Joan eduki nagusira

zoom Iaz Urretxindorra programan parte hartu zuten NUPeko ikasleak.

Iaz Urretxindorra programan parte hartu zuten NUPeko ikasleak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Urretxindorra Proiektuan parte hartzeko beste beka deialdi bat ireki du. Unibertsitateko ikasleei zuzendutako ekimen horren helburua 2018-2019 ikasturtean ikastetxeetan Lehen Hezkuntza eta/edo Bigarren Hezkuntza egiten ari diren adingabeei laguntza ematea da, adingabeok berentzat positiboa den eredu bat eduki dezaten. Proiektua garatuko duten ikastetxeak Iruñean eta Lakuntzan daude hain zuzen.

Programak 18 postu eskaintzen ditu guztira, eta 2018ko urritik 2019ko maiatzera bitartean egingo da. Eskaerak NUPeko erregistroan aurkeztu behar dira, irailaren 24ko 14:00ak baino lehen, Unibertsitateko Gizarte Ekintzarako Unitateari zuzenduak (Unibertsitate Proiekziorako eta Erakunde Harremanetarako Errektoreordetzaren mendekoa da unitate hori). Deialdiaren oinarriak, eskabide eredua eta ekimenean parte hartzeko aurkeztu behar den dokumentazioa Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko.

Ikasle mentoreek harreman pertsonala garatu beharko dute adingabeekin, laguntza eskaintzeko eta haientzako eredu positibo bihurtzeko. Izan ere, mentoretza lana adingabeentzako laguntzan oinarritutako harreman positibo bat eraikitzera bideratuta dago, haien garapen pertsonal eta soziala ahalbidetzeko. Aldi berean, Unibertsitateko ikasleentzat aukera ezin hobea da pertsona helduaren eredu positibo bat garatzeko. Proiektuak ekarpena egingo dio elkarrizketa sozial eta kulturalari, topaguneak partekatu ohi ez dituzten errealitate sozial desberdinetako pertsonak eta taldeak harremanetan jarriz.

Deialdiaren xehetasunak

Deialdi hau 2018-2019 ikasturtean matrikulatuta dauden ikasleei zuzenduta dago, hain zuzen graduko, gradurako egokitzapeneko, lehen eta bigarren zikloetako, graduondoko edo titulu berekietako titulazioak egiten dituztenei. Eskatzaileek harreman pertsonaletarako trebetasunak eta gizarte gaietarako sentsibilitatea eduki behar dituzte, baita haurren aisialdian jolas eta kultura jarduerak egiteko denbora ere (bizpahiru ordu astean, eskolako orduetatik kanpo).

Ikasleak deialdi publiko baten bidez aukeratuko dira. Horretarako, curriculuma baloratuko da eta elkarrizketa pertsonal bat egingo da, eta aukeratutako pertsonek prestakuntza jasoko dute beren lana hobeki egiteko.