Joan eduki nagusira

zoom Sonia Iturain, NUPeko doktore berria.

Sonia Iturain, NUPeko doktore berria.

Hezkuntza estilo demokratikoak, eta ez estilo autoritarioak eta/edo permisiboak, bai eta komunikazio asertiboa ere, egoki ageri dira jokabide arriskutsuren bat daukaten nerabeentzako prebentzio programetan dauden familientzat. Ondorio horiek eta beste batzuk atera ditu Sonia Iturain Jiménez de Bentrosa psikologo eta gizarte-langileak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu berri duen doktoretza tesian, zeina Unibertsitateko Osasun Zientzien Saileko Javier Fernández Montalvo eta José Javier López Goñi irakasleak izan ditu zuzendari.

Ikerketaren izenburua “Jokabide arriskutsuren bat daukaten nerabeentzat zuzendutako prebentzio programetan familiarekin egindako esku hartzearen ondorioen ebaluazioa” da, eta aztergai izan ditu 2012 eta 2016 bitartean zenbait prebentzio programaren erabiltzaile izan diren 373 gurasoren datuak, hain zuzen Nafarroako Gizakia Helburu Fundazioko Suspertu eta Bizkaiko Gizakia Fundazioko Hirusta programetako erabiltzaileenak. Lehenbiziko programa hori 13 eta 20 urte bitarteko gazteei eta beren gurasoei dago zuzenduta, eta datu gehienak hari dagozkio, 229 gurasoko lagina eman baitzuen (105 aita eta 124 ama); bigarren programakoa, aldiz, 144 pertsonak osatu zuten (63 aita eta 81 ama).

Azterlanaren diseinuari dagokionez, gurasoei hasierako ebaluazio bat egin zitzaien programei ekitean, beste bat bukatutakoan eta hirugarren bat hortik sei hilabetera. Ikerketaren emaitzak bi bloketan multzokatu ziren: lehenengoak bi programetako batean parte hartu zuten aita-amen ezaugarriak deskribatzen zituen (ezaugarri soziodemografikoak, hezkuntza estiloak, komunikazio estiloak eta kondizio psikopatologikoen agerpena), eta bigarrenak lortu ziren emaitzak zeuzkan ardatz (hezkuntza aldaerei eta erasan psikologikoaren mailari erreparatuz).

Hezkuntza estilo demokratiko bat babesa emateko

Ikerketak agerian jarri du gurasoek hezkuntza estilo demokratiko bat hartzeak babesa duela ondorio. Estilo permisibo bat, aldiz, estilo autoritario bat baino are okerragoa da. Familien ezaugarri soziodemografikoen inguruan, egileak nabarmendu du “gurasoen profil oso normalizatu bat” aurki daitekeela, eta, guraso bakarreko familien artean, gehiago direla ama etxeko buru dutenak aita dutenak baino.

Komunikazio estiloei dagokienez, azterlanak azpimarratu du egokienak estilo asertiboak direla, ez ordea komunikazio pasibo erasokorra, zeina lotuta baitago, gainera, gurasoen sintomatologia psikopatologikoaren maila handiagoekin. Alde horretatik, aipatu beharra dago, ikerketak erakutsi duen bezala, aztertutako gurasoek herritar arruntek baino kondizio psikopatologiko larriagoa izaten dutela, batez ere amek (porrotaren sentipena, autoestimu txikia, aldarte depresiboa eta antsietate maila handiak). Horrekin batera, “seme edo alaba nerabeekiko gatazkek bikoteko gatazka bat eragin dezakete, eta egoera larriagotu”, nabarmendu du egileak. Gainera, “gatazka horiek bikotearen isolamendu sozialarekin lotzen dira, elkarreragin soziala eta ohiko aisialdi jarduerak alde batera uzten baititu”, erantsi du.

Gurasoen estresari dagokionez, ikerketan ondorioztatu da beren rola estresagarria dela nabaritzen duten gurasoek sintomatologia eta erasan handiagoak agertzen dituztela bizitzako eremu askotan. Hala ere, rola atsegingarritzat jotzeak babesa sentiarazten die. Nolanahi ere, azterlanak agerrarazi du aita-ama horiek moldatu ezina erakusten dutela bizitzako esparru guztietan, eta gaitz hori handiagoa dela amen kasuan.

Ikerketaren egileak adierazi duenez, ikuspuntu aurresale batetik, parte-hartzaileen adina ere kontuan hartu beharrekoa da; izan ere, guraso gazteenek erraztasun handiagoa daukate hezkuntza estilo demokratiko bat eta estres gutxiagoko eta atsegin handiagoko eginkizun bat bereganatzeko.

Azkenik, aztertutako programek izan dituzten emaitzei dagokienez, ikerketan ondorioztatu da programa horiei jarraitzea lagungarria dela gurasoek hezkuntza estilo demokratikoagoa eta komunikazio asertiboagoa bereganatzeko; izan ere, bi alderdi horiek “erabakigarriak dira familiaren arloan nerabezaroko jokabide arriskutsuei aurrea hartzeko”, adierazi du egileak. Horrez gain, eta ondorio modura, programetan parte hartzeak asko murrizten ditu sintoma psikopatologikoak eta egokitasunik ezak.

Ikertzailearen curriculum laburra

Sonia Iturain Jiménez de Bentrosak Gizarte Laneko diplomatura egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan (2008), eta, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean (UHUN), berriz, Gizarte Hezkuntzako diplomatura (2013) eta Psikologiako gradua (2015) lortu zituen. Gizabanako, Familia eta Taldeekiko Esku-hartze Sozialeko Unibertsitate Masterra egin zuen NUPen (2010), baita Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterra ere UHUNen, Prestakuntza eta Laneko Orientazioa espezialitatean (2016).

2009az geroztik, Sonia Iturainen lana lotuta egon da Gizakia Helburu Fundazioko Suspertu programari, eta bertako zuzendari izan zen 2015 eta 2017 bitartean. Programak 13 eta 20 urte bitarteko gazteen jokabide arriskutsuei aurrea hartzen eta gurasoei laguntza ematen die, norberaren, familiaren, eskolaren eta gizartearen alorretan, eta prebentzio orokorra lantzen du ikastetxeetako aholkularitzaren eta prestakuntzaren bitartez. Gaur egun, programa horretako nerabeen terapeuta gisa dihardu lanean, eta familiako terapeuta ere aritu zuen 2009tik 2015era.