Joan eduki nagusira

zoom Humberto Bustince, NUPeko katedraduna

Humberto Bustince, NUPeko katedraduna

Humberto Bustince Sola (Uxue, Nafarroa, 1958), Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) katedraduna da, eta han Smart Cities Institutuan ikertzen du (ISC). Nottinghameko Unibertsitateko ohorezko irakaslea ere bada (Erresuma Batua), eta 2018an munduan eragin handiena duten eta gehien aipatuak diren zientzialarien zerrendan dago. Zerrenda hori Clarivate Analyticsek egin du. Thomson Reuters jabetza intelektualaren eta zientziaren arloan aritzen den agentziaren adar ohia da. Irakasle eta ikertzaile hori esparru gurutzatuen mailan dago. Horrek esan nahi du bere ikerketa-artikuluak hiru diziplina hauekin lotuta daudela: konputazioaren zientziak, ingeniaritza eta matematika. Nafar erakundeko irakasle bat zerrenda horretan agertzen den lehenbiziko aldia da.

Clarivate Analyticsen “Highly Cited Researchers” zerrenda  sailkapen ospetsuenetako bat da nazioarteko komunitate akademikoan eta zientifikoan. Zerrenda egiteko, Web of Science Core Collectioneko aldizkari indexatuetan azken hamar urteetan argitaratutako artikuluak hartzen dira erreferentzia gisa. Clarivate Analyticsek Web of Science plataforman gaiaren eta argitaratze urtearen arabera erreferentzia gehien erregistratuak dituzten dokumentuen % 1aren barruan daudenak hartzen ditu asko aipatutako dokumentutzat (“Highly Cited Papers” deritzatenak).

Nazioarteko sailkapen hori urtero argitaratzen da, eta unibertsitate-esparruan mundu mailako proiekzio handia duten ranking askotako funtsezko osagaia da. Esaterako: Academic Ranking of World Universities (ARWU),  Shanghaiko Rankinga  izenaz ezagunagoa dena.

Humberto Bustince sei ikerketa artikuluri esker agertzen da zerrenda horretan (gutxienez ere bost ikerketa artikulu eduki behar dira). “Mundu osoko unibertsitateek erabiltzen dute zerrenda hori irakasleak kontratatzeko —esan du Humberto Bustince Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko katedradunak—. Zerrenda argitaratu denetik, atzerriko unibertsitateen hiru lan eskaintza iritsi zaizkit”.

Curriculum laburra

Humberto Bustincek Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea dauka, eta Fisika Zientzietan lizentziaduna da Salamancako Unibertsitatean (1983) eta matematikan doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan (1994). Unibertsitate horretan irakasten eta ikertzen du 1991. urteaz geroztik. Egun, adimen artifizialeko eskolak ematen dizkie Informatika Ingeniaritzako eta Datuen Zientziako ikasleei.

Adimen Artifizialeko eta Arrazonamendu Hurbilduari buruzko NUPeko ikerketa taldearen arduraduna da, eta 200tik gora zientzia-artikulu eta nazioarteko biltzarretarako 150etik gora ekarpen egin ditu, ikertzaile nagusia da bai nazioko eta bai nazioarteko hogeitik gora proiektutan, eta beste autore batzuekin batera logika lausoari buruzko bost libururen egilea da gainera.

“Applied Soft Computing” aldizkariaren arabera, Humberto Bustince logika intuizionista lausoaren barruan eragin handienetako bat duten hamar autoreetako bat da. Adimen artifizialaren esparru bat da, eta hainbat arloren artean honako hauetan ditu aplikazioak: erabakiak hartzeko prozesua, irudiaren bidezko diagnostiko medikoa, hizkuntza naturalaren prozesatzea, kontrola eta soziologia. Horretaz gainera, bere artikulu bat, Pedro Burillo López katedradun erretiratuarekin batera 1996an sinatu zuena, gai horretako zientzialari nagusiek gehien aipatu dutena da nazioartean.

Bustinceren ibilbide zientifikoa aitortzeko, International Fuzzy Systems Associationeko (IFSA) “Fellow” izendatua izan zen. 2015ean, halaber, Humberto Bustince Mikel Galar Idoate NUPeko ikertzailearekin batera saritu zuten “Computational Intelligence Society (CIS) elkarteak editatzen duen  IEEE Transactions on Fuzzy Systems” aldizkarian 2013an argitaratu zen artikulu onenagatik saritua izan zen. Aldizkari horren oihartzun-indizea handienetakoa da munduko ingeniaritza aldizkari guztien artean. Makinen erabaki-hartzean oinarritutako lan honi emandako saria lana argitaratu eta handik bi urtera jakinarazi zen epaimahaiak adimen artifizialeko munduko espezialista nagusiei kontsulta egin eta gero.