Joan eduki nagusira

zoom Ion Navarro Amezketa, NUPeko doktore berria.

Ion Navarro Amezketa, NUPeko doktore berria.

Indar ariketa ahitu arte egiten ez bada, emaitza hobeak ematen ditu muskuluek huts egin arte errepikatzen denak baino. Hala ziurtatu du Ion Navarro Amezketa Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziadun eta Gorputz Hezkuntzako irakasle iruindarrak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri duen doktoretza tesian. Beraz, “bada garaia entrenamenduetako ‘No pain, no gain’ —minik gabe, ezin hobera egin— goiburu klasikoa aldatzeko, eta modernoagoa, burutsuagoa eta logikoagoa den bat ezartzeko, esaterako ‘No pain, more gain’ —minik gabe, askoz hobe—”, adierazi du ikertzaileak.

Navarrok aztergai izan du zer gertatzen den muskuluan, odolean eta indar eta potentzia muskularraren ekoizpenean osasuntsu eta egoera fisiko onean daudenek hanketako “press” ariketen saio bat (estentsio ariketa klasikoa) ahitu arte egiten dutenean (hamar errepikapeneko bost serie) eta ariketa bera errepikapenen erdiak eginez gauzatzen dutenean (bost errepikapeneko hamar serie). Bi kasuetan serieen arteko atsedenaldia berdina izan zen (bi minutu), baina beste parametro batzuetan, ordea, diferentziak antzeman ziren.

“Errepikapen gutxiagoko ariketak ez du ahitzen, eta horrek eragiten du adenosina trifosfatoaren (funtzio zelular gehienen energia-iturri nagusia den molekula) eta fosfokreatinaren (muskuluan energia gordetzeko balio duen beste molekula bat) erreserba muskularrak gutxiago erabiltzea eta energia-hornikuntzaren defizita eta muskuluan ekoizten den laktato kantitatea murriztea, ahitzea eragiten duen ariketarekin alderatuta —baieztatu du—. Halaber, ikus daiteke zelularen oreka energetikoa egonkor mantentzen dela ahitu gabeko ariketan; ahitu artekoan, berriz, desoreka eta perturbazio handiak izaten dira. Horrekin batera, saioan zehar potentzia muskularra galduz doa etengabe, eta horrek ahitzea eragiten du, baina beste ariketa motan, aldiz, potentziari eusten zaio, eta, are gehiago, serie batetik bestera areagotzeko joera dauka”.

Muskuluek huts egin gabe entrenatzea

Denbora luzez uste izan da goi mailako kirolean eta errehabilitazioan indarra handitzeko modurik onena zela serieak egitea ariketa batean muskuluek huts egin arte, hau da, ahitu arte. Hala ere, duela zenbait urtetik hona, ikertzaile batzuek beren buruari galdetu diote ez ote daitezkeen ondorio berberak lortu muskuluek huts egin arte gauzatzen ez diren indar entrenamenduen bidez. Nafarroako Gobernuaren Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan (CEIMD-KAIMZ) edo beste unibertsitateren batekin lankidetzan egindako zenbait ikerketak erakutsi duten moduan, ahitzen ez duen entrenamendu eredua zenbait astez egiten duten eliteko kirolariek nahiz afizionatuek ahitu arte entrenatzen direnek adina edo gehiago egiten dute hobera. “Horrek ondorio bat oso praktikoa dauka goi mailako kirolean eta lesioen errehabilitazioan; izan ere, argi uzten du indar eta funtzio muskularrak berdin edo gehiago hobetu daitezkeela ahitu arte entrenatu beharrik gabe”, adierazi du ikertzaileak.

Ion Navarrok CEIMD-KAIMZen egin du bere ikerketa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzietako doktoretza programaren bitartez eta Kanaria Handiko Las Palmaseko eta Bartzelonako unibertsitateekin lankidetzan, baita Kopenhageko (Danimarka) Muscle Research Centre erakundearekin ere, hots, mundu mailan ariketaren fisiologiari eta muskuluaren metabolismoari buruzko ikerketan garrantzirik handiena dutenetako batekin. Bere tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu zuen, Mikel Izquierdo Redín NUPeko katedradun eta Navarrabiomedeko (Nafarroako Gobernuaren eta NUPen arteko ikerketa biomedikoko zentroa) ikertzailearen eta Esteban Gorostiaga Ayestarán CEIMD-KAIMZeko zuzendari eta Espainian kiroleko medikuntzako espezialista handienetako bat denaren gidaritzapean.

Curriculum laburra

Doktoretza egin aurretik, Ion Navarro Amezketak Gorputz Hezkuntzako Irakasletzako titulazioa (2001) eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatura (2005) egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean.

Ikertzaile gisa, Nafarroako Gobernuko bekadun aritu zen Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan, hamabi argitalpen zientifiko egin ditu eta sei kongresu nazional eta nazioartekotan egon da.

Irakasle moduan, berriz, Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako Departamentuak antolatutako zenbait ikastaro eman ditu Irakasleei Laguntzeko Zentroaren bidez (ILZ), baita Nafarroako Gobernuko Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak CEIMD-KAIMZen bidez kirol teknikariei prestakuntza emateko antolatu dituen saio batzuk ere.

Gaur egun, Ion Navarrok irakasle elkartu dihardu NUPeko Osasun Zientzien Fakultatean, eta Gorputz Hezkuntzako irakasle Lehen Hezkuntzan.