Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) hamabi ikaslek hasiera eman diote Urretxindorra programari, hau da, Iruñeko hiru ikastetxe publikotako beste hainbeste ikasleri laguntzeko programari. Hain zuzen, ikastetxe hauetako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleak dira: García Galdeano eta Vázquez de Mella-Bayonne ikastetxeetakoak, gaztelaniaz ikasten dutenak; Bernart Etxeparekoak, berriz, euskaraz ikasten dutenak. Urretxindorra programan parte hartzen duten NUPeko ikasleak adingabe horien mentore bilakatuko dira, eta zenbait jolas eta kultura jarduera egingo dituzte haiekin ikasturtean zehar eskola orduetatik kanpo. Modu horretan, alderdi kulturalak eta sozialak lantzeko elkarguneak sortuko dira, baita norberaren ikaskuntzarako aukerak ere; gainera, NUPeko ikasleek laguntza eskainiko diete ikastetxeetakoei, eta eredu positibo gisa agertuko dira haien aurrean.
Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzaren Gizarte Ekintzarako Unitateak bultzatzen du programa, NUPen Plan Estrategikoan jasota dauden erantzukizun sozialeko jardueren barruan. Horrez gain, Unibertsitateko Herritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO Katedrak laguntza ematen du, ikasle mentoreak prestatzeko eta mentoretza sozialari buruzko gogoetaguneak sortzeko. Aurtengoa zortzigarren edizioa da; hortaz, programa hasi zenetik, 90etik gora mentorek hartuko dute parte, eta beste horrenbeste adingabek eta hamarren bat ikastetxek atera dute onura ekimen horretatik.
Programan parte hartzen duten ikasleak
Hauek dira Urretxindorra proiektuan parte hartzen duten Unibertsitateko ikasleak (eta dagokien titulazioa): Juan Alonso Galar (Gizarte Lana), Patricia Asurmendi Nuin (Industria Teknologien Ingeniaritza), Iván Joao Pérez (Industria Teknologien Ingeniaritza), Nadia Kostadinova Chimeva (Lehen Hezkuntzako Irakasletza), Daniel Lacheta Lecumberri (Industria Teknologien Ingeniaritza), Eduardo López Díaz (Industria Teknologien Ingeniaritza), Jessica Paola Sangucho Romero (Gizarte Lana), Ana Sánchez de Badajoz Gómez (Gizarte Lana), Andrea Savov Garrote (Lehen Hezkuntzako Irakasletza), Elisa Segovia Tiscar (Gizarte Lana), Leire Valencia Salcedo (Zuzenbidea) eta Eduarda Vela Pons (Gizarte Lana).
Programak harremanetan jartzen ditu gazteak testuinguru sozial ezberdinetako haurrekin, abiapuntutzat hartuta bien arteko harremana aukera egokia dela esperientzia berriak edukitzeko, trebetasunak jorratzeko eta pertsonen arteko harreman moduak lantzeko. Xedea da esperientziak onura ekartzea tartean diren alderdi guztiei: adingabeei, beren familiei, ikastetxeei, Unibertsitateko ikasleei eta Unibertsitateari berari.
Mentoretza, gaztelaniaz eta euskaraz
Mentoretza gaztelaniaz eta euskaraz egiten da (haurrak zer hizkuntzatan ikasten duen, horrexetan), eta Unibertsitateko ikasleek aldez aurretik jasoa dute prestakuntza, adingabeekin egokituko zaizkien egoerei aurre egiteko edo familiarekin zer-nolako harremana landu jakiteko. Laguntzeko lanean, jolas eta kultura jarduerak egiten dira, eskola orduetatik kanpo, astean bi edo hiru orduz. Era berean, Unibertsitateko Gizarte Ekintzarako Unitateak laguntza ematen die mentoretza banaka eta taldeka egiten duten Unibertsitateko ikasleei, kontsultarako espazioak sortuz, zailtasun egoerak aztertuz eta ikasturtean sortzen den edozein zalantza argituz.
Mentore izateak haurrekin denbora partekatzea eta kalitatezko arreta ematea dakar berekin, askotariko aukerak amestu ditzaten eta bizitzan esperientzia berriak edukitzeko aukera izan dezaten. Jarduera amaitzean, Unibertsitateko ikasleek beren parte hartzearen ebaluazio txostena egiten dute. Parte-hartzaile bakoitzak beka bat jasotzen du, jarduerak egiten diren bitartean sortzen diren gastuak ordaintzeko xedez.
NUP Mentoretza Sozialeko Koordinakundeko kide da (Kataluniako zenbait unibertsitaterekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, besteak beste), baita Nightingale Mentoring Network-ekoa ere, zeinak Europako bederatzi herrialdetako (Alemania, Austria, Danimarka, Espainia, Finlandia, Islandia, Norvegia, Suedia eta Suitza) hainbat erakunde biltzen baititu; erakunde horietatik hamasei, izan, unibertsitateak dira. Urretxindorra proiektua 1997an sortu zuen Malmöko Unibertsitateak (Suedia), adingabeak Unibertsitateko ikasleekin konektatzeko programa gisa. Ekimena Israelgo Perach proiektuan oinarritu zen, eta urretxindor izena eman zitzaion, seguru sentitzen denean zoragarriki kantatzen duen txoria baita. Izen horrek, halaber, suediar hiriarekin dauka zerikusia, bertan jaio baitzen Hjalmar Gullberg poeta (1898-1961), zeinak hegazti horretan inspirazioa aurkitu baitzuen bere bertsoak idazteko.