Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gobernu Kontseiluak bere azken bileran erabaki du Unibertsitateen Kontseilura txosten bat bidaltzea, Psikologiako gradu berria duena, Unibertsitateen Kontseiluak titulu hori egiazta dezan ANECAren protokoloen arabera (Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionala). Prozesu hori amaitzea espero da gradu berriko eskolak 2019-2020 ikasturtearekin batera hasteko.
NUPek, ANECAren aldeko ebaluazioa eta Unibertsiteeen Kontseiluaren egiaztapena lortzen duenean, Psikologiako gradu berriari buruzko dokumentazio guztia erakunde Gizarte Kontseilura bidaliko du, Nafarroako Gobernuaren baimena lortu baino lehen. Gero, titulazio hori Unibertsitate, Ikastegi eta Tituluen Erregistroan erregistratzeko aginduko du Ministro Kontseiluak, eta, hala, gradu berriko ikasketa plana Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Lau ikasmaila eta hiru espezialitate
Psikologiako gradu berria NUPeko Osasun Zientzien Fakultatearen ardurapean dago, eta, ikasketa planak jasotzen duenez, 240 ECTS kreditu izango ditu (kanpo praktiketakoak barne), lau ikasturteri dagozkienak. Hiru aipamen edo espezialitate edukiko ditu: Psikologia Klinikoa eta Osasunarena, Hezkuntzaren Psikologia eta Psikologia Soziala eta Erakundeena. Lehen ikasmailan, sarbide berriko 60 ikaspostu eskainiko dira.
Unibertsitateen Kontseilura bidalitako txostenaren arabera, Psikologia gradua NUPen ezartzeko interesak Nafarroako Eskualde Garapenerako Estrategia (Foru Gobernuaren Espezializazio Adimendunerako Estrategia) du oinarri. Bestetik, nafar ikasle ugarik eskatzen dute titulazio hori egitea eta enplegagarritasun handia du. Ikasleak beste unibertsitate eta autonomia-erkidego batzuetara gehien bidaltzen dituen titulua da Psikologia. Horretaz gainera, Psikologiako tituludunek “enplegagarritasun-maila ona dute egun, batez ere osasun arloan, zerbitzu sozialen arloan eta hezkuntza arloan”, aipatu dokumentuak ezartzen duenez.
NUPek aurki ezarri nahi dituen hiru gradu hauei erantsi behar zaie gradu berria: Historia eta Ondarea, Nazioarteko Harremanak eta Lankidetza eta Medikuntza. Horrela erakunde nafarrak, ikasturte gutxi batzuetan, sortu zenetik egindako hezkuntza-eskaintzaren zabaltze handiena biziko du, 2018-2019 ikasturtean lau gradu berrietako ikasketak hasiko baitira: Bioteknologia, Datuen Zientzia, Zientziak eta Ingeniaritza Biomedikoa.