da Vitis Navarrak egindako ikerketarentzat, enpresak txertaka berriak merkaturatu ahal izan ditzan mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari kezka gehien eragiten dizkioten arazo batzuei irtenbidea emateko: klima-aldaketara egokitu ahal izatea eta mahatsondoaren egurrak gero eta maizago sufritzen dituen gaitzei aurre egitea”.