Joan eduki nagusira

zoom Laura De Miguel Turullols, NUPeko doktore berria.

Laura De Miguel Turullols, NUPeko doktore berria.

Laura De Miguel Turullols (Iruñea, 1989) Matematikan lizentziatuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Smart Cities Institutuko ikertzaileak (ISC) sistema logiko berri bat garatu du logika lausoa erabiliz. Sistema horrek orain arte deskribatu diren eredu logiko gehienak biltzen ditu, hots, adimen artifizialaren eta datuen zientziaren arloetan aplikatzen diren sistema gehienak. Laura De Miguelek doktoretza-tesian proposatzen duen sistema logikoa aurrerapauso handia da datuen errepresentazioan, eta erraztu egiten du datuen zientziaren eta datu kopuru handien arloetan (“big data”) dihardutenen lana. Lehenagoko ereduen aldean, gainera, bi abantaila nagusi hauek ditu: batetik, nozio teorikoak gehiegi errepikatzea saihesten du, eta horrek erraztu egiten du oinarri matematiko osoa; bestetik, modua ematen du eredu logikoa egoki eta sinpleki egokitzeko aplikazioari.

Hiru katedradun izan ziren Laura De Miguelen doktoretzaren zuzendariak: bi, NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Sailekoak, Humberto Bustince Sola eta Esteban Induráin Eraso, eta hirugarrena, Bernard De Baets, Ganteko Unibertsitatekoa (Belgika).

Tesiari bikain “cum laude” kalifikazioa eta nazioarteko aipamena eman zizkioten, bai eta bi sari hauek ere: 2014an, Doktoretza Tesirako Proiektu Onenaren Saria eman zion Espainiako Adimen Artifizialerako Elkarteak (AEPIA); 2017an, berriz, Ikasleen Ikerlan Onenaren Saria, logika eta teknologia lausoa garatzen eta bultzatzen duen Europako elkarte batek, EUSFLAT European Society of Fuzzy Logic and Tecnology izenekoak, Varsovian egin zuen X. Konferentzian.

Gizakien logikaren parekoa ia-ia

Multzo lausoen teoria da doktoretza-tesi hau azaltzeko abiapuntua. Teoria horrek gizakion hizkuntza naturala objektu matematiko bihurtzen du, eta hori erabakigarria da gizon-emakumeen eta ordenagailuen arteko etena gainditzeko. “Multzo lausoen teoriak erabiltzen dituen baliabide matematikoak aproposak dira informazio osatugabearekin, argitasun faltarekin eta ziurgabetasun ez-ausazkoarekin lan egiteko”, azaldu du ikertzaileak.

Ez da erraza, ordea, balio zehatz bat esleitzea multzo batekoa izateko elementu batek duen pertenentzia mailari, baldin eta neurtu ezin diren kontzeptuez ari bagara. “Adibidez, tomate onduez ari bagara, zer balio emango genioke laranja-koloreko tomate bati? Halako zailtasunak gainditzeko, literatura zientifikoak multzo lausoen zenbait orokortze proposatu ditu. Multzo lausoek unitate-tarteko elementuak hartzen dituzte; orokortzeek, aldiz, objektu matematiko konplexuagoak, besteak beste, tarteak, funtzioak edo unitate-tartearen azpimultzoak”, azaldu du Laura De Miguelek.

Multzo lausoen orokortzeek, ordea, eragozpen handi bat daukate: aplikatu aurretik, nozio teoriko bakoitza “ad hoc” egokitu behar zaio dagokion objektu matematikoari, hau da, nozio teoriko bakoitza birdefinitu egin behar da, unitate-tartearen ordez objektu matematiko konplexuagoak jarriz. Orain, Laura De Miguelek proposatu duen sistema logiko berriari esker, aplikazio berrien diseinatzaileek aplikazio bakoitzerako errepikatu beharrik ez dagoen oinarri teoriko bat erabil dezakete.

Nafarroako ikertzaileak proposatu duen eredu logikoa adimen artifizialaren eta datuen zientziaren zenbait arlotan aplikatzen ahal da. Adibidez, “konputazioan, hizkuntza naturala erreproduzitzeko; kontzeptuen sailkapenean, kontzeptuak behar bezala adierazteko; eta erabakiak hartzean, alderdi subjektiboenak biltzeko… Oro har, ziurgabetasuna duten alderdi guztietan aplika daiteke, eredu logiko berriaren bidez malgutasun handiagoz molda baitaiteke ziurgabetasuna”, esan du ikertzaileak.

Laura De Miguelen lana baliagarria da, halaber, “big data” edo datu kopuru handien arlorako; izan ere, datu masiboak prozesatzeko, adimen artifiziala erabiltzen da, genetikan, pronostiko medikoetan, hiri adimendunetan eta antzekoetan emaitzak lortzeko. Bestalde, “deep learning” edo ikaskuntza sakonaren arloan ere aplikatzen ahal da, gizakion nerbio sistemaren antolamenduaren antzeko egitura logikoak baliatzen baititu. Halako kontzeptuak ikasten dira Datuen Zientzietako Graduaren ikasketa planeko irakasgaietan, alegia, NUPen 2018-2019 ikasturtean martxan jarri den graduan.

Curriculum laburra

Laura De Miguelek ohorezko matrikula atera zuen Batxilergoan, Matematikako lizentzia egin zuen Zaragozako Unibertsitatean, eta Zoel García de Galdeano Lizentziaturako Aparteko Saria irabazi zuen unibertsitate horretan. NUPen, Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterra ez ezik, doktoretza-tesia ere egin zuen.

Matematikariaren ikergai nagusia logika lausoa eta multzo lausoei aplikaturiko konboluzio eragiketa da. Gai horiei buruzko hamaika artikulu argitaratu ditu zenbait aldizkari zientifikotan, Espainiako eta nazioarteko 29 biltzarretan hartu du parte, eta “OWA operators and choquet integrals in the interval-valued setting” izeneko liburuko kapitulu bat idatzi du beste zientzialari batzuekin batera.

Gaur egun, ikerketa lanetan dihardu NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Sailean eta Smart Cities Institutuan (ISC), eta irakasle lanetan, Informatika Ingeniaritzako Graduko Artificial Intelligence eta Konputazioa irakasgaietan.