Irabazleak, finalistak eta epaimahaikideak, 2017an Planetarioan, “3 minutuak” lehiaketaren finala bukatu eta gero. Ezkerretik eskuinera: Itziar Uzqueda (finalista), Silvia de Miguel (finalista), José Miguel Múgica (epaimahaikidea), Óscar Orzaiz (epaimahaikidea), Leyre Catalán (irabazlea masterrean), Nieves Gordón (epaimahaikidea), Óscar Herrero (atzean, finalista), Alejandro González Inza (irabazlea graduan), Ramón Gonzalo (epaimahaiburua), Raquel Luquin (epaimahaikidea), Irene Beisti (finalista), Paula Goñi (finalista) eta Íñigo Olcoz (finalista).
Nafarroako Unibertsitate Publikoak “3 minutuan” lehiaketaren hirugarren edizioa jarri du abian. Lehiaketaren helburua da publiko ez-espezializatuari ikasketa amaierako lanen edukia 180 segundoan hobekien azaltzen duten graduko, zikloko eta masterreko NUPeko ikasleak saritzea. Lehiaketan, 1.000 € emango dira saritan, eta eskaerak aurkezteko epea urriaren 26an amaituko da.
“Tesiak 3 minutuan” lehiaketan du sorburua “3 minutuan” lehiaketak. Lehiaketa hura 2012an antolatu zuen lehenbiziko aldiz NUPek, eta doktoretzako ikasleek ere bazuten parte hartzeko aukera. Bi urte geroago, 2014an, lehiaketan parte hartzeko aukera eskaini zitzaien Campus Iberuseko lau unibertsitateetan prestakuntzan ari diren ikertzaileei (Errioxa, Lleida, Nafarroako Publikoa eta Zaragoza). Ekimenaren arrakastak eragin du Campus Iberusek antolatzea “Tesiak 3 minutuan”, doktoretza tesi bat hobekien azaltzen duen ikaslea saritzeko.
Hori dela-eta, “3 minutuan” lehiaketa NUPeko graduko, zikloko eta masterreko ikasleei zuzentzen zaie. Parte hartzeko betebehar bakarra dago: unibertsitateko ikasleek aurreko ikasturtean aurkeztu izana gradu edo master amaierako lanak edo karrera amaierako proiektuak. Parte-hartzaileek 3 minutuan laburbildu behar dituzte lan horiek jendaurreko azalpen batean.
Sariak eta oinarriak
Lehiaketan 1.000 euro banatuko dira sarietan. 500, graduko eta zikloko mailan; eta beste 500, masterreko mailan.
Deialdiaren oinarriak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean kontsulta daitezke.
Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) – Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak, Iruñeko Planetarioak eta Nafarroako RNEk lagundutako ekimena da.