Joan eduki nagusira

zoom Daniel Sotelo Aguirre, NUPeko Arrosadiko campusean.

Daniel Sotelo Aguirre, NUPeko Arrosadiko campusean.

Daniel Sotelo Aguirre (Iruñea, 2000) sartu da notarik altuenarekin Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) graduko lehen ikasmaila irailetik aurrera egiteko matrikulatu diren ikasle guztien artetik. Daniel Sotelok 13,78ko kalifikazioa lortu du, eta 14 da ateratzen ahal den notarik altuena. Kalifikazio hori Batxilergoko noten eta Batxilergoaren Ebaluazioa Unibertsitatean Sartzeko (BEUS) proban ateratakoaren batez besteko nota da. Industria Teknologietako Ingeniaritzaren Nazioarteko Programa egingo du Unibertsitateko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan (TIIGMET).

Daniel Sotelo Aguirrek Zientzien Batxilergoa egin zuen Santa María la Real ikastetxean (Sarrigurenen), G ereduan (gaztelania hutseko eredua). Batxilergoko bi ikasmailetan, 9,94ko batez besteko nota atera zuen. BEUSen, berriz, 9,56 nahitaezko fasean; izan ere, 10eko kalifikazioa lortu zuen nahitaezko faseko Espainiaren Historia eta Matematika II irakasgaietan, eta borondatezko faseko Fisika eta Marrazketa Teknikoa II irakasgaietan. Batxilergoko nota eta BEUSeko nahitaezko eta borondatezko faseetako notak batu eta ponderazioak egin eta gero, 13,78ko azken kalifikazioa erdietsi zuen. Espediente akademiko bikaina izateagatik, Batxilergoko Nafarroako Aparteko Saria eman zion Nafarroako Gobernuak 2017-2018 ikasturtean. Ikasturte bakoitzean, lau ikasleri ematen zaie sari hori.

Gazte hau gaur etorri da, irailaren 3an, beste 1.800 bat ikasle bezala, NUPek ongietorria emateko antolatzen duen egunera. Bihar (asteartea), irailaren 4an, eskolak hartzen hasiko da, graduko beste ikasleekin batera, orduantxe hasiko baita ikasturtea.