Joan eduki nagusira

Unai Beaskoetxea Gartzia ingeniariak (Baiona, Frantzia, 1987) bost antena desberdin diseinatu ditu (ihes-uhin motakoak). Ezaugarri hauek dituzte antena horiek: bolumen txikia eta profil laua dute, maiztasun handiko uhinak hartzeko eta igortzeko gauza direnak, eta, gainera, potentzia handiagoz igortzen dute ohiko antena bolumetrikoek, esaterako antena parabolikoek baino. Garapen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza tesiaren barruan dago, eta sateliteetan, dronetan eta tripulatu gabeko ontzietan erabil daiteke, pisu, bolumen eta prezio txikiagoa duelako, eta alternatiba egokia da bolumen handiagoko turuta-antenen aldean.

Proposatutako antenek, bolumen eta pisu txikiagoarekin, “potentziaren kontzentrazio handiagoa lortzen dute norabide bakarrean, eta beste angelu batzuetan gutxiago igortzen dituzte uhinak; hau da, sortak aratzagoak dira eta igorritako potentzia gero eta handiagoa da”, Beaskoetxearen arabera. Miguel Beruete Díazek, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasle eta (ISC) Smart Cities Institutuko zuzendariak zuzendu zuen Beaskoetxearen tesia, eta ingeniariak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu zuen.

zoom Unai Beaskoetxea Gartzia, NUPeko doktore berria.

Unai Beaskoetxea Gartzia, NUPeko doktore berria.

Antena horien ezaugarri nagusiak dira lauak eta arinak direla. Horrenbestez, bereziki egokiak izan daitezke espazioko komunikazioetan. “profil oso murriztuko eta irabazi handiko antenak dira, eta egokiak dira aurrez aurre dauden bi antenen artean komunikazioa ezartzeko —azaldu du—. Sateliteetan, droneetan eta tripulatu gabeko ontzietan, pisua eragozpen dutenetan, aukera oso erakargarria da jada erabiltzen diren antenen antzeko ezaugarriak dituzten baina pisu, bolumen eta prezio nabarmen txikiagoa duten antenak lortzea”.

Halaber, antena horiek antena parabolikoen alternatiba bihur litezke. “Geure leihoan, hormari itsatsita jar genezake disko lauaren forma duen antena bat. Leku gutxiago beharko luke, eta, horretaz gainera, eraikinen ikusizko inpaktua hobetuko luke, hormaren kolorea erabiltzeko aukera bailegoke antena oharkabean igarotzeko”, erantsi du Unai Beaskoetxeak.

Antenen funtzionamendua

Tesian garatutako antenak Miguel Beruetek 2005ean aurkeztu zuen ihes-uhineko antena bat du oinarria. Hasierako diseinu horretatik abiatuz, Unai Beaskoetxeak zenbait egitura garatu ditu. Egitura horiek fabrikazio material desberdinak (aluminio aleazioa, 3D inprimatzea…), funtzionamendu maiztasuna espektru elektromagnetikoan (13 gigahertzetatik 500 gigahertzetara bitartean) eta uzkurtze patroia dute. Uzkurdurak azalean diseinatzen diren eta energia igortzeko modua aldatzen duten artekak dira. “Erdiko artekatik energia ateratzen da, eta, uzkurdurei esker, energia azalari akoplatzen zaio, eta, gero, aurretik ezarritako norabide batean erradiatzen da —esan du—. Zirkunferentzia zentrokideak eta anularrak dituen antena bat garatzen denean, energia azalaren norabide normalean igortzen da. Geometria aldatu, eta zentroa lekualdatzen den unean, sorta beste norabide batean proiektatzen da”.

Egun, ikertzailea garatzen ari den antenen diseinua hiru alderdi desberdin baina ez horregatik bateraezinetan oinarritzen da: irabazi handiagoko antenak lortzea, sorta aratzagoak dituztenak eta maiztasun handiagoan aplikatuko duen erabilera izango dutenak. Esaterako, energia termikoaren igorpena (energia berriztagarrien sektorean oso erabilgarriak direnak —plaka fotovoltaikoetarako—, sentsoreetan edo beroa barreiatzeko zenbait ingurunetan, hala nola espazioa).

Curriculum laburra

Doktoretza titulua lortu baino lehen, Unai Beaskoetxea Gartziak Telekomunikazioko Ingeniaritza Teknikoa (Soinua eta Irudia espezialitatea) eta Komunikazioetako Unibertsitate Masterra egin zituen NUPen. Doktoretza tesia egiten ari zela, bost artikulu argitaratu zituen zenbait zientzia-aldizkaritan, ekarpenak aurkeztu zituen biltzar nazionaletan eta nazioarteko hemezortzi biltzarretan eta liburu bateko kapituluaren idazketan parte hartu zuen (“Aperture Antennas for MM and SUB-MM Wave Applications”).

Ikertzen dituen gaien artean hauek daude: ihes-uhinak dituzten antenak, metamaterialak, ohiz kanpoko transmisioko egiturak eta mikrouhinen tarteetatik infragorrira bitarteko ikerketa esparruak. Joan den irailetik, doktoretza ondoko ikerketa egiten ari da Antenak-Teralab ikerketa taldean.