Pedro Arnal Atarés nekazaritzako ingeniari teknikoak 6.624 albiste ikertu ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza tesi honetan: “Análisis de la información sobre accidentes en el sector agrario recogida en los medios de comunicación en el decenio 2004-2013”. Albiste horiek nekazaritza lanak egitean gertatu diren 2.551 istripuren berri ematen dute, eta traktorea iraultzearen ondorioz gertatu dira gehienak. Tesiaren zuzendaria Carmen Jarén Ceballos da, NUPeko Ingeniaritza Saileko irakaslea.
Ikertzaileak idatzizko 130 komunikabide eta 80 komunikabide digital baino gehiago aztertu ditu nekazaritzako ezbeharren berri ematen duten albisteak biltzeko. Ezbeharren ondorioz, kasuen % 44an, hil egin zen nekazaria; kasuen % 17an, aldiz, larriki zauritu. Datu horiek osatzeko, Pedro Arnalek Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren estatistikak erabili ditu trafiko istripuen datuak biltzeko, eta Enpleguko, Migrazioko eta Gizarte Segurantzako Ministerioarenak, lan istripuei dagozkienetarako. Datu horiek guztiak gurutzatuta, 1.474 heriotza aipatu zituzten guztira komunikabideek. Haatik, 566 besterik ez ziren jo lan istriputzat. Ikertzailearen esanean, “besteren kontura lan egiten duten langile askok eta autonomoak direnetako askok erretiratu ondoren ere nekazaritza lanean segitzen dutelako da hori”. Izan ere, “65 urtetik gorakoak ziren hildakoen % 35, eta haien traktoreek ez zuten iraultzetik babesteko egiturarik”, doktoretza tesian adierazten denez. Ikerketaren ondorioetako baten arabera, “bada binomio bat, oso arriskutsua: traktore zaharra eta adineko nekazaria”.
Istripuak udan eta asteburuetan eta traktorea tartean dela
Udaberrian eta udan gertatzen dira istripu gehienak (maiatzean, ekainean eta uztailean), nekazaritzan gehien lan egiten den garaian, hain zuzen ere. Asteko egunei erreparatuz gero, astelehenetik ostiralera, 400 bat istripu gertatu ziren; ostiraletik larunbatera, berriz, 350; eta, igandearekin, 200.
Istripu gehienetan (ezbeharren % 69an), traktorearekin ari ziren lanean nekazariak, hori baita nekazaritzako makina ia guztiak propultsatzen dituen elementua. Istripuen ehuneko handi batean, beste ibilgailu batzuk izan dira tartean, eta bideetan zein errepideetan gertatu dira. Sarrien gertatu den istripu mota traktorea iraultzea izan da, istripu guztien % 30, alegia, eta bigarrena, trafiko istripua. Horien atzetik datoz traktorea aldapan behera erortzea eta ibilgailuak nekazaria zanpatzea.
Nekazarien heriotza eragin duten istripuetatik, traktorea irauli izana da istripu mota nagusia, eta trafiko istripua, bigarrena; hirugarrena, traktorea maila batetik bestera erortzea da (lubaki, ezponda eta antzekoetan), horren ondorioz traktorea irauli eta hiltzen baita nekazaria kasu askotan. Ikerketarako aztertu diren istripuen ehuneko handi batean ibilgailu bakarra zegoen, traktorea normalean, eta pertsona bakarra, traktorearen gidaria, eskuarki.
Lantokira heltzeko eta handik etxera bueltatzeko joan-etorrietan gertatu dira ikertutako istripuen % 60 (“in itinere” deritzenetan). Datu horri dagokionez, ikertzaileak azpimarratu du garrantzitsua dela bide-segurtasuneko arauak betetzea, eta beharrezkoa traktoreak eta atoiak dagozkien azterketak egitera eramatea. “Herri arteko bideetan, errepideetan eta basoko bide zein pistetan gertatzen dira istripu gehienak, traktoreak ez baitira kasik ibiltzen herri barneko karriketan barrena”, argitu du ikertzaileak.
Istripu tasa, ibilgailuen akatsak eta arau-hausteak
Ikertzaileak tesirako erabili duen istripu tasa kalkulatzeko, nekazaritzako traktoreen errolda hartu du oinarri, hau da, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak argitaratzen duena. Tasa horrek erakusten du traktore istripuen ratioa txikiagoa dela errepideko ibilgailuen tasa orokorra baino, aztertu diren urteetan. Tasa orokorra murriztu egin da, ordea, eta nekazaritzako trafiko istripuena, berriz, mantendu edo pixka bat handitu.
Istripua izandako ibilgailuen egoerari dagokionez, ikertzaileak dio ibilgailuek ez zutela akatsik kasu gehienetan, nahiz eta akatsik arruntena atzeko argi eskasak izan. Arau-hauste ohikoenak arretarik gabe gidatzea, bira gaizki ematea, lehentasuna ez errespetatzea eta Stop seinalean ibilgailua ez gelditzea dira. “Datuen arabera, ez da guztiz egia istripuak traktore zaharrekin gertatzen direla. Istripua izaten duten ibilgailuek zenbat urte dituzten konparatuz gero, ikusten da 5 urtetik beherako traktoreak (traktoreen % 15) izan direla tartean istripuen % 27an; traktore zaharrenak, aldiz, 16 urtetik beherakoak (traktoreen % 55) istripuen % 24an soilik”, azpimarratu du Pedro Arnalek.
Pedro Arnal Atarésen curriculum laburra
Nekazaritzako perituaren titulua eskuratu zuen 1968ko maiatzean Nafarroako Nekazaritza Perituen Eskolan. Urtebete geroago, Nekazaritzako Makineria irakasgaiaren eskolak ematen hasi zen Nekazaritzan Gaitzeko Huescako Eskolan. 1983an, orduko Zerealaren Kudeaketako Institutu Teknikoan sartu zen mekanizazioko eta laborantzako teknikari espezialista gisa, eta lan horretan ibili zen 1998ra arte.
1994ko urtarrilean, NUPeko irakasle elkartu gisa kontratatu zuten, Nekazaritza eta Baso Ingeniaritzaren Arloari atxikita, eta traktoreen eta makinen inguruko eskolak ematen aritu da Unibertsitatean erretiratu arte. Nekazaritzako enpresaburu ere aritu da, familiaren nekazaritza ustiategia zuzendu baitzuen Huescan. Gaur egun, NUPeko ohorezko irakaslea da. Dibulgazioko hainbat artikulu eta argitalpen idatzi ditu, eta jardunaldi, biltzar eta ikastaro askotan hartu du parte. Azkenaldian, kontserbazioko nekazaritza zabaltzen eta nekazaritza sektoreko ezbeharrak ikertzen ari da, hori baita bere tesiaren gaia.