Joan eduki nagusira

zoom Itsaso Elizalde Beiras, NUPeko doktore berria

Itsaso Elizalde Beiras, NUPeko doktore berria

Asmak Nafarroako Erdialdeko haurren % 11,7ri eta nerabeen % 13,4ri eragiten die, eta datu horiek Iruñean eta inguruko herrietan antzemandakoak baino apur bat altuagoak dira, bertan portzentajeak % 10,1 eta % 10,6 baitira hurrenez hurren. Sexuari dagokionez, maizago ageri da asma nesken kasuan (% 13,7) mutilen kasuan baino (% 11,3). Itsaso Elizalde Beiras erizainak (Artaxoan jaioa) Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza tesian jaso dira datu horiek.

Asma haurtzaroko gaixotasun kronikorik ohikoena da, eta hainbat azterlanek ikertu dituzte gaixotasun horren prebalentzia (une jakin batean biztanleriaren zer portzentajek daukan) eta hari lotutako faktoreak. Hala ere, haurren eta nerabeen asmari buruzko ikerketa askok ez dute kontuan hartzen nekazari giroko biztanleria, bai ordea doktoretza tesi honek, Nafarroako Erdialdea izan baitu aztergai, Francisco Guillén Grima eta Inés Aguinaga Ontoso Osasun Zientzien Saileko irakasleen zuzendaritzapean. “Gutxi dira landa eremua aztertu duten ikerketak, eta horietako batean, Galizian, % 6,3ko prebalentzia detektatu zen haurren kasuan eta % 15,3koa nerabeen kasuan”, adierazi du Itsaso Elizaldek.

Asmaren sintomak

“Aztertutako biztanleriaren kasuan, gaixotasuna nabarmenki lotu zen asmaren sintomen presentziarekin, hala nola sibilantziak edo arnastean egiten diren soinuak, sibilantziak ariketa fisikoarekin batera, eztula eta eztul lehorra —esan du Elizaldek, zeinaren tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu baitu—. Sibilantzien agerpena bederatzi aldiz handiagoa izan zen ikasle asmatikoen artean asmarik ez zutenen artean baino. Izan ere, haurren % 22k eta nerabeen % 27,6k izaten dituzte oraintsuko sibilantziak. Halaber, asma duten ikasleen artean errinitisa edo sudurreko mukosaren inflamazioa asmarik ez dutenen artean baino hiru aldiz maizago agertzen dela egiaztatu zen.

Ikerketa egiteko, galdetegi estandarizatu baten bitartez (ISAAC, Haurtzaroko Asmaren eta Alergien Nazioarteko Ikerlanaren ingelesezko siglak) zeharkako azterlan bat gauzatu da landa eremuko 19 ikastetxetan (lehen hezkuntzako 16 eta bigarren hezkuntzako 3), hain zuzen Nafarroako Erdialdeko oinarrizko zazpi osasun eskualdetan: Allo, Artaxoa, Lizarra, Erriberri, Gares, Tafalla eta Villatuerta. Guztira berrogeitik gora udalerritako 797 ikaslek hartu dute parte, ikastetxeetako batzuk eskualde oso batekoak baitira.

Ikertzaileak ikastetxeetako zuzendari eta irakasleekin izandako harremanari esker egiaztatu duenez, hezkuntza komunitateak osasun gaietan daukan kezka handietako bat gaixo kronikoen arreta da, bereziki haur asmatikoena. Horri irtenbidea emateko, Elizaldek haurren asmaren aurrean nola jokatu behar den azaltzen duen gida bat proposatu du, zeina joan den udazkenean Madrilen egindako Eskola Erizaintzako Kongresuan aurkeztu baitzuen.

Ikertzailearen iritziz, “osasunerako hezkuntza oso garrantzitsua da ikastetxeetan, eta Nafarroako gizartean oraindik ere landu beharreko zerbait izaten jarraitzen du”. Elizaldek norabide onean emandako pausotzat jo du Nafarroako Gobernuak ikasturte honetan Mendillorrin eta Sakanan proba gisa abiarazi duen Eskola Erizaintzako programa.

Curriculum laburra

Doktoretzaren aurretik, Itsaso Elizalde Beirasek Erizaintzako Lizentziatura eta Gradua egin zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, baita Erizaintzako Zainketen Kudeaketako Masterra ere.

2008 eta 2012 bitartean Osasunbideko arlo mediko-kirurgikoan egin zuen lan, eta 2012az geroztik Lehen Mailako Arretan dihardu, bai pediatrian eta bai helduen arloan. Halaber, zenbait lan argitaratu ditu (horietako bi, eragin handiko aldizkarietan), eta ahozko komunikazioak eta posterrak aurkeztu ditu nazioarteko kongresu batzuetan.