Lehiaketako parte-hartzaileak eta irabazlea, epaimahaikideekin batera. Goian, ezkerretik eskuinera: Javier Martínez, David Astrain, Idoia San Martin, Pablo Sanchis, Anabel Millán, José Luis Rodríguez eta Javier Cortés. Behean, ezkerretik eskuinera: Pablo Larrea, Ana Ruiz, Edurne Belzunegui, Daniel Loizu (irabazlea) eta Gonzalo Mateo.
Daniel Loizu Mancho (Iruñea, 1995) Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleak (NUP) Industria Teknologietako Ingeniaritzako Gradu Amaierako Lanen III. Siemens Gamesa Saria irabazi du. Siemens Gamesa Renewable Energy energia-enpresak eta Energia Berriztagarrien Katedrak antolatzen dute saria, eta haren bidez aitortza eman zaio ikasleak Industria Teknologietako Ingeniaritzako Graduko ikasketa amaierako lanerako diseinatu duen eta sorgailu termoelektrikoen saiakuntzak egiteko balio duen prototipo elektroniko bati. Sari horri esker, irabazleak dohainik egingo du aurten Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterraren lehen ikasturtea NUPen.
Lan saritua gidatu duten zuzendariak Eugenio Gubía Villabona eta Javier Goicoechea Fernández izan dira, NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasleak eta Smart Cities Institutuko ikertzaileak (ISC) biak. Ikerlanak termoelektrizitatea du ardatz, hots, bero-energia energia elektriko bihurtzeko prozesua nahiz alderantzizkoa aztertzen dituen diziplina. Prozesu hori modulu termoelektriko izeneko sorgailu batzuen bidez gauzatzen da.
“Gradu amaierako lanean —azaldu du Daniel Loizuk—, prototipo elektroniko bat diseinatu eta sortu dut, modulu termoelektrikoen multzo ezberdinen portaera ezaugarritzeko baliatuko dena. Prototipo hori, hain zuzen, aipatu moduluekin saiakuntzak egiteko erabiliko du NUPeko Ingeniaritza Termikoa eta Jariakinena ikerketa-taldeak”.
Lehiaketako parte-hartzaileak eta epaimahaia
Hauek dira, Daniel Loizuz gainera, lehiaketan parte hartu zuten ikasleak: Edurne Belzunegui Rípodas, Javier Cortés Barrena, Pablo Larrea León, Javier Martínez Urdaci, Gonzalo Mateo Bescós eta Ana Ruiz Ilundáin. Guztiek aurkezpen bat egin behar izan zuten Siemens Gamesako Anabel Millán Fleta eta José Luis Rodríguez Izal ingeniariek eta Pablo Sanchis Gúrpide (zuzendaria), David Astrain Ulibarrena (zuzendari teknikoa) eta Idoia San Martín Biurrun (idazkari teknikoa) ISC Institutuko ikertzaile eta Energia Berriztagarrien Katedraren arduradunek osatutako epaimahaiaren aurrean.
Energia Berriztagarrien Katedra 2010ean sortu zen, lankidetza zientifiko-teknologikoaren esparru-hitzarmen bati esker, Unibertsitatearen eta Acciona Energía, Nordex Acciona Windpower, Siemens Gamesa Renewable Energy eta Ingeteam enpresen eta CENERen artean. Hitzarmenaren helburua ikerketako eta irakaskuntzako jarduerak elkarrekin egitea da.