Ezkerretik eskuinera: Javier Caballero, Cristina Bayona, Ricardo Goñi, Alfonso Carlosena, Primitivo Caballero, Gonzalo Soto eta Delia Muñoz.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Bioinsecticsen kapital sozialaren % 5ean parte hartuko du akzioak erosita. Unibertsitateak “spin-off” edo oinarri teknologikoko enpresa gisa aitortu du Bioinsectics. Nafarroako Rural Kutxak finantzatu du proiektua. Aipatu enpresaren espezializazio-esparrua hau da: industria ekoizpena eta teknologia garapenen merkaturatzea jatorri mikrobiarreko intsektiziden esparruan nekazaritza eta medikuntza-albaitaritza intereseko izurriak kontrolatzeko. Beraz, NUPek bost “spin-off” hauen akzioak ditu: Bioinsectics, Nadetech Innovations, Naudit High Performance Computing and Networking, Movalsys eta Eversens.
Enpresa hori Unibertsitatearen oinarri teknologikoko enpresa gisa aitortzen duen hitzarmena sinatzera joan dira NUPeko, Bioinsecticseko eta Rural Kutxako ordezkariak. Zehazki, Unibertsitatean izenean Alfonso Carlosena errektorea eta Cristina Bayona Sáez Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea joan ziren. Bioinsecticsen izenean hauek joan ziren: bazkide sortzaileak (NUPeko bi irakasle, Primitivo Caballero Murillo katedraduna eta Delia Muñoz Labiano irakaslea, eta Javier Caballero Sánchez, Bioteknologian masterra NUPen). Azkenik, Nafarroako Rural Kutxaren izenean Ricardo Goñi Leránoz Erakundeekiko Harremanetarako arduraduna, eta Gonzalo Soto Escudero, Línea Inicia Emprendedoreseko arduraduna joan dira.
Marka eta kontratuak
Enpresaren eta Unibertsitatearen arteko lankidetza hitzarmenaren arabera, Bioinsecticsek “Nafarroako Unibertsitate Publikoaren spin-offa” marka erabiltzeko aukera izango du bere jardunean. Enpresak konpromisoa hartzen du Unibertsitateko ikerketa taldeak kontratatzeko, ikerketa lanak egin ditzaten eta jakintza transferi dezaten, eta, ahal dela, NUPeko tituludunak kontratatzeko.
Horrez gainera, harremanak eta lankidetza sustatuko dira, batetik, ikasleek curriculum praktikak eta curriculumetik kanpoko praktikak Bioinsecticsen egin ditzaten, eta, bestetik, gradu amaierako lanak, master amaierako lanak eta doktoretza tesiak enpresa horren jarduera-esparruan egin ditzaten. Unibertsitateak, bere aldetik, konpromisoa hartzen du campuseko guneak baldintza onuragarrietan erabiltzeko aukera emango duela hitzarmenetik eratorritako jardueretarako.