Joan eduki nagusira

zoom Andrea Ollo López eta Santiago Sánchez Alegría irakasleak, Informazio Sistema Integratuen bidezko Prozesuen Kudeaketako (ERP) Unibertsitate Masterraren arduradunak, SAP Next-Gen Chapterren egiaztagiria eskuan dutela.

Andrea Ollo López eta Santiago Sánchez Alegría irakasleak, Informazio Sistema Integratuen bidezko Prozesuen Kudeaketako (ERP) Unibertsitate Masterraren arduradunak, SAP Next-Gen Chapterren egiaztagiria eskuan dutela.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) elkarlanean hasi da Municheko Unibertsitate Politeknikoarekin (Alemania) SAP University Alliances programan parte hartzen duten ehun bat unibertsitatetako langileen prestakuntza-gaitasunak hobetzeko. Izan ere, Alemaniako SAP multinazionalak NUPeko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea hautatu du SAP Next-Gen Chapter izeneko programaren liderra izan dadin. Programa horren helburua da Espainian erreferentziazkoa den erakunde bat (kasu honetan, NUP) “xede jakin baterako berrikuntza” delakoaren katalizatzaile izatea (NBEren Garapen Jasangarriko 17 Helburuekin lotutako berrikuntzarena) bai irakaskuntzan eta ikerketan bai enpresekiko lankidetzan.

Ekimenak urrats bat gehiago ekarriko du NUPen eta SAP multinazionalaren arteko lankidetzan, zeina 1999an abiarazi baitzen ikasleak trebatzeko. Bi instituzioen arteko elkarlanik handiena, izan ere, Informazio Sistema Integratuen bidezko Prozesuen Kudeaketako (ERP) Unibertsitate Masterra da (ERP siglak “Enterprise Resource Planning” terminoari dagozkio). Graduondo hori ofiziala da eta Europar Batasun osorako balio du, eta bere ikasleei prestakuntza ematen die enpresa-proiektuak bideratzeko eta abiarazteko modu berri bat beregana dezaten, negozio-prozesuak hobetuz, lehiakortasunaren, eraginkortasunaren eta emaitza hobeen bila. Prestakuntza hori SAP softwarearen bidez ematen da. Izan ere, SAP erabiltzen duten enpresetan ari dira lanean gaur egun masterra egin duten egresatu gehienak.

SAP Next-Gen Chapter programari esker, SAP Leonardo plataformako aplikazio berriak sartuko dira masterrean: besteak beste, SAP S/4HANA, SAP Analytics eta ERPSim negozioak simulatzeko jokoa. Azken batean, unibertsitatean trebatzen ari diren ikasleak egoki prestatu nahi dira eraldaketa digitalaren esparruan hemendik aurrera sortuko diren enpresa adimendunetan lan egiteko.


Abangoardia teknologikoa

“Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearentzat oso garrantzitsua da abangoardia teknologikoaren aitzin-aitzinean egotea, eraldaketa digitala goitik behera aldatzen ari baita negozioen mundua —dio Emilio J. Domínguez Irastorza dekanoak—. Gure curriculumetarako erronka nagusietako bat da ikasleei gaitasunak ematea gauza izan daitezen lehiakortasun jokaleku berrietara egokitzeko. SAP Leonardo plataformako tresna eta aplikazio digitalak osagarri ezin hobeak dira gure helburuak betetzeko”.

Zehazki, NUPeko Ekonomiako fakultatea SAP Next-Gen programako ezagutzaren eta berrikuntzaren muinean sartu da, hau da, SAP Leonardo plataformak erabiltzen duen berrikuntza-komunitatearen erdigunean. Programa horren bidez, lotura egiten da enpresen eta unibertsitario nahiz akademikoen artean elkarrekin berrikuntzako proiektuak egin ditzaten, enpresaren arloko erronkei garatzen ari diren teknologien bidez irtenbidea emateko. Horretarako, “Design thinking” metodologia baliatzen da, hots, ideia berritzaileak sortzeko tresna bat.

SAP Next-Gen Chapter direlako unitateek prestakuntza akademikoa jaso dezakete, bai eta SAP Leonardo plataformari buruzko curriculum akademiko berriak eta negozio digitalen lidergo intelektuala garatu ere. Unitate horietako batzuetan, jardunbide onak biltzen dira SAP enpresaren teknologia darabilten proiektuak “xede jakin baterako berrikuntza” delakoarekin lotzeko; beste unitate batzuetan, berriz, ikasleek SAP teknologiak erabiliz ekintzailetza sozialeko ekimenak sortzea sustatzen dute. Azken finean, horien guztien helburua da industriak unitateak darabiltzan erakunde akademikora jo dezala SAP irtenbideak ezagutzen dituzten graduatuak kontratatzeko eta ezagutzei probetxu ateratzea xede zehatzetarako berrikuntza digitala bultzatzeko, hots, NBEren Garapen Jasangarriko 17 Helburuekin lotutako xedeetarako.