Joan eduki nagusira

zoom Vicente Ríos, NUPeko ikertzailea.

Vicente Ríos, NUPeko ikertzailea.

Vicente Ríos Ibáñez Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaileari saria eman diote Italian artikulu batengatik. Artikuluak zehaztu nahi du zein faktore diren erabakigarriak azken krisian (2008-2013) izandako ibilbide ekonomikoetan eta erreakzioetan, Europako 250etik gora eskualdek osatutako lagin batean (kontinente zaharreko populazioaren % 90 baino gehiago). Lana Lisa Gianmoenarekin (Pisako Unibertsitateko ikertzailea) batera egin da. Lanaren arabera, “gobernu ez oso ustelak, inpartzialak eta kalitateko zerbitzuak dituzten eskualdeek probabilitate handiagoa dute atzeraldi ekonomikoko garaian hobeki funtzionatzeko”.

Eskualde Zientziako Italiar Elkarteak gazte ikertzaileen ikerketa hoberentzat jo du Vicente Ríos Ekonomia Saileko laguntzaile doktorearen eta Lisa Gianmoenaren lana. Saria 2.000 eurokoa da, eta erakunde horren XXXIX. Urteko Zientzia Biltzarrean emango da Bolzanon (Italia). Biltzarra joan den astelehenean hasi zen, hilaren 17an, eta gaur, asteazkena, amaituko da, hilaren 19an. Bilera zientifiko horretara aurkeztutako ponentzietako bat da artikulua.

Hogeita hamarretik gora faktore dituen analisia

“Artikuluak aztergai ditu 2008tik 2013ra bitarteko krisi ekonomikoko aldian eskualde-erresilientziaren faktore erabakigarriak, eskualde-erresilientzia depresio ‘shock’ bati aurre egiteko eta osatzeko gaitasuntzat hartuta —azaldu du Vicente Ríosek—. Ezaugarri garrantzitsu bat da egindako azterketak hogeita hamarretik gora faktore hartzen dituela kontuan, hala nola ekonomia eta berrikuntza arlokoak, sozio-demografikoak, lan merkatuaren arlokoak eta erakundeen arlokoak. Erabilitako metodologiak haien arteko sailkapen bat egiteko aukera ematen du garrantziaren arabera”.

zoom Lisa Gianmoena, Pisako Unibertsitateko ikertzailea (Italia).

Lisa Gianmoena, Pisako Unibertsitateko ikertzailea (Italia).

Lortutako emaitzek lehendabiziko lekuan jartzen dute, eta krisiaren ondoko ibilbideetan dauden desberdintasunak azaltzeko faktore giltzarritzat hartzen, eskualde gobernuaren kalitatea neurtzen duen aldagaia. “Faktore horrek eskualdeen arteko desberdintasunak neurtzen ditu aldagai hauei dagokienez: gobernuaren ustelkeria, erakundeen inpartzialtasuna eta emandako zerbitzu publikoen kalitatea —esan du Vicente Ríosek—. Horrenbestez, ondorio nagusia da gobernu ez oso ustelak, erakunde inpartzialak eta kalitateko zerbitzuak dituzten eskualdeek krisi garaietan hobeki funtzionatzeko probabilitate handia dutela. Ondorio politikoak begi-bistakoak dira eta adierazten dute erakunde kalitatean inbertitzen hasi beharko genukeela. Esaterako, gardentasuna eta kontuak ematea hobetuz, baliabideak hobeki erabiltzen direla eta hurrengo krisiak gizartean halako eraginik ez duela izango ziurtatzeko”.

Bigarrenik, badaude beste aldagai espezifiko batzuk, “lan merkatuaren erakunde diseinuarenak, hala nola, enpleguaren babesa, lansariak negoziatzeko esparrua, eta beste batzuk eskualdeko teknologia handiko sektoreekin eta berrikuntza gaitasunarekin lotutakoak”, Vicente Ríosen arabera.