Joan eduki nagusira

zoom Andrea Ollo (ezk.) eta Salomé Goñi ikertzaileak, NUPeko Gurbitzak eraikinean

Andrea Ollo (ezk.) eta Salomé Goñi ikertzaileak, NUPeko Gurbitzak eraikinean

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) bi ikertzailek egindako artikulu bat, “Differences in work-family conflict: which individual and national factors explain them?” izenekoa, bost finalisten artean gelditu da Purdue Unibertsitateak (Estatu Batuak) Lanari eta Familiari buruzko Ikerketako Bikaintasuna aintzatesteko ematen duen Rosabeth Moss Kanter sariaren aurtengo edizioan. Salomé Goñi Legaz eta Andrea Ollo López Enpresen Kudeaketa Saileko irakasle eta INARBE (Institute for Advanced Research in Business and Economics) institutuko ikertzaileek aztergai izan dute zer-nolako ezberdintasunak eragiten dituzten faktore kulturalek Europako herrialdeetan lanaren eta familiako arduren arteko kontziliazioari dagokionez. Ikertzaileek beren lanean ondorioztatu dutenaren arabera, ongi definitutako arauak dauzkaten gizarteek kontziliazio maila hobeak agertzen dituzte, arauok etorkizunari buruzko ziurgabetasuna arintzen laguntzen duten aldetik, bereziki herrialde eskandinaviarretan eta anglosaxoietan gertatzen den bezala.

Epaimahaiak aintzat hartu du egileek ikuspuntu original bat aplikatu izana lanaren eta familiako arduren arteko kontziliazioaren gaiari. Lanaren eta familiaren arteko loturak ulertzeko modu ezberdinak azaltzeko, banakoen arteko aldeak edo babes sozialerako sistemak analizatu beharrean, NUPeko bi ikertzaileek herrialde bakoitzeko kultura aztertu dute, hots, gizarteek partekatzen dituzten balio eta sinesmenak. Horretarako, Europako hogeita hamarren bat herrialdetako datuetan oinarritu ziren.

Artikulua Routledge argitaletxearen “The International Journal of Human Resource Management” aldizkarian kaleratu da, eta bost talde handitan sailkatzen ditu Europako herrialdeak, familiaren eta lanaren arteko erlazioaren arabera (eskandinaviarrak, anglosaxoiak, Erdialdeko Europakoak, Mediterraneokoak eta Ekialdekoak), eta haien arteko diferentziak azaltzen ditu: Mediterraneokoek eta Ekialdeko Europakoek kontziliatzeko zailtasun handiak dituzte, eskandinaviarrek ez bezala.

“Familiak eta lanak eskatzen duten ardura-maila murrizteak bidea ematen du hobeki kontziliatzeko –diote ikertzaileek artikuluan, zeina Hezkuntza Ministerioak finantzatutako ikerketa proiektu baten parte baita–. Faktore kultural nazionalek kontziliazioan daukaten eragina kontuan hartuta, hura errazteko, gobernuek eta enpresek politika berriak eskaini eta diseinatu beharko lituzkete, pertsonei beren bizitzen alderdiak bateratzen saiatu beharrean horiek banantzeko aukera emateko”.

2.500 artikuluren berrikuspena

Sariaren epaimahaia hirurogei ikertzailez osatuta zegoen, eta ingelesez argitaratutako mundu osoko 83 aldizkari zientifikotako 2.500 artikulu aztertu zituen. Hiru hautaketa prozesu egin eta gero, bost finalista aukeratu zituzten (horien artean, NUPeko ikertzaileen artikulua). Irabazlea “The interplay of work and family trajectories over the life course: Germany and the United States in comparison” izeneko artikulua izan zen, New Yorkeko Yeshiva Unibertsitateko (Estatu Batuak) Silke Aisenbrey eta Berlingo Humboldt Unibertsitateko (Alemania) Anette Fasang ikertzaileek “American Journal of Sociology” aldizkarian argitaratutakoa. Sariketaren emaitza Lanari eta Familiari buruzko Ikerketen Sarearen (WFRN, ingelesezko siglen arabera) urteroko biltzarrean jakinarazi zen, Washingtonen (Estatu Batuak).

Indianako Purdue Unibertsitateko Familiei buruzko Ikerketa Zentroak urtero banatzen du Lanari eta Familiari buruzko Ikerketako Bikaintasuna aintzatesten duen Rosabeth Moss Kanter saria, Boston Collegeko Lanari eta Familiari buruzko Zentroaren laguntza ekonomikoarekin, mundu akademikoan gai horri buruzko ikerketa-artikulurik onena argitaratzen duten egileak saritzeko. Izen hori Harvard Unibertsitateko (Estatu Batuak) Negozio Eskolako irakasle baten omenez eman zitzaion, zeina estrategian, berrikuntzan eta aldaketarako lidergoan aditua, zenbait gobernuren aholkularia eta hainbat liburu arrakastatsuren egilea izan baita.