Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) gaur eman dio, ostirala, urriak 5, Alumni Nabarmenaren III. Saria Raquel Urtasun Sotil telekomunikazio ingeniariari, eta Entitate Nabarmenaren II. Saria EIN S.L. enpresa publikoari (Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europar Zentroa), Alfonso Carlosena Unibertsitateko errektorea buru izan duen ekitaldi batean.
Ekitaldi instituzionalean, erakundean zerbitzua ematen 25 urte igaro dituzten 29 pertsonak ere omendu dituzte (horietatik 17 irakasle eta ikertzaileak, eta gainerako 12ak administrazioko eta zerbitzuetako langileak). Horien artean zeuden Cristina Bayona Sáez eta Eloísa Ramírez Vaquero, Ikasleen gaietarako eta Enplegurako errektoreordea eta Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordea, hurrenez hurren. 2017ko irailaren 1etik 2018ko abuztuaren 31ra bitartean jubilatutako 9 langileen lana ere aitortu dute (horietatik 5 irakasleak, eta gainerakoak AZLkoak), eta aurten hil diren unibertsitateko langileak gogoratu dituzte.
Errektoreak, bere hitzaldian, Unibertsitatearen lehen urteak gogoratu ditu, alumni nabarmenak bere karrera hasi zuen garaiak, eta nabarmendu du “unibertsitate bat, lehenbiziko pausoak ematen ari zena ilusio handiz, baina zailtasunekin irakasleak erakartzeko, laborategiak egin gabe, lanak campusean, oraindik itzalik ematen ez zuten zuhaitzak, eta askok auzitan jartzen zuten unibertsitate berria gai ote zen maila egokiko tituludunak prestatzeko”. Puntu honetan, errektoreak NUPeko egresatuek mundu osoko enpresetan egindako lana aitortu du. Halaber, gogora ekarri du 1996an lehen hitzarmena sinatu zela CEINekin, entitate nabarmen gisa aintzatetsia, eta nabarmendu du “sinadura horren ondoren sortutako lankidetza sakona eta jarraitua izan dela denbora horretan guztian, eta NUP enpresak sortzeko eredu bihurtu duela, ikerketaren eta berrikuntzaren emaitzetan oinarritutako eredu”.
Raquel Urtasunen eta Pilar Irigoienen esku-hartzeak
Esker ona emateko hitzaldian, Raquel Urtasunek adierazi du NUPen prestakuntza jaso ez ezik ikasi ere egin zuela “dena posible dela gogoz, konpromisoz eta ilusioz lan eginez gero” “Eta hori da izan dudan ikaskuntza baliotsuena eta espero dut hori izango dela ikasgela hauetatik urtero igarotzen diren milaka ikasleek urtero izango dutena”, esan du.
“Teknologiaren munduan emakumea izatea ez da erraza izan inoiz —jarraitu du—. Zailtasunen aurrean inoiz ez diot borroka egiteari utzi. Espero dut nire arrakasta inspirazio iturri izatea emakume belaunaldi berrientzat. Mezu bat du haientzat: mundua norbaitek aurkituko zain dauden aukerez beteta dago. Ez pentsa kontrakorik. Lor dezakezu!”.
Bestalde, Pilar Irigoien Ostiza CEINeko kontseilari delegatuak saria jaso du entitate hori ordezkatuz, eta CEINen eta NUPen arteko lankidetzaren hasierak gogoratu ditu, bai eta NUPen Enpresak Sortzeko Unibertsitate Laborategiaren lehenbiziko pausoak ere (LUCE) ““mugarri horrek ekintzailetza sustatzeko egindako lana sendotu eta indartu zuen, eta enpresa proiektua abian jartzeko prozesua ikasleei hurbildu zien ahalik eta modu egiazkoenean””, nabarmendu du.
Bi erakundeek batera egindako lana ere aipatu du Pilar Irigoienek, eta nabarmendu du “gure lurraldearen aurrerapenari ekarpena egin diola unibertsitateko talde ekintzaileago baten bidez eta enplegua eta aberastasuna sortzen duten enpresa berrien bidez”.