Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ontzat jo du Ottawako (Kanada) Carleton Unibertsitatearekin sinatutako mugikortasun programa, 2016 eta 2018 bitartean ikasleak, irakasleak eta administrazioko langileak trukatzera bideratua egon dena. Programak hamalau trukaketa finantzatu ditu guztira, eta indartu egin du 2007an aldebiko hitzarmen baten bidez bi instituzioen artean abiarazi zen harremana.

Begoña Ballaz Torres NUPeko Nazioartekotze eta Lankidetza Ataleko arduradunak Carleton Unibertsitatearen garrantzia azpimarratu du; izan ere, 2017an, Kanadako orotariko unibertsitateen artetik bosgarren postuan sailkatu zuen Maclean's aldizkari espezializatuak. “Proiektu honi esker, elkarrekiko interesa berraurkitu dugu, eta horrek erraztasunak emango dizkigu Europako finantzabidetik haratago lanean jarraitzeko”, adierazi du Ballazek.

Programa indarrean egon den bi urtean hamalau trukaketa egin dira; horien artean, sei hilabeteko bost egonaldi NUPeko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko nazioarteko graduetako ikasleentzat eta ikasturte osoko bi egonaldi Kanadako bi ikaslerentzat, horiek ere Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako (EAZ) eta Marketineko graduetakoak. Bi ikasle horiek, Emily Gray eta Amanda Lynch izenekoek, beren esperientzia bideo batean azaldu dute, zeina NUPen YouTube kanalaren esteka honetan ikus baitaiteke: http://bit.ly/2uv4RPQ

Era berean, arlo akademikoko eta instituzionaleko zenbait trukaketa finantzatu dira, prestakuntza emateko eta proiektuari segimendua eta iraunkortasuna emateko helburuz.

Sustapena Kanadako unibertsitateetan

zoom Emily Gray (ezk.) eta Amanda Lynch kanadar ikasleak protagonista dituen bideoaren fotograma bat.

Emily Gray (ezk.) eta Amanda Lynch kanadar ikasleak protagonista dituen bideoaren fotograma bat.

Duela gutxi, Begoña Ballaz bisitan egon da Kanadako beste bi unibertsitatetan, hots, Concordia Unibertsitatean eta Montrealekoan, NUPek nazioarteko ikasleentzat dauzkan ikasketen eskaintza sustatzeko. Helburua nazioarteko baterako proiektuak ezartzea da, baita bi herrialdeen arteko harreman instituzionalak indartzea ere.

Bisitaldian ezagutzera eman dira, hain zuzen, graduko, masterreko eta doktoretzako programa ofizialak, ingelesezko irakasgaien English Friendly eskaintza, Study Abroad programak, Spanish Bridge Course ikastaroa eta Espainierako, Kulturako, Marketineko eta Turismoko Masterra, zeinak berariaz diseinatuta baitaude nazioarteko ikasleentzat. Bestalde, aukera dago instituzioen arteko elkarlanean aritzeko, Erasmus+ programaren babespean.

Concordia Unibertsitate anglofonoa Montrealen dago, Quebec probintziako hiriburuan, eta 40.000 ikasletik gora dauka. 50 urtetik beherako unibertsitateen artetik, munduko 150 onenen artean dago, “The Times” egunkariak goi mailako hezkuntzari buruz egindako sailkapenaren arabera.

Bestalde, Montrealeko Unibertsitate frankofonoak ia 50.000 ikasle ditu, eta lankidetza estua mantentzen du NUPekin Osasun Zientzien Fakultateko graduetako eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduko ikasleak trukatzeko. Horrez gain, gaur egun plan bat diseinatzen ari da instituzioen arteko hezkuntza berrikuntzako proiektuetan parte hartzeko, Erasmus+ programaren barruan. Montrealeko Unibertsitatea Kanadan nazioartekotze handiena duten unibertsitateetatik laugarrena da, “The Times” egunkariaren aipatu sailkapenaren arabera.