Iván Fernández Suárez (La Caridad, Asturias, 1980) lan arriskuen prebentzioko adituak diseinatu duen tresna batek bidea eman du laneko ezbehar tasa aurreikusteko, eta, horretarako, nortasun aldagaietan, osasun egoeraren pertzepzioan eta faktore psikosozialetan oinarritu da. Horiek kontuan izanik, kategoriatan sailka daiteke istripuak zer langile taldetan biltzen diren, eta, hortaz, zer langileri eman behar zaien lehentasuna esku hartzeko eta lan arriskuen prebentzioaren arloko ekintzak ardazteko orduan. Ondorio hori eta beste batzuk eman ditu argitara Fernándezek Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri duen doktoretza tesian.
Azterlana gai izan da gainerako langileek baino hogei aldiz istripu gehiago sufritu zituzten azpitaldeak identifikatzeko, bai eta, era berean, laneko istripurik izan ez zuten azpitaldeak zein izan ziren jakiteko ere. “Horrela, enpresek benetako aukera daukate istripuei aurrea hartzeko, horiek zuzendu beharrean, eta laneko ezbeharren tasa modu eraginkorrean murrizteko, eta horrela kostuak aurreztu eta, are garrantzitsuagoa dena, pertsonen segurtasuna eta osasuna zaindu”, adierazi du Fernándezek, zeinaren tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu baitu, José Javier López Goñi Osasun Zientzien Fakultateko irakaslearen zuzendaritzapean.
Faktore berriak
Lan arriskuen prebentzioan orain arte inoiz erabili ez diren elementu berriak erantsi ditu ikerketa horrek, hala nola osasun egoeraren pertzepzioa eta nortasunaren dimentsioak. “Orain arte, ez da inoiz aldaera anitzeko analisirik egin —baieztatu du—. Askotariko aldagaiak hartu izan dira kontuan, baina beti banaka. Azterlan honetan, aldiz, langileei aplikatutako tresna batek zenbait aldagai identifikatu ditu: faktore psikosozialak, aldagai soziodemografikoak, ezbehar tasa eta, berritasun gisa, nortasunaren dimentsioak eta osasun egoeraren pertzepzioa. Horien guztien arteko eraginak ebaluatzeko, metodoa aplikatu aurretiko eta ondoko istripu tasarekin erlazionatu dira, eta emaitzak eztabaidaezinak izan dira”.
Tesiaren helburua langileen portaerarekin lotutako istripu tasaren maila murriztea izan da. “Laneko istripuen tasa enpresa eremuko kezka handienetako bat da, eta, lan prozeduretan, banakako babeserako ekipamenduetan eta langileen prestakuntzan eta informazioan egindako hobekuntzak eta inbertsioak gorabehera, oraindik ere istripuak izaten dira lanean. Hain zuzen, txikiagotzeak ez datoz bat egindako inbertsioekin. Langileen portaera ez-segurua da laneko istripuak eta halako gertaerak —kausa anitzekoak— eragiten dituen arrazoirik ohikoena”, adierazi du Iván Fernándezek.
Ikertzailearen ustez, lan hori garrantzitsua da “haren bidez berma daitekeelako arrisku maila handiena duten lanak portaera seguruenak dituzten langileengana zuzenduko direla, eta, bestetik, portaera ez-seguruetarako joera duten langileen kasuan, ikuskapen eta/edo prestakuntza mailak hobetuko direla”.
Curriculum laburra
Iván Fernández Suárez Pedagogian lizentziaduna da Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean (UHUN). Laneko Arriskuen Prebentzioko Unibertsitate Masterra egin du Errioxako Nazioarteko Unibertsitatean (UNIR), eta Masterra Oviedoko Formastur zentroan.
Gaur egun, Lan Arriskuen Prebentzioko arduraduna da Oviedoko Lacera taldean, eta bai Lan Arriskuen Prebentzioko bai Kudeaketako Sistema Integratuetako master ofizialetako irakaslea Errioxako Nazioarteko Unibertsitatean. Halaber, unibertsitate horretako “Lan likidoa eta sortzen ari diren arriskuak informazioaren gizartean (TR3S-i)” izeneko ikerketa-taldeko kidea da, zenbait argitalpen zientifiko egin ditu eta hizlari aritu da Espainiako eta nazioarteko kongresuetan.