Errealitate birtuala iktus kronikoan tresna terapeutiko gisa erabiltzeak onura gehigarri bat gehitu ahal dio ohiko terapiari. Sandra Iturralde Esteban fisioterapeuta eta terapeuta okupazionalak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza tesiaren ondorio nagusia da hori. Ikerketaren izenburua “Eficacia de la utilización de un esquema de realidad virtual aplicado al proceso de neurorrehabilitación del ictus en fase crónica” da, eta Ana María Insausti Serrano eta Manuel Murie Fernández NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakasleek zuzendu dute. Manuel Murie Fernández Iruñeko San Miguel Klinikako Neurologia Saileko zuzendaria ere bada.
Iktusaren bilakaerako fase kronikoan errehabilitazio-estrategia berri baten ezarpenean jartzen du arreta tesiak. Iktusa oso hedatua dagoen eta eragin sozial handia duen gaitza da. Zehazki, errealitate birtualeko 30 saioren aurretik eta ondoren 17 pertsonarekin egindako azterketa baten emaitzak aztertu zituen ikertzaileak. Pertsona bakoitzarentzat egokitutako ariketak erabili zituen horretarako, zeinetan zailtasun maila handituz baitzihoan onera egiten laguntzeko eta kontuan hartzen baitzen iktusak gaixoaren garunean kaltetutako hemisferioa.
Ikerketak oso emaitza onak izan zituen, eta hobekuntzak ekarri zituzten ebaluatutako zazpi arloetatik laura: oreka, martxa, eguneroko bizitzako jarduerak eta goiko eta beheko gorputz-adarren mugikortasuna. Horretaz gainera, aipatzekoa da gogobetetasun handia ematen diela pertsonei, eta horrek tratamenduaren atxikidurari laguntzen diola. Errealitate birtuala ohiko errehabilitazioaren tratamendu osagarri modura erabiltzea aukera egokia izateko bidea ematen die gisa horretako gaixoei.
“VirtualRehab” tresna
Gaixo bakoitzaren ondorioetara egokitutako errehabilitazio saioak sortzeko eta emaitzak objektiboak lortzeko aukera ematen du “VirtualRehab” tresnak. “Virtualware Group” enpresak diseinatu du tresna. Diseinatutako softwareak, “Kinect” gailuaren erabilerarekin batera, ingurune interaktibo bat sortzen du, eta pertsona detektatzen du sentsore batzuen bidez. Softwarearen bidez diseinatutako ariketak inguru seguru batean egin ahal ditu.
Honako hau zen ikerketaren xedea: errealitate birtualeko terapiak iktus iskemikoa duten gaixoen osaketa prozesuan duen eragina baloratzea; adierazle batzuetan atera diren aldeak aztertzea, hala nola orekan, martxan, gorputz-adarren koordinazioan eta mugikortasunean, besteak beste; eta gaixoen gogobetetasun maila ezagutzea errehabilitazioko beste ohiko tratamendu batzuekin alderatuta. Ikertzaileak azaltzen duenez, “gero eta tresna edo teknika gehiago erabiltzen dira gisa horretako gaixoak errehabilitatzeko. Horregatik ikertu behar da zer-nolako eraginkortasuna duten benetan, halatan gaixoen oneratze prozesuari laguntzeko”.
Ikertzailearen curriculum laburra
Sandra Iturralde Estebanek 2009an amaitu zuen Fisioterapiako eta Terapia Okupazionaleko diplomatura bikoitza Madrilgo Alfonso X.a Jakintsua Unibertsitatean (UAX). Gero, Osteopatiako eta Eskuzko Terapiako Masterra egin zuen Madrilgo Europar Unibertsitatean (UEM) eta Akupunturako eta Txinako Medikuntza Tradizionaleko Aditu-titulu bat Unibertsitate Konplutentsean (UCM).
Tesiaren egileak artikulu bat argitaratu du, iktus bat izan ondoren gidatzeko dugun gaitasunari buruzkoa, eta, horretaz gainera, ahozko bi komunikazio eta poster bat aurkeztu ditu Neurologiako Espainiar Elkartearen (SEN) urteko Biltzarrean.
2011n, Nafarroako Klinika Unibertsitateko (CUN) Neuroerrehabilitazio Atal sortu berrian hasi zen, eta bai fisioterapeuta lanetan, bai terapeuta okupazionalaren lanetan aritu zen. Orduz geroztik, errehabilitazio neurologikoan espezializatu da, eta egun bere ibilbide profesionalean urratsak ematen ari da (bai asistentziaren, bai ikerketaren esparruan) aipatu osasun erakundean.