Helduei ingelesa atzerriko hizkuntza gisa irakasteko eskoletan poesia erabiltzeak hobekuntza nabarmenak eragiten ditu ikasleen ahoskeran, pertsonalki eta kulturalki aberasgarria izateaz gainera. Hala egiaztatu du Nick Kennedy irakasleak (Cork, Irlanda, 1974) B1 eta B2 mailetako (erdikoa eta erdiko aurreratua, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera) hogei bat ikaslerekin egin eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza tesian jaso duen azterlan batean.
Egilearen esanetan, ikerketa horren helburua herrialde ez-anglofonoetan ingelesa irakasteko jardunbide pedagogikoak hobetzea izan da. “Espainian ingelesa atzerriko hizkuntza gisa ikasten dutenek ez dute normalean ahoskeraren inguruko prestakuntza espezifikorik jasotzen, eta, ingelesaren fonologiaren konplexutasuna kontuan izanik, hizkuntzaren alderdi horrek zailtasun handiak eragin ohi ditu —adierazi du aditu honek, zeinaren tesia Amparo Lázaro Ibarrola Giza Zientzien Saileko irakasleak gidatu baitu—. Hizkuntzaren irakaskuntzari ematen zaion ikusmoldeak, aldi berean, alde batera uzten ditu maiz kulturaren eta literaturaren arloko materialak, nahiz eta onuragarriak izan litezkeen ez bakarrik hizkuntzaren ikuspuntutik, baizik eta kulturaren eta hezkuntzaren ikuspuntutik ere”.
Hamabi asteko prestakuntza
Metodologia pedagogiko esperimental horrek hamabi aste iraun zuen, eta parte hartu zuten B1 eta B2 mailako 23 ikasleak taldetan banatu zituzten. Talde horietako batek, kontrol-taldeak hain zuzen, ez zuen poesiako irakaspen espezifikorik jaso, baina ingeles orokorreko lau ordu zeuzkan astean. Beste talde batek, esperimentalak, poesiako irakaspen espezifikoko eta ingeles orokorreko bina ordu egiten zituen astean. Guztira, lau talde osatu ziren (maila bakoitzeko bi).
Poesiak ahoskeran daukan eragina egiaztatzeko, lau taldeetako kideek olerki bat errezitatu behar izan zuten eskolak hasi eta berehala (aurreko testa), eskolak bukatutakoan (ondoko testa) eta prestakuntza jaso eta sei hilabetera (ondokoaren ondoko testa), eta errezitaldi guztiak grabatu zituzten. Horrez gain, hitzaldi libre labur bana ere eman eta grabatu zuten, bai eskolak amaitutakoan bai ikastaroa bukatu eta sei hilabetera.
Irakaskuntza poetikoa jasotzen zuten taldeei olerki ezagun bat aurkezten zieten astero, eta, hautatzeko, bai poema horrek britainiar, irlandar edo iparramerikar poesian daukan ospea eta bai hizkerari, luzerari eta hiztegiari dagokienez daukan zailtasuna hartu zituzten kontuan. Eskoletan, irakasleak egilearen biografia aurkezten zuen, poemaren analisi bat egiten zuen, eta, gero, hautatutako poemaren herrialdeko errezitaldien adibideak ematen zituen. Ikasleek, bestalde, olerkia ozen irakurri behar izaten zuten, eta ondoren haren inguruan eztabaidatu, galdera orokor eta espezifikoen bidez. Hurrengo eskola jaso aurretik, ikasle bakoitzak bi grabaketa bidali behar zizkion irakasleari: bata, emandako olerki-emanaldietako baten imitazioa, eta, bestea, ikasgelan proposatutako galderei erantzuteko hitzaldi labur bat.
Poesia erabiltzearen aldeko emaitzak
Ahoskeraren inguruko emaitzei dagokienez, B1 mailako talde esperimentalak poema bat errezitatzeko gaitasunean hobekuntza nabarmena agertu zuen prestakuntza jaso ondoren (ondoko testa), are B2 taldearena baino hobea. Prestakuntza jaso eta sei hilabetera egindako testean, baina, taldearen hobekuntzak beherakada bortitza izan zuen. Nolanahi ere, eskoletan poemarik landu ez zuen B1 taldearenak baino hobeak izan ziren bere emaitzak. B2 talde esperimentalak, bestalde, ahoskera maila konstantea agertu zuen ikastaro osoan, eta bere emaitzek hobera egin zuten prestakuntza bukatu eta sei hilabetera egindako proban.
Hitzaldi libreei dagokienez, ingeles orokorreko B1 mailako taldeak hobekuntza txikiagoa izan zuen eskolak jaso ondoren egindako testean, baina hobera egin zuen ikastaroa baino sei hilabete geroago burututako proban. B2 mailako taldeak maila oso handia erakutsi zuen bi probetan, eta bi talde esperimentalek bi probetan izan zuten hobekuntza.
Kennedyren iritziz, aberasketa kulturalaren eta pertsonalaren inguruko emaitzak ere nabarmentzekoak dira. “Aurretik poesiarekin ia-ia harremanik izan ez bazuten ere, pertsonalki eta kulturalki aberasgarria suertatu zitzaiela aitortu zuten ikasleek. Nire ustez, irakurketa horren ondoren, poesiak tokia izan beharko luke ingelesa atzerriko hizkuntza gisa irakasteko eskoletan”, ondorioztatu du egileak bikain “cum laude” kalifikazioa erdietsi duen tesian.
Curriculum laburra
Doktoretza egin aurretik, Nick Kennedyk Ingeles Literaturako eta Historia Modernoko Lizentziatura egin zuen Corkeko University College erakundean (Irlanda); ondoren, Ingeles Literatura Modernoko Masterra Estatu Batuetan (Colby College/UCC); eta, azkenik, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntzako Unibertsitate Masterra NUPen (ingeleseko espezialitatean). Iruñean, ingeleseko irakasle aritu da Nafarroako Hizkuntzen Autoikaskuntzarako Gunean (NHAG-CNAI), eta irakasle elkartu gisa NUPen. Gaur egun DBHko eta Batxilergoko ingeleseko irakasle dihardu nafar hiriburuko Hijas de Jesús ikastetxean (Jesuitinas), eta ingeleseko eskola partikularrak ematen ditu Nafarroako Kontuen Ganberarentzat.