Joan eduki nagusira

zoom NUPeko irakasleak eta ikertzaileak, lantegian: Ezkerretik eskuinera, José Antonio García Lorente, Pedro Rivero Fuente, Rafael Rodríguez Trías eta Iñaki Zalakain Iriazabal.

NUPeko irakasleak eta ikertzaileak, lantegian: Ezkerretik eskuinera, José Antonio García Lorente, Pedro Rivero Fuente, Rafael Rodríguez Trías eta Iñaki Zalakain Iriazabal.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Gizarteko Erronken Estatu Planaren “HELADA” proiektua koordinatu du. Proiektu hori aurreko urtean amaitu zen, eta zenbait gainazaletan izotza sortzea eragozten duten estaldura berriak ikertzen ditu. Gainazalen artean daude hegazkinen hegalak edo airesorgailuen palak. NUPeko ikerketa-taldeko kide izan dira Materialak eta Fabrikazioa Taldeko kideak eta Material Aurreratuen Ikerketa Saileko kideak (INAMAT), eta Rafael Rodríguez Trías Ingeniaritza Saileko irakaslea izan da buru.

“HELADA” proiektuaren helburu nagusiak hauek izan dira: izotza nola sortzen den hobeki ulertzea eta izotza ez sortzeko egokiak diren konponbideak garatzea, bai eta laborategiko saiakuntza espezifikoak egitea ere, konponbide horiek probatuko dituztenak. Rodríguez Tríasek azaltzen duen bezala, izotzaren sorrerari eta horrek industria jakin batzuetan sortzen dituen kalteei erantzun beharra da proiektuaren abiapuntua. “Hegazkinen hegaletan sortzen den izotza problema larria da aireko nabigaziorako, eta ondorio oso kaltegarriak izan ditzake. Beste ekonomia sektore batzuk fenomeno horren eraginpean daude, hala nola energia sektorea. Gastu handiak eta hornidura mozketak egin behar izaten dituzte airesortzaileen paletan eta kabe elektrikoetan izotz-geruza lodiak sortzen baitira”, esan du.

Erakunde hauek parte hartu dute ikerketan: AIMPLAS teknologia zentroa (Plastikoaren Teknologia Institutua) eta AIN (Nafarroako Industriaren Elkartea), bai eta Teknika Aeroespazialeko Institutu Nazionala ere (INTA). Proiektua aurreko ikasturtean amaitu zen, “eta hari esker estaldura berri asko garatu ahal izan dira, deposizioko prozesu kimikoetan oinarritutakoak, eta zenbait nanopartikula gehitu zaizkie funtzionalitate berriak emateko”. “Bestalde, INTAk saiakuntza-metodo berriak prestatu ditu, geruza horietan izotza sortzea eragozten duten propietateak ebaluatzea ahalbidetu dutenak, bai eta geruza horien lan ziklo askoren ondorengo zerbitzu bizitza ere”, azaldu du Rodríguez Tríasek.

Ondorioen lantegia eta Izotzaren Nazio Plataformaren sorrera

“HELADA” proiektua aurtengo ekain bukaeran amaitu zen AINek Iruñean dituen instalazioetan. Izotzaren Sorrerari buruzko lehen Workshop Nazionala egin zen, eta proiektuaren emaitza nagusiak ezagutarazi eta antzeko esparruetan lan egiten duten beste espainiar talde batzuen lan ildoak ezagutarazi zituzten.

Lantegiaren emaitza nagusia Izotzari buruzko Plataforma Nazional bat sortzeko proposamena izan zen, esparru horretan diharduten enpresak eta ikerketa zentroak bilduko dituena eta dauden taldeen baliabideak hobeki baliatzeko aukera emango duena Europa mailako I+G-ko proiektuetan parte hartzeko.

Zenbait enpresatako 35 ikertzailek parte hartu zuten lantegian (energia berriztagarriak eta aeronautika), bai eta nazioko ikerketa zentroetakoek, Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiko zentroetakoek eta unibertsitateetakoek ere. Rodríguez Tríasez gainera, NUPen aldetik “HELADA” proiektuko parte-hartzaileak dira, halaber, José Antonio García Lorente Ingeniaritza Saileko irakaslea eta Pedro Rivero Fuente eta Iñaki Zalakain Iriazabal laguntzaile doktoreak.