Ariketa fisikoa erregulartasunez egiteak (eta, zehazki, muskuluak indartzeko egiten denak) “osasun kardiobaskularra hobetzen du mekanismo ez-tradizionalen bidez”, besteak beste, muskulu eskeletikoek bihotzerako osasungarriak diren substantziak askatzen dituztelako (miokina deritzenak) edo hesteetako mikrobiota hobetzen delako (hesteetako mikroorganismoak). Hori dela eta, ariketa fisikoak giza gorputzeko sistemetan eta organoetan nolako eragina duen ulertuz gero, “estrategia terapeutiko berriak sortuko lirateke beharbada, gaixotasun kardiobaskularren mekanismoei aurre egiteko”. Hala dio “Nature Reviews Cardiology” zientzia aldizkarian (Springer Nature taldekoan) berriki argitaratu den artikulu batek. Mikel Izquierdo Redín da artikuluaren idazleetako bat, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Saileko katedraduna eta Navarrabiomed zentroko ikertzailea (NUPen eta Nafarroako Gobernuaren Ikerketa Biomedikoko Zentrokoa). Alejandro Lucía Mulas da artikuluaren koordinatzailea, Madrilgo Europar Unibertsitateko katedraduna.
“Muskuluen indarra eta masa galtzea gaixotasun kardiobaskularren arrisku faktore 'ahaztuetako' bat da —dio Mikel Izquierdok, Ariketa Fisikoa, Bizitza Zikloa, Zahartze Aktiboa eta Osasuna (E-FIT) ikerketa taldearen arduradunak eta IdiSNA Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuko kideak. “Hala ere, indarraren entrenamendu programa batekin zuzendu dezakete hori gaixoek, baita adineko jendeak ere”.
Artikulua idatzi dutenek nabarmendu dute badela garaia ariketa fisikoa “gaixotasun kardiobaskularrak tratatzeko medikamentu” gisa hartzeko. Artikulua zenbait adituk idatzi dute, Estatu Batuetakoak, Espainiakoak, Portugalgoak eta Suediakoak dira, eta unibertsitateetan, osasun zentroetan eta ikerketa institutuetan egiten dute lan. Artikuluak azpimarratzen du “farmako gehienek ez bezala, ariketa fisikoak normalean ez duela izaten kontrako ondoriorik, eta dakartzan onurak dosiaren mendekoak direla neurri batean”, hau da, horretara pixkanaka-pixkanaka egokituz gero, ariketa fisikoaren dosia handitu egin daiteke.
Ariketa fisikoaren ahalmen ezezaguna
Ikertzaileen esanean, ordea, zoritxarrez “tratamendu kliniko gehienetan, ez da aski aitortzen erresistentzia ariketak eta indarraren entrenamenduak duten ahalmena nola gaixotasunak hala zahartzeak muskulu masan dituzten ondorioek atzera egin dezaten”.
Horregatik, ikertzaileek proposatzen dute “gaixotasun kardiobaskularrak giza gorputz osoaren testuinguruan integratuko dituen ikuspegia izatea”. Sistema kardiobaskularra (bihotza, odola eta odol-hodiak, hots, arteriak, zainak eta kapilarrak) “ez litzateke beste organoetatik bereizi behar, adibidez, lehen aipatu ditugun muskulu eskeletikoetatik eta hesteetako mikrobiotatik, gaixotasun kardiobaskularrak tratatzen direnean”, diote ikertzaileek. Ikuspegi integratzaile horretan, sistema kardiobaskularra soilik ez, beste alderdi hau ere hartuko litzateke kontuan: “bihotzaren eta odol-hodien interakzioa beste ehun batzuekin —muskulu eskeletikoarekin, ehun adiposoarekin eta baita hesteekin ere—, eta ikuspuntu epidemiologikoa, fisiologikoa eta molekularra baliatuko lirateke”. Alejandro Lucía Mulasen ustez, ikuspegi integratzaile hori “oso lagungarria izan liteke pazienteei ariketa fisikoa agintzen ez dieten osasuneko profesionalentzat”.