Klima-aldaketa erronka handia da mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorearentzat, mahatsondoei eta, ondorioz, ardoaren kalitateari eragiten baitie. Arazo horri argitasunez aurre egiteko, Urtzi Leibar Palacios nekazaritza-ingeniariak (Donostia, 1984) bi faktore ebaluatu ditu: alde batetik, lurzoruak eta klimak zer eragin izan duten hiru urtez Arabako Errioxako mahastietako mahatsaren kalitatean; eta bestetik, 2070-2100 aldirako espero den klima-aldaketak zer eragin izango duen mahatsondoetan eta tempranillo izeneko mahatsean. Doktoretza-tesi hori Nekazaritza Ikerketako eta Garapeneko Euskal Institutuan (NEIKER-Tecnalia) egin da, Nafarroako Unibertsitatearekin eta CSICekin (Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusia) lankidetzan, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu da. Ikerlanaren arabera, “klima-aldaketaren ondorioak nahikoa handiak izango dira, eta horietara egokitzeko neurriak planteatu beharko dira”. Estrategia posible horietako bat heltze-prozesu mantsoagoa duten mahatsondoen klonak (azpibarietateak) erabiltzea izango da.
Ikerketaren arabera, halaber, mahastientzako kokaleku berriak aukeratzeko orduan, kontuan izan beharko da lurzoruek ura gordetzeko duten gaitasuna; izan ere, espero dena da etorkizunean prezipitazioek behera egitea mahatsa heltzen den hilabeteetan. Horrez gain, potasio-erabilgarritasuna egiaztatu beharko da, baita lurzoruak zenbat eta zer-nolako buztina daukan ere, jakinik azidotasuna galtzea klima-aldaketarekin lotutako ondorio negatiboetako bat dela.
Berotegian hazitako landareak
Lurzoruak eta klimak mahatsaren kalitatean nola eragiten duten ebaluatzeko, Urtzi Leibarrek 2009 eta 2011 bitartean Bodegas y Viñedos Labastida kooperatiban bildutako datuak erabili zituen bere ikerketan. Han, ura gordetzeko duten gaitasunaren arabera sailkatu zituen mahatsondoak, eta bi eremu klimatiko bereizi zituen. Bere bigarren helbururako (etorkizunean klima-aldaketak mahatsondoetan eta mahatsean zer ondorio izango duen aztertzea), kontrolpeko berotegietan tempranillo barietateko landareak hazi zituen (Nafarroako Unibertsitatearen instalazioetan), hiru faktore alderatzeko: lehenik, CO2 kontzentrazio eta tenperatura handiagoko eta hezetasun erlatibo txikiagoko ingurune bat (2070-2100 aldirako espero diren baldintzak), CO2 kontzentrazio eta tenperatura txikiagoko eta hezetasun erlatibo handiagoko baten aldean; bigarrenik, estres hidrikoa edo, bestela, ur-erabilgarritasun handiagoa; eta, hirugarrenik, buztin-eduki desberdina eta, hortaz, ura gordetzeko gaitasun desberdina duten hiru lurzoru.
Ikerketaren lehen atalean lortutako emaitzei dagokienez, argi ikusi zen lurzoru desberdinetatik eskuratutako muztioen kalitatean aldeak izan zirela 2009 eta 2011 bitarteko balditzetan. Hala, ura gordetzeko gaitasun handiagoa duten lurzoruetako landareek azidotasun handiagoko muztioak produzitu zituzten; ura gordetzeko gaitasun txikiagokoek, berriz, kolore-intentsitate handiagoko muztioak eman zituzten. Nolanahi ere, bi eremu klimatikoetako tenperaturen eta prezipitazioen aldeak ez ziren aldi horretan nahikoa handiak izan mahatsaren kalitatean diferentzia nabarmenak eragiteko.
Mahats-bilketaren aurrerapena
Berotegiko ikerketaren emaitzek erakutsi zutenez, klima-aldaketaren baldintzetan (CO2 kontzentrazio eta tenperatura handiak eta hezetasun erlatibo txikia) hazitako landareek fotosintesi-jarduera areagotu zuten, betiere ur-erabilgarritasuna egonez gero. Era berean, mahatsaren azukre-metaketa azkartu zen, eta, horren ondorioz, mahats-bilketa hamar bat egun aurreratu zen. Gainera, landaren horien muztioak azidotasun txikiagoa izan zuen ondorio, baita ardoari kolore-intentsitatea ematen dioten polifenolen kontzentrazio txikiagoa ere. “Hortaz, disoziazio bat antzeman zen azukre-metaketaren eta polifenolen metaketaren artean”, azaldu du ikertzaileak, zeinaren tesiak, Olatz Unamunzaga Galarza eta Ana Aizpurua Insausti NEIKER-Tecnaliako ikertzaileen zuzendaritzapean, bikain “cum laude” kalifikazioa lortu baitzuen.
Ur faltak, bai klima-aldaketaren baldintzetan bai egungo klimaren agertokian, mahatsondoen fotosintesi-jarduera murriztu zuen. Horren eraginez, hazkunde begetatiboak behera egin zuen eta azukre-metaketa atzeratu zen, eta, ondorioz, mahats-bilketa ere bederatzi egun atzeratu zen. Estres hidrikoa zeukaten landare horiek ekoiztutako muztioek azido malikoaren kontzentrazio txikiagoa izan zuten buztin gutxieneko lurzoruetan.
Hirugarren faktoreari dagokionez, berotegiko ikerketan klima-aldaketaren baldintzak simulatuta, lurzoruaren testurak ez zuen aldaketa nabarmenik eragin landareetan eta mahatsean, aurreko bi faktoreek ez bezala.
Curriculum laburra
Doktoretza egin aurretik, Urtzi Leibarrek Nekazaritza Ingeniaritzako titulazioa eskuratu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta masterrak egin zituen Ingurumen Agrobiologian (NUP eta EHU), Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntzan (NUP) eta Ingurumen Kudeaketan (IMAFE).
2008-2009 ikasturtean Madrilgo Tragsa-Tragsega enpresan eta Txipreko Nekazaritza Ikerketako Institutuan egin zuen lan; 2009 eta 2010 bitartean ikertzaile aritu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, I+G+b Plan Nazionalaren proiektu honetan: nekazaritza-eremuetan euri-urak eta erosioa simulazio hidrologikoko tresnen bidez ebaluatzea; eta 2013an bederatzi hilabeteko egonaldia egin zuen Nafarroako Unibertsitatean. Nazioarteko lau kongresutan hartu du parte, eta beste horrenbeste artikulu argitaratu ditu zenbait aldizkari zientifikotan.
Gaur egun, analista dihardu Hazi Fundazioan, hots, EAEko lehen sektorearen, elikagaien sektorearen eta landa-eremuaren eta itsasertzaren lehiakortasuna eta jasangarritasuna sustatzeaz arduratzen den fundazio publiko batean.