IS-FOOD Institutuko ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Lide Arenaza, Maddi Osés eta Idoia Labayen, IS-FOOD Institutuaren egoitzan, NUPeko Jerónimo de Ayanz zentroa.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Nekazaritza eta Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Jasangarritasun Ikerketarako Institutuko (IS-FOOD) ikertzaileek ikerketa lan bat argitaratu dute. Lan horretan frogatu dute gosariaren kalitatea lotuta dagoela gehiegizko pisua duten haurren arrisku kardiobaskularreko eta metabolikoko faktore garrantzitsuekin (baita ariketa egunero egin eta gorputz sasoi onean dauden haurretan ere). Artikulua “Nutrients” aldizkarian argitaratu zen, eta egileak konturatu ziren nutrizio kalitate txarragoa eta dentsitate energetiko handiagoa zuten gosariak hartzen zituzten adingabeek kolesterolaren eta azido urikoaren maila handiagoak eta intsulinarekiko erresistentzia handiagoa zituztela (elikagai gramo bakoitzeko kaloria kantitate handiagoaren parekoa da dentsitate energetiko handiagoa). Ikertzaileek ondorioztatu dute populazio pediatrikoaren osasun kardiobaskularra hobetzeko nutrizio hezkuntzako programek gomendio espezifikoak eduki beharko lituzketela eguneko lehen otordu horretan dentsitate energetiko handiko elikagaien kontsumoa jaisteko.
Artikulu honen egileak IS-FOOD institutuaren Nutrizioaren, Ariketa Fisikoaren eta Osasunaren Taldeari atxikiak daude, eta hauek dira: Lide Arenaza Etxeberria, Idoia Labayen Goñi, María Medrano Echeverría eta Maddi Osés Recalde, Granadako Unibertsitateko ikertzaileekin batera.
“Gosaria eguneko lehen otordua ez ezik, otordu garrantzitsuena ere bada —esan du Idoia Labayen Osasun Zientzien Saileko irakasleak—. Hori gorabehera, haur asko gosaldu gabe joaten dira eskolara. Hori dela-eta gose handiagoa izaten dute bazkaltzerakoan, eta behar baino gehiago jaten dute. Ez gosaltzea gehiegizko gantzarekin eta antzeko beste osasun arazo batzuekin lotu izan da. Beraz, gosaria bultzatzen ari dira haurren gizentasunari aurrea hartzeko estrategiaren barruan”.
Kalitatea gosarian
Nolanahi ere, gosaltzetik edo ez gosaltzetik harago, eguneko lehen otorduaren kalitatea ere garrantzitsua da, eta hori izan da ikerketa lan honen gaia. “8 urtetik 12 urtera bitarteko adinean dauden eta gehiegizko pisua duten 203 ikaslek gosaltzeko dituzten ohiturak ebaluatu ditugu —esan du Idoia Labayenek—. Datu horiei esker, konturatu gara haurren % 13k ez zuela egunero gosaltzen, eta nutrizio kalitate txikiagoko eta dentsitate energetiko handiagoko gosariak hartzen zituztenek kolesterol eta azido uriko maila handiagoak zituztela odolean eta intsulinarekiko erresistentzia handiagoa. Hain zuzen, gosariaren dentsitate energetiko handiagoak ondorio negatiboa zuen glukosaren metabolismoan, baita ariketa fisikoa egiteko eguneroko gomendioak betetzen zituzten haurretan ere: 60 minutu, neurrian edo erritmo bizian egindako ariketa fisikoan”.
Ikerketek azpimarratzen dute haurren osasun kardiobaskularra eta metabolikoa hobetzeko nutrizio hezkuntzako programek dentsitate energetiko handiko elikagaien kontsumoa jaistea izan beharko luketela aztergai. Esaterako, “produktu ultra-prozesatuak, haurrek gosaltzeko jaten dituztenak”, Idoia Labayenen arabera.