Sistema osoarekiko elkarrekintzak kontuan hartu gabe lurralde bakar baten informazioa baizik erabiltzen ez duten eredu estatistiko ez-espazialek ez dute emaitza fidagarririk ematen. Globalizazioaren eta nazioartekotzearen gaur egungo testuinguruan, kutsatze eta gainezkatze efektuak gertatzen dira herrialdeen artean, eta toki jakin batean garatzen diren politika ekonomikoek eta merkatu politikek inguruko politika ekonomikoetan eragiten bukatzen dute. Ondorio hori eta beste batzuk eman ditu argitara Vicente Ríos Ibáñez ekonomialariak (Valentzia, 1985) Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri duen doktoretza tesian, zeinean tresna matematikoak aplikatu baititu eskualde eta udalerri mailan hazkunde ekonomikoaren determinatzaileen neurketa hobetzeko.
Neurketa horiek egiteko orduan, ikertzaileak ekonometria izeneko ekonomiaren adarra hartu du oinarri, hots, erlazio ekonomikoak zenbakiz adierazten dituena, matematika eta estatistika konbinatuz; eta, hain zuzen, ekonometria espaziala aplikatu du, hau da, zientzia horretan unitate desberdinen arteko elkarrekintza kontuan hartzen duen adarra.
“Kasu askotan, kutsatze efektuek eragiten dute politika ekonomikoan gertatzen ari dena. Zenbait ikerlanetan kalkulatu ditudan zeharkako efektuen tamaina aintzat hartuta, eskualdeek, banaka, aukera oso gutxi eta gaitasun oso txikia daukate beren etorkizuna definitzeko. Nafarroan gertatzen dena, Nafarroako Gobernuak garatzen duen politika ekonomikoaren mende baino gehiago, inguruko toki askotan gertatzen ari denaren mende dago. Horregatik, ekonomia batean gertatzen dena aztertzeko, elkarrekiko lotura posible horiek guztiak kontuan hartzen dituzten datuekin eta ereduekin doitu behar dira neurketak”, adierazi du Vicente Ríosek. Bere tesiak Roberto Ezcurra Orayen eta Pedro Pascual Arzoz Inarbe (Institute for Advanced Research in Business and Economics) institutuko ikertzaileak izan ditu zuzendari, eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.
Elkarren mendekotasuna
Ríosen iritziz, lurralde batean hartzen diren neurri politikoetako askok elkarren mendekotasuneko testuinguru bati erantzuten diote. “Adibidez, A udalerriak hurbileko herrietako biztanleak erakartzeko kiroldegi bat eraikiko duen ala ez erabakitzea inguruko herrietan hartzen ari diren erabaki politikoen mende dago —adierazi du—. Inguruko eremuetan zerbitzu hori eskaintzen ari ez badira, A udalerri horretako biztanleek egoerari onura atera ahalko diote, kontsumitzaile berriak erakarriz eta oinarri fiskala areagotuz. Zergen inguruko erabakien kasuan antzeko zerbait gerta daiteke. Elastikotasunak ahalbidetzen badu, politikari batek aukera dauka bere eskumeneko zergak murrizteko kanpoko biztanle gehiago erakartzeko eta, modu horretan, diru gehiago biltzeko. Testuinguru horretan, inguruko gobernuak behartuta egon litezke zergak jaistera beren zergapekoei eutsi eta ditu sarreren galerak saihestu ahal izateko, eta, azken batean, zergen tasak beheratuko lituzkeen beherakako lehiaketa bat abiaraziko lukete. Halako estrategiazko elkarrekintza geografiko publikoak agerikoak dira gauzatzen diren ekintza askotan”.
Ikertzailearen ustez, gainera, elkarrekintza politiko eta geografikoek gobernuen eta eskualdeen mimetizazioa eragin dezakete, eta horrek, zenbaitetan, independentziarik eza izaten du ondorio. “Alkaterik ahulenek ondoko herrietako alkateek egiten dutena kopiatzeko ohitura daukate botorik ez galtzeko. Herritarren babes handiagoa daukatenek, aldiz, beren erabakiak har ditzakete independentzia handiagoa daukatelako, eta hori espazioan des-korrelazionatutako politika fiskaletan islatu ohi da”, erantsi du.
Informazio oso zehatza
“Nire lana zera izan da: algoritmo matematiko eta estatistikoen bitartez, aldagai ekonomikoen artean dauden erlazioak doitasun handiagoarekin ikusteko beharrezkoak diren datu tratamendurako jarraibideak garatzea”, azaldu du Vicente Ríosek.
Bere metodologia aplikatzeko, memoria eta gaitasun konputazional handiko ekipo informatiko bat erabili du. “Funtzionamendua, batzuetan, ‘big data’ delakoaren antzekoa da: datu eta aldagai ugari sartzen dira eta milaka —edo bilioika— eredu kalkulatzen dira, datuetan ikusten dugun horren benetako eragileak izateko probabilitate handiena duten patroiak zeintzuk diren detektatzeko —adierazi du—. Denbora-serieen analisi hutsean edo estatikan oinarritutako analisi ekonomikoak saihestea da helburua, eta neurketetan dinamika eta espazioa barne hartzen dituzten tekniken aldeko apustua egitea”.
Ikerketan Espainiako udalerriak eta Europako eskualdeak aztertu badira ere, metodologia hori herrialdeetara estrapolatzeko asmoa dago. “Globalizazioak herrialdeen arteko komunikazio eta elkarren mendekotasun gero eta handiagoa ekarri du berekin. Gaur egun, Estatu Batuetan, Frantzian edota Alemanian gertatzen den guztiak eragin politikoa, ekonomikoa, teknologikoa edo soziala izaten du gugan, eta, hizkuntza edo kultura bera daukaten herrialdeen kasuan, erlazioa are handiagoa da. Horregatik, nire hurrengo eginkizuna herrialdeetako datuen bidez mundu mailako erlazioen eredu bat sortzea da, merkataritza, finantza, kultura eta genetikako fluxuen konektagarritasun matrizeak baliatuz”, gehitu du azkenik.
Curriculum laburra
Vicente Ríos Ekonomian graduatua da Valentziako Unibertsitatean, Macroeconomic Policy and Financial Markets (Politika Makroekonomikoa eta Finantza Merkatuak) masterra egin zuen Barcelona Graduate School of Economics erakundean (Pompeu Fabra Unibertsitatea eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa), eta Finantza Tresnetako eta Merkatuetako masterra Universidad Oberta de Cataluña instituzioan.
Ríosek praktiketako irakasle gisa lan egin du La Caixaren Ikerketa Zerbitzuan Bartzelonan eta Paraguaiko Banku Zentralean. Paraguain, eskolak eman zituen Negozioen Administrazio Eskolan (EDAN). Halaber, zenbait azterlan argitaratu ditu. Gaur egun, Vicente Ríosek laguntzaile doktore dihardu Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Sailean.