Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Smart Cities Institutuko (ISC) bi ikertzailek tresna bat garatu dute hiri adimendunen esparruan aplikagarriak izan daitezkeen teknologiak eta sistemak ebaluatzeko. “Etxetresna elektrikoetarako edo eraikinetarako efizientzia energetikoari buruzko etiketa ezagunak dauden bezala, teknologiek ere eduki lezakete etiketa bat lagungarri izan litekeena beren efizientzia eta eraginkortasuna identifikatzeko hirietan aplikatzerakoan”, esan du Pablo Branchik, egileetako batek. Ignacio R. Matías Maestro NUPeko katedradunarekin lankidetzan egin du lan hori. Tresna hori jada aplikatu dute Iruñean, eta abantaila hau du: “konponbide egokiena bilatzen du udalerri bakoitzeko errealitate zehatzerako, eta konponbide horrek ez du zertan korapilatsua edo hiperteknifikatua izan”.
Honek eragiten du “Smart City Tool” deritzan metodologia hori garatu beharra: “hiri adimendunaren kontzeptua hiri ingurunea diseinatzeko eta kudeatzeko ohiko agertokia aldatzen ari da, halako moldez non egunero errealitate berriak agertzen baitira, egokitutako konponbideak bilatzen dituztenak, eta behar berriak sortzen dituzten sistemak dituztenak”. “Ingurune horretan, politikariek, kudeatzaileek eta hiri diseinatzaileek zailtasun handiak dituzte errealitate aldakor horiek eta merkatuak ematen dizkien konponbideak ebaluatzeko”, gehitu du Pablo Branchik.
Bi parteko tresna
Iruñeko sistemetan aplikatutako tresnaren emaitzak. Mugikortasunaren, efizientzia energetikoaren eta bizi kalitatearen esparruetan duten eraginaren arabera ordenatuta daude.
Tresnak bi parte ditu: “Lehenik, ikerketa matrize bat hiri adimendun baten ingurunean eragina izan ahal duten ekimenak aztertzeko; bigarrenik, adierazleak dituen aginte koadro gisa aplikatzeko eta jarraitzeko tresna bat, sistema horiek estrategia zehatzen barruan hirietan eta beren lurraldeetan aplikatzeak izan ditzakeen ondorioak egiaztatzeko —azaldu du ikertzaileak—. Tresna horren bidez, teknikariek ekimen bakoitzaren abantailak eta desabantailak ebaluatu ahal izango dituzte, baita ekimena aplikatu baino lehen ere, zenbait egoerarekin probak egin, erabilgarri dauden teknologien eta sistemen dohainak bilatu kostu-mozkin optimoarekin, eta haiek aplikatzeko modu orekatuena. Horrela, konponbideen arteko erlazioa baloratu ahal izango dute, bai partzialki, bai osoki, ingurune fisiko zehatz batean, eta hala hiri edo lurralde tipologia bakoitzerako estrategia optimoa zein den aztertu eta aurkitu.
Tresna hori jada erabili dute Iruñeko Udalak proposatutako hogeita hamarretik gora “smart city” ekimenetan (esaterako: Zure Villavesa aplikazioa. Hiri garraioen ibilbideei, hondakinak biltzeko sistema pneumatikoari edo Pamplona nBici bizikleta partekatuaren ekimenari buruzko informazioa ematen du aplikazioak), eta ekimen horiek puntuazio oso onak dituzte.
STARDUST hiri adimendunei buruzko europar proiektuaren barruan erabiltzen ari dira tresna hori, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalak (CENER) koordinatzen du proiektu hori, eta bazkide parte-hartzaileen artean NUP dago. Ekimen hori 2017an aukeratu zuen Europako Batzordeak Ikerkuntzako eta Berrikuntzako Horizonte 2020 Esparru Programako “Hiri eta komunitate adimendunak” deialdiaren barruan.
SARDUST proiektuak 29 bazkideko partzuergo bat dauka (bederatzi hiri, enpresa publiko eta pribatuak, teknologia eta ikerketa zentroak, unibertsitateak eta enpresa txiki eta ertainak), Europako bederatzi herrialdetakoak. 21 milioi euroko aurrekontua du, eta horietatik 18 Europako Batzordeak ematen ditu. Horietatik 5,5 milioi euro Iruñean egingo diren lanetara bideratuko dira, non efizientzia energetiko globala areagotzera eta bizi kalitatea hobetzera bideratutako konponbideak probatzen ari baitira.