Enplegurako eta Ekintzailetzarako XI. Topaketa 2018ko urriaren 24an egingo da, asteazkena, eta enpresatako eta sektore publikoko eta pribatuko entitateetako 50 bat ordezkari etorriko dira. Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatu du topaketa, Unibertsitate - Gizarte Fundazioaren bidez.
Ekimena Arrosadiko campuseko Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan egingo da (Iruñean), 10:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 19:30era, eta xedea da ikasleen eta egresatuen enplegagarritasuna hobetzea profesionalak behar dituzten entitateekin harremanetan hasteko gune bat eskainiz. Informazio guztia topaketaren webgunean dago. Ekimenaren babesle da Nafarroako Gobernua Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez, eta entitate hauek ere laguntza eman dute: AN Taldea, Helphone, Ingeteam, Deloitte, Acciona Energía, Leroy Merlin, Florette Ibérica, Electrónica Falcón, Mondragon Korporazioa, Nafarroako Rural Kutxa, Exkal, Azkoyen eta InnovaSocial (La Caixa Fundazioa eta Nafarroako Kutxa Fundazioa).
Topaketan, ikasleek aukera izango dute jakiteko ikasketak bukatzen dituztenean lana aurkitzeko estrategiak nola optimizatu, lan-elkarrizketa laburrak egiteko eta gune irekietan informazioa biltzeko ekintzailetzari buruz eta gobernuz kanpoko erakundeetan eta irabazi asmorik gabeko entitateetan lan egiteari buruz. Alfonso Carlosena NUPeko errektoreak inauguratuko du ekitaldia. Unibertsitate - Gizarte Fundazioak doako lantegiak antolatu ditu, ikasleei erakusteko nola ateratzen zaien probetxu handiena curriculumari eta enplegatzaileekin izandako harremanei eta nola erabili behar diren online baliabideak lana bilatzeko. Lantegiotan parte hartzeko, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.
Gune irekiak, lantegiak eta jarduerak
Asteazkenean, 10:00etatik aurrera, standak izango dira ikusgai, eta zenbait panel bata bestearen ondotik, zeinetan aukera profesionalak azalduko baitira titulazioka eta jakintza-adarka: industria ingeniaritza, informatika eta telekomunikazioetako ingeniaritza, nekazaritza ingeniaritza eta, azkenik, ekonomia zientziak, lan harremanak eta zuzenbidea. Asteazken arratsaldean, 17:00etan, industria ingeniaritzaren arloko lan aukerak azalduko dituzte.
Egun osoan zehar, gainera, hiru “Open Space” edo gune ireki egingo dira zenbait gairi buruz. Lehena, 13:00etatik 14:00etara, nazioartean lan egiteari buruzkoa izango da, eta Erasmus+ proiektuez, Europako lan mugikortasunerako EURES sareaz eta diplomazialari karreraz mintzatuko dira. Bigarrena 16:30etik 18:30era izango da 04. ikasgelan, eta lantegiak eskainiko dituzte NUPeko Enpresak Sortzeko Unibertsitate Laborategiak (LUCE), Nafarroako Berrikuntza eta Enpresen Europar Zentroak (CEIN) eta Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresen Elkarteak (ANEL). Gune horretan bertan, Campus Iberusen Démola programa emango dute ezagutzera, hau da, enpresek eta entitateek planteatutako zenbait erronkei ikasleek konponbideak proposatzeko ekimena.
Arratsaldean, 17:15etik 18:45era, mahai-inguru bat egingo da izenburu honekin: “Talentuak enplegatu nahi dituzu? Egiatan? Ba, zaude erne: talentuak enplegatzaileari kontatuko dio zein diren millenialak enplegatzeko funtsezko alderdiak”. Azkenik, 18:15etik 19:15era, hirugarren gune irekia egingo da, non gobernuz kanpoko eta irabazi asmorik gabeko zenbait erakunde (Mugarik Gabeko Medikuak, Gurutze Gorria, Itaka Eskolapioak eta CEAR Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordea) hirugarren sektoreko lan aukerez mintzatuko baitira.
Enplegu Azoka Birtuala
Azoka presentzialaren ondoren, Enplegu Azoka Birtuala etorriko da, urriaren 24tik azaroaren 15era. Espazio birtual horretan egongo dira, azoka presentzialeko entitateak ez ezik, arlo askotako multinazionalak, Nafarroako enpresa txiki eta ertainak (ETE) eta mikroenpresak, gobernuz kanpoko erakundeak, desgaitasunen sektoreko erakundeak, startup-ak eta abar.