Joan eduki nagusira

zoom Mark Beyebach, irakaslea eta ikertzailea NUPen

Mark Beyebach, irakaslea eta ikertzailea NUPen

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Saileko (NUP) Mark Beyebach irakasle eta ikertzaileak ikerketa pilotu bat egin du erizainek hemodialisian dauden gaixoengana zuzendutako konponbideetan oinarritutako harreman batek duen eragin positiboa frogatzeko, gaixoek likido gutxiago har ditzaten eta tratamendua ongi garatzeko. Ikerketa sei hilabetean egin zen Alacanteko Unibertsitateko Ospitale Orokorreko Hemodialisi Unitateko 36 ikaslek talde batekin eta konponbideetan oinarritutako harremanean prestakuntza jaso zuten hiru erizainekin.

Ikerketa María del Carmen Neipp-ekin (Elxeko Miguel Hernández Unibertsitatea), Maite García-Morenorekin (Nafarroako Ospitalegunea) eta Inés González-Sánchezekin (Alacanteko Unibertsitateko Ospitale Orokorra eta Elxeko Cardenal Herrera Unibertsitatea) elkarlanean egin zen, eta duela gutxi argitaratu da “Journal of Advanced Nursing” aldizkarian. Aurki Errioxako bi ospitaletan hasiko dira erreplikatzen, eta horretarako trebatuko dituzte bai erizainak eta nefrologoak.

Ikerketak aztergai izango du nola jaits dezaketen irentsitako likido (eta elikagai) kopurua hemodialisian dauden eta aipatu kopuru hori jaisteko problemak dituzte gaixo batzuek. Gehienentzat “oso zaila eta deserosoa da, bereziki bero handiko hilabete hauetan”, esan du Beyebachek. Helburua da saio baten eta bestearen artean irabazitako pisua behar-beharrezkoa baino ez izatea, eta, horrenbestez, odola garbitzen duen makinaren lanak ahalik eta denbora gutxien irautea. Zenbait ikerketak frogatu dute horrela hemodialisi saioen erosotasuna areagotu ez ezik gaixoen bizi kalitatea hobetu eta haien biziraupena luzatzen dela.

Komunikazio estiloa aldatzea emaitzak lortzeko

“Ikerketa pilotu bat da, kontrolatu gabea eta lagin txikikoa, baina alternatiba berri bat ikertzen du, orain arte inork ikertu gabekoa, eta etorkizun handiko emaitza batzuk iradokitzen ditu”, nabarmendu du ikertzaileak. Normalean, azaldu duenez, gaixoak edaten duen likido kopurua jaits dezan lortzeko, zenbait teknika erabiltzen dira, hala nola gaixoen psikoheziketa edo terapia. Sarritan, teknika horien bidez ez dira lortzen espero ziren emaitzak. “Gaixoek dituzten zailtasunekin enpatizatu eta jokabide positiboak, gaixo bakoitzaren baliabideak sendotu behar dira”, esan du. “Kontuan eduki behar da, halaber, gaixo horiek urteak daramatzatela transplante baten zain eta depresioan jausteko zorian daudela. Beraz, komunikazio leziatzaile hutsak ez du ezertarako balio”, esan du.

Argitaratutako ikerketak erizainen zeregina nabarmentzen du aldaketa-eragile gisa, gaixoekin lotura estuena garatzen duten osasun langileak baitira. “Orain argitaratu den ikerketak iradokitzen du gaixoekin harreman estiloa hobetuz emaitza esanguratsuak lor daitezkeela, eta hori frogatu nahi du Errioxan egingo dugun hurrengo ikerketaren bidez”, esan du Beyebachek.

Mark Beyebachen CV laburra

Mark Beyebach Psikologian doktorea da, eta Psikologia Klinikoan espezialista. Familia Terapiako terapeuta, irakasle eta ikuskatzailearen akreditazioa dauka, Familia Terapiako Espainiar Federazioak emana, Salamancako Eliz Unibertsitateko Psikologia Fakultateko irakaslea izan zen 1992tik 2013ra bitartean, eta unibertsitate bereko Familia Terapiako eta Esku-hartze Sistemikoetako masterraren zuzendaria 1993tik 2011ra bitartean. ANECAren akreditazioa dauka, unibertsitateko irakaskidegoetarako, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea da 2014ko urtarriletik aurrera.

Konponbideetan Oinarritutako Terapiaren aitzindaria izan zen Espainian (“solution-focused therapy”), eta gaiari buruzko hitzaldiak eta mintegiak eman ditu Europan, Latinoamerikan eta Asian. Konponbideetan oinarritutako terapia laburrari eta familia terapiari buruzko hirurogeita hamarretik gora zientzia-argitalpen argitaratu ditu. 2017ko irailean, “EBTA Award for Distinguished Contributions to Solution-focused Thinking” ohorezko saria eman zioten Frankfurten, Alemanian. European Brief Therapy Association elkarteak (Terapia Laburraren Europar Elkartea) ematen du saria urtero.

Azken hogei urteetan familia-terapia laburreko aldaketa prozesuetan, eta, bereziki hizkuntzaren erabilera terapeutikoetan jarri du arreta haren ikerketak. Gaur egun ikerketa-lerro hauek lantzen ditu: konponbideetan oinarritutako ikuspegi sistemikoaren aplikazioa adingabeen babesean, erakundeetako esku-hartzean eta eskolaren esku-hartzean.