Joan eduki nagusira

zoom Raquel Urtasun, ikasle nabarmena

Raquel Urtasun, ikasle nabarmena

Raquel Urtasun Sotil Telekomunikazio ingeniariak (Iruñea, 1976) irabazi du Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ikasle ohien ibilbide profesionala goraipatzeko ematen duen Alumni Nabarmenaren III. Saria. Raquel Urtasunek Estatu Batuetan, Suitzan eta Kanadan gauzatu du karrera profesionala, bai eta irakasle eta ikertzaile lana ere. Gaur egun, Uber ATGren (ingelesez, Advanced Techologies Group, Teknologia Aurreratuen Taldea) arduraduna da Toronton (Kanada), eta Torontoko Unibertsitateko Konputazio Zientzien Saileko irakaslea.

Horretaz gainera, Canada Research Chair (CRC) titulua du, Kanadako unibertsitateetako irakasleen bikaintasun egiaztagiri bat, makinen ikaskuntzaren eta ikusmen artifizialaren arloetan. Vector Institute for Artificial Intelligence institutuaren sortzaileetako bat ere bada. Kanadako institutu horrek herritarren bizimodua hobetzeko adimen artifiziala ikertzea eta erabiltzea du helburu.

Raquel Urtasun Telekomunikazio Ingeniaritzan graduatu zen NUPen 2000n, eta Lausanako Eskola Politekniko Federaleko Konputazio Zientzien Sailean (Suitza) doktoratu zen 2006an. Doktoretza ondokoa Masachussetts Institute of Technology (MIT) zentroan eta Berkeleyn (UC Berkeley) egin zuen.

Aditua eta sariduna nazioartean

zoom Sariaren epaimahaikideak. Ezkerretik eskuinera: Roberto Aguado, Miguel Rodríguez, Ainhoa Aznárez, Cristina Bayona, Nekane Oroz, Idoya Zabaleta, Iosune Pascual eta Joaquín Ansa.

Sariaren epaimahaikideak. Ezkerretik eskuinera: Roberto Aguado, Miguel Rodríguez, Ainhoa Aznárez, Cristina Bayona, Nekane Oroz, Idoya Zabaleta, Iosune Pascual eta Joaquín Ansa.

NUPeko ikasle ohi nabarmena aditua da nazioartean gidaririk gabeko autoetako makinek datuak interpretatzeko duten gaitasunaren arloan (“machine perception”, ingelesez). Izan ere, makinen ikaskuntza, ikusmen konputazionala, robotika eta urruneko sentsoreak dira interesatzen zaizkion ikerketa arloak.

Sari bat baino gehiago irabazi ditu. Nabarmentzekoa da, adibidez, Raquel Urtasunen laborategia “NVIDIA NVAIL laborategi” gisa hautatu zutela –NVIDIA bistaratze konputazionaleko teknologia garatzen duen multinazional bat da–. Bestalde, aipagarriak dira hauek ere: NSERC EWR Steacie Award (Natura Zientzietako eta Ingeniaritzako Ikerketen Kanadako Batzordeak herrialdeko bost zientzialari eta ingeniari onenei urtean behin ematen dien saria), NVIDIA Pioneers of AI Award, Ontarioko Hezkuntza eta Berrikuntza Ministerioak ikertzaile gazteei ematen dien saria, ikerketarako Googleren hiru sari, ikerketarako Amazonen sari bat, ikertzaile berrientzako Connaught saria eta bi sari (2013an eta 2017an) argitalpen onenari CVPR ikusmen konputazionalari buruzko konferentzia nagusian.

Saria eta epaimahaia

NUP Alumni Nabarmenaren Sariaren helburua da unibertsitate komunitateari, bereziki, eta gizarteari, oro har, ezagutzera ematea zenbateko garrantzia duen unibertsitate prestakuntzak egresatuen garapen pertsonal eta profesionalean, eta, beraz, zer onura ekartzen dituen Unibertsitatean egiten den inbertsio publikoak.

Ekimenaren beste helburu bat da NUPen eta bere ikasle ohien arteko harremana bultzatzea, eta denok instituzio beraren parte garelako sentimendua indartzea. Sari hau lortzen duten pertsonen adibideak balio izango du beren etorkizun profesionalaren kezka daukaten ikasleen pizgarri izateko, baita Unibertsitateak etorkizun horretan jokatzen duen papera nabarmentzeko ere.

2018-2019 ikasturtearen hasieran, ekitaldi instituzional batean, emango zaio saria –ez dagokio dirurik– ikasle ohi nabarmenari. Sariduna Adiskide eta Ikasle Ohien A3u Programako ohorezko kide egingo dute, eta NUPen irakaste-, ikertze- edo dibulgatze-jardueraren batean parte hartzera gonbidatuko dute.

Sariketaren epaimahaiko burua Cristina Bayona Sáez izan da, Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea; epaimahaikideak, berriz, Joaquín Ansa Erice, NUPeko Gizarte Kontseiluko burua; Ainhoa Aznárez Igarza, Nafarroako Parlamentuaren presidentea; Roberto Aguado Jiménez eta Miguel Rodríguez Wilhelmi, NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko eta Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko zuzendariak, hurrenez hurren; Iosune Pascual Azcárate, Unibertsitate-Gizarte Fundazioko gerentea; Nekane Oroz Bretón, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateen Ataleko zuzendari nagusia, eta Idoya Zabaleta Arregui, A3U programaren zuzendaria.