Raúl Aguilar Elena (Salamanca, 1978) biologoak eta lan-arriskuen prebentzioko teknikariak metodo tekniko bat prestatu du laneko arrisku biologikoak ebaluatzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesian. Zenbait sektoretako 53 enpresarekin egin duen ikerketa batean baliozkotu du metodoa, hau da, 520 bat langilerekin egindako ikerketa batean. Hala, laneko arrisku biologikoen arloak lehendik zuen gabezia bat bete du metodo berriak, ikertzailearen iritziz “laneko arrisku biologikoez ez baita inor gogoratzen ez enpresetan ez Administrazioan”, nahiz eta horrelakoak gertatzeko arriskua handiagoa izan sektore batzuetan (osasun zerbitzuetan, nekazaritzako elikagaien industrian, hondakinak eta hondakin-urak tratatzeko zentroetan, abeltegietan, albaitari zentroetan, laborategi klinikoetan, albaitaritzakoetan eta industrialetan).
“Aintzat hartzen dira istripuak, lantokiko zarata edo arrisku kimikoak, baina ez zaie hainbesteko arretarik ematen birusei, bakterioei, onddoei eta parasitoei, zeinek gaixotasun larriak eragin baititzakete lan ingurunean”, dio Raúl Aguilarrek. Tesiaren zuzendariak Víctor Martínez Merino eta Rodrigo Morchón García izan dira, NUPeko InaMat Material Aurreratuen Institutuko ikertzailea eta Salamancako Unibertsitateko irakaslea, hurrenez hurren. Nolanahi ere, laneko arrisku biologikoak ebaluatzeko metodoak falta dira. Espainian, metodo bakar bat dago, BIOGAVAL izenekoa, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Valentziako Institutuarena, baina “ez dago metodoa baliozkotzearen ebidentziarik”, eta bada beste bat, Laneko Segurtasunaren eta Higienearen Institutu Nazionalak argitaratua, zeinak proposatzen baitu “prozedura bat, hain sinplea, ezen ez baitio baliorik eransten arriskuaren ebaluazioari”.
Erraz aplikatzeko moduko metodoa
Raúl Aguilarrek laneko arriskuak ebaluatzeko proposatzen duen metodo tekniko berria 53 enpresatan ikertu da, eta emaitzek frogatu dute fidagarria dela eta behar bezala baloratzen dituela arrisku biologikoak. “Edozein sektoretako enpresetan aplikatzeko modukoa da, betiere enpresak 664/1997 Errege Dekretuko lege-betebeharrak betetzen baditu, hau da, Lanean Langileen Osasuna eta Segurtasuna Agente Biologikoek Dakartzaten Arriskuetatik Babesteari buruzko betekizunak; gainera, enpresek, laneko arriskuen prebentziorako teknikariek eta langileek erraz aplikatzeko modukoa da”, azaldu du ikertzaileak. Doktoretza-tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.
Tesian, halaber, datuak ematen dira laneko arrisku biologikoen kudeaketari buruz, enpresen konfidentzialtasuna gordez betiere. Ikerketan, egiaztatu dute eskularruak erabiltzen direla gehien (kasuen % 86an) laneko arrisku biologikoetatik babesteko, eta, horien atzetik, maskarak (kasuen % 74an) eta betaurrekoak (kasuen % 70ean). Bestetik, datuek erakutsi dute prebentzio zerbitzu propioak dituzten enpresa handiek kudeatzen dituztela modu eraginkorragoan halako arriskuak, prebentzio zerbitzuak azpikontratatzen dituztenek eta enpresa txikiek baino. Raúl Aguilarrek berak eman die aholku, dohainik, laneko arrisku biologikoak egoki kudeatzen ez zituzten enpresei egoera alda dezaten, proiektuan parte hartu izana eskertzeko.
Tesiaren egilearen ustez, etorkizunean komeniko litzateke ikerketa sakonagoak egitea sektoreka eta lurraldeka laneko arrisku biologikoen ebaluazioaren inguruan, bai eta aztertzea ere halako arriskuetatik babesteko erabiltzen diren ekipoak egokienak ote diren.
Curriculum laburra
Raúl Aguilar Elena Biologian lizentziatu zen Salamancako Unibertsitatean. Unibertsitate horretan, ikertzaile gisa ere aritu zen, zenbait proiektutan parte hartu zuen, eta zenbait artikulu argitaratu zituen mikrobiologiaren eta genetikaren arloan. Gainera, Laneko Arriskuen Prebentzioko Masterra egin zuen hiru espezialitateetan (Segurtasuna, Higienea eta Ergonomia) Salamancako Pontifize Unibertsitatean.
Prebentzio, kalitate eta ingurumen sistemen auditorea da, trebatzaileen trebatzaile ere bai, eta peritu judizial gisa lan egiten du laneko arriskuen prebentzioan. Zenbait artikulu idatzi ditu laneko osasunari, ingurumenari eta laneko arriskuen prebentzioari buruz tokian tokiko, Espainiako eta nazioarteko zenbait aldizkaritan.
Laneko arriskuen prebentzioko teknikaria izan da, bai eta gai horren inguruko aholkulari teknikoa, osasun, segurtasun eta ingurumeneko teknikaria eta arlo horietarako izendatutako langilea ere. Gaur egun, MC Prevención enpresan ari da lanean, hots, Quirón Salud taldeko enpresa batean.