“Google Maps-en aitatxi-amatxiak” erakusketaren irudi bat. Erakusketa Iruñeko Kondestablearen jauregian dago ikusgai.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) “Google Maps-en aitatxi-amatxiak” izeneko erakusketa bat antolatu du. Erakundeak irakaskuntzan erabilitako mapa zaharren bildumaren zati bat biltzen du erakusketak. Iruñeko Irakasleen Eskola Normal zaharrengandik jarauntsi zituen mapak Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Mapa horiek XX. mendeko 30eko hamarkadatik 60kora bitartean Europako zenbait herrialdetan diseinatuak eta fabrikatuak dira (Alemanian, Espainian, Frantzian eta Italian). Erakusketa doan bisitatzeko aukera dago Iruñeko Kondestablearen jauregian (Kale Nagusia, 2) azaroaren 25era arte.
Herrialdeen eta historiaren ikusmoldeak eta tradizio kartografikoak erakusten dituzten mapak daude erakusketan. "Aro digitalaren aurreko" ezagutza eta teknologia erabilgarrien ispilu dira, eta unean uneko curriculumetako edukiak, irakaskuntza metodoak eta prozedura pedagogikoak ikusarazten dizkigute. Horretaz gainera, testigantza historiko gisa, aldiz, mapa horiek sortu zituen gizartearen jakintza, sinesmenak eta jokabideak islatzen ditu, bai eta mapak orain arte gorde dituen gizartearenak ere.
Gaur egun, paperezko mapa haien ordez, aplikazio digitalak erabiltzen ditugu. Ez dago hain urrun, haatik, ikasgeletan mapak zintzilik egoten ziren garaia, osagarri garrantzitsua baitziren irakasleen lana eta ikasleen ikas-prozesua osatzeko.
Mapen erakusketa honek lehengo ikasgeletako oroitzapenak biziberritzera gonbidatzen du, eta mundua ikusteko eta irudikatzeko moduak, itxura batean gaur egungoetatik horren desberdinak direnak, jakin-minez eta espiritu kritikoaz berraurkitzera, zeren, antzinakoa edo modernoa izan, analogikoa edo digitala, kartografia ez da, inola ere, errealitatearen irudikapen objektibo eta aseptikoa. Kartografia beti da informazioa hautatzeko, interpretatzeko eta erlazionatzeko prozesu baten emaitza, koordenatu fisiko jakin batzuetan irudikatzen dena –eta irudikapen hori, aldi berean, espazio geografikoaren beste elaborazio sinboliko bat da–, zertarako eta mezu propio bat eraiki eta transmititzeko. Kartografia didaktikoa bada, gainera, edukiak errazago eta hobeki irakasteko behar diren baliabide hezigarriak erakusten ditu. Hori dela eta, ikuspegi analitikoz eta jarrera kritikoz begiratuz gero, azaleko itxuratik harago ikusiko dugu.
Irekita asteko egun guztietan
Erakusketa astelehenetik igandera bitartean bisita daiteke 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara, eta NUPek Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astearen XVIII. edizioa dela-eta antolatu dituen jardueren barruan antolatu da. Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) – Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak finantzatua eta Iruñeko Udalak lagundua da erakusketa.
NUPek Zientziaren Asteak direla-eta antolatutako jardueren programa osoa erakundearen Kultura Zientifikoaren Unitatearen webgunean dago kontsultatzeko.